Joxean Mujika. Arkeologoa

«Zuloak egitea ez ezik, hutsuneak betetzea ere bada arkeologia»

Arkeologo maisuen oinordekoa eta arkeologo belaunaldi askoren irakaslea da Mujika. Induskatu zuen historiaurreari buruzko lexikoa, induskatu du gazteenen harrobia, eta induskatu du Aralar. Erretiroa urruti ikusten du oraindik: «Badago oraindik zer deskubritua».

JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Beasain
2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Bilatzea omen da bata, eta aurkitzea bestea. Joxean Mujikarekin (Beasain, Gipuzkoa, 1957) arkeologiaren egitekoez aritzeak balio du, ordea, bi prozesuen balioaz jabetzeko. Historialaria, historiaurrean aditua, Aranzadiko kide izana eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea egun, Gasteizen. Bilatzeei eta aurkitzeei buruzko jardun bat da hau. Beasaingo Igartzan izan da zita.

Igartza gune hau nolakoa zen zure haurtzaroan?

Aitak Indar enpresan egiten zuen lan, eta hemen zegoen enpresa orduan. Inguru honen bueltan, Igartza jauregiaren atzeko partean, baratze mordo bat zeuden garai hartan, eta aitak baratzea zuen han. Hemendik pasatzen ginen: zubia igaro, eta askotan egiten genuen buelta izaten zen. Zer egiten zuen ikusi, eta ikasi [pasieran pasatu da aita, Mujikaren koinatuak lagunduta, eta elkar agurtu dute].

Nolako haurra izan zinen?

Kuriositate handikoa nintzela esan daiteke.

Zuen etxeko entziklopedia batek eta Jose Miguel Barandiaranen bildumak dute erru guztia?

Nondik atera duzu hori? Horixe izan zen! Entziklopedia hura, Barandiaranen lanak... irakurtzen nituen. Mitologiari buruzkoak, edo bestelakoak. Historiara zaletzen orduan hasi nintzen.

Eta arkeologiara?

Arkeologian askotan gertatzen da ez dela horrenbeste irakurtzen duzuna, baizik eta ikusten duzuna. Mendira joan, gauzei erreparatu, aitari galdetu: «Hau zer da? Bestea zer da?». Gauzak barneratuz joaten zara, hortik hasten zara.

Aitarekin asko ibiltzen zinen mendian?

Asko. Aizkorri aldera, Altzania aldera, Aralar aldera...

Hark ere bazuen horrelakoen inguruko interesa?

Artzain ibili zenez, gauza asko ezagutzen zituen. Haren azalpenek argitzen zizkizuten askotan zuretzat harri pila bat baino ez zirenak. Tokiak ulertzen laguntzen zizun, landaretza ezagutzen...

Barandiaran bazenuen erreferente gisa?

Ez dut uste kasualitatea denik Goierri aldean arkeologiaren inguruan hainbat jende mugitu izana. Nahi eta nahi ez, zure zaletasuna izateaz gain, gauza batzuk entzuteak, irakurtzeak... pentsatzen dut bideratzen zaituela gai horietara edo beste batzuetara.

Ezagutu zenuen aurrez aurre?

Bai. Akordatzen naiz nola eman behar zuen hitzaldi bat Beasainen, baina ez zuen ematerik izan, ez zegoelako biltzeko eskubiderik; salbuespen egoera zegoen ezarrita. Historia egiten hastera nindoan, eta berarengana joan nintzen Ataunera, zer egin eta norengana jo galdezka. Aranzadira bideratu ninduen. Han hasi nintzen indusketetan eta lanean. Gerora, tarteka-tarteka, berak induskatutako aztarnategiei buruzko informazioa behar banuen, berarengana jotzen nuen.

Nolakoa zen?

Oso pertsona atsegina zen; gertukoa. Pentsatu nahi dut ilusioa egingo ziola ikusteak gu bezalako gazte batzuek bazutela interesa gai horien inguruan.

Izan ere, Beasainen moduko herri industrial batean, lantokietan lana eskura izanda, Historia ikastea erabaki zenuen. Nolatan?

Buelta asko eman ostean. Irteera garbirik neronek ere ez nuen ikusten. Ez nintzen joan pentsatuz «Arkeologia egingo dut», baizik eta «Historia egingo dut eta gero gerokoak». Neurri handi batean, Aranzadiren gisako elkarte bat egoteak eta han orduak sartzeko aukera izateak, material batzuk esku artean izateak, horrek sortzen duenak... horrek denak eraman ninduten bide honetatik.

Hezurrezko lanabesei buruzkoa izan zen zure tesia. Irakaskuntzara nola iritsi zinen? Historia eta historiaurrea, eta euskaraz. Izango zen lanik?

Bazegoen, bai, lana. Historiaurreari buruzko lexikoa berezia da. Nola hasi? Pausoka-pausoka. 1983an bazegoen asmoa historiako hiztegi bat egitekoa —Joseba Intxaustik-eta, UZEIn—. Niri historiaurrea interesatzen zitzaidan. Martxel Aizpurua, Charo Ibañez, Carlos Olaetxea... hasi ginen Arkeoikuska aldizkaria euskarara itzultzen, nahiz eta ez ginen itzultzaile profesionalak. Hiru bat urtez aritu ginen horretan, eta saiatu ginen hitzak modu sistematikoan erabiltzen.

Frantsesez eta gazteleraz zegoen ia dena?

Bai. Hitz asko zeuden bi eratara erabiltzen zirenak, esanahi bat baino gehiago zutenak, eta hor egin genuen lanketa.

Ijekiak, aurpegibikoak... Ordukoak dira?

Bai, baina, ordurako, Barandiaranek-eta erabiltzen zituzten. Hitz bakoitza zer zentzutan erabili behar zen: hori zehaztu genuen guk.

Zenbat arkeologo pasatu dira zure eskuetatik?

Indusketetan, jende asko, ehunka, baina benetan arkeologiaren gaineko interesa adierazten dutenak ez dira horrenbeste izaten. Askok aurkikuntza baten berri izaten dute telebistan, eta horrek pizten die interesa. Indusketa bertatik bertara ezagutzen dutenean, ordea, esaten dute: «Engainatu egin naute».

Badago arkeologiaren inguruko halako mito eder bat?

Bai, arazoa zera da: ezohiko gauza bat aurkitzea izaten dela albiste. Arkeologiaren ikuspegiak beste bat izan behar luke, baina errazago saltzen da hori, eta ez bestea.

Eta zein da bestea?

Balio duena informazioa topatzea da. Objektu batzuk izango dituzu, baina objektu horiek oso arruntak izan litezke, eta hutsuneak osatuz joan behar da. Garai asko eta arlo asko daude oso ezezagunak. Garai historikoetan dokumentazioa badago, baina dokumentazio hori oso mugatua izaten da, eta ez da sartzen xehetasunetan. Adibidez: Hemen, Igartzako ola honetan, induskatutako materiala egongo da, baina ez da esango egurra moztera ez dakit nora joaten zirela, txondorrak ez dakit non egiten zituztela... Gauza arruntago horiek ez dira agertzen, eta hori arkeologiaren bidez egiten da.

Udako indusketak aipatu dituzu. Horretan sekulako lanketa egin duzu. Transmisioak kezkatzen zaitu?

Bai, eta asko. Ez horiek gerora arkeologian jarraituko dutelako, baizik eta ikastetxe batera klaseak ematera joaten badira, gutxienez ikasleei kontatzen dietenak zentzua izan dezala, beraiek bizi izan duelako. Behintzat badakite zer kontatu. Arazoa da indusketetara joaten den jendearen artean jarrera ezberdinak egoten direla.

Izango dituzu pasadizoak.

Eta kontatzekoak ez direnak, asko [barrez].

Aralar al da zure kutuna?

Neurri handi batean, bai. Erabaki nuenean inguru hartan gehiago sakontzea, garai hartan inor ez zebilelako erabaki nuen; beste ikuspegi batetik landu nahi nuelako. Trikuharrietan bakarrik gelditu beharrean, bada, esaten duzu: hemen jendea bizi izan zen garai hartan, eta ondoren ere bai. Bakarrik trikuharriak aipatzea triste samarra da, eta miatzen hasi behar duzu, lantzen. Ez ni bakarrik: Alfredo Moraza, Jaione Agirre, Asier Olazabal, Etor Telleria eta beste batzuk joaten ginen, eta miatzen genuen. Momentu hartan zeneuzkan baliabideekin, eta orduan zenekienarekin. Hori baita beste gauza bat: nik orain dakidana ez nekien duela 30 urte. Eta sakontzen hasten zara gai jakin batzuetan, edo inguru batzuetan. Eta konturatzen zara hasieran egin zenuen lan hari asko falta zaiola.

Hutsuneak betetzen?

Zuloak egitea bakarrik ez, hutsuneak betetzea ere bada arkeologia. Eta hutsune asko daude. Kontuan hartu Aralarri buruz dokumentazioa, beste aipamenen bat kenduta, XIV. mendetik honakoa dela. Aurreragoko dena hor dago, eta inork ez daki ezer. Arkeologiarekin hauxe gertatzen da: uste asko hankaz gora jartzen dituela. Ezustean aurkikuntzak egiten direla eta:«Hara! Nola da posible? Lehen ez zeuden». Bada bai, bazeuden, baina ez zenekien bilatzen. Horiek ez dira zure parean jartzen altxatu eta esanez «hemen gaude». Konturatu behar duzu hori hor dagoela.

Badago oraindik zer deskubritua?

Bai, noski badagoela. Niri, adibidez, ilusiorik handiena ez didate egin topatutako tresnek. Adibidez, esaten zen baratzeak edo harrespilak Leitzaranen bukatzen zirela, eta Aralarren lau topatu ditugu, eta egongo dira bastante gehiago. Baina lau horiek topatu ditugu lana eginez, eta zortea lagun. Halako batean, gai ezberdinak landuz, topo egin duzu egitura horiekin, ez horien atzetik zenbiltzalako. Eta horrek ilusio handia egiten dizu.

Beti izan duzu zuk paisaiari buruzko halako kezka bat. Aralarko paisaia arriskuan dago?

Gaur egungo egoera ez da duela 6.000 urtekoa, baina natura ez da batzuetan larrea bakarrik izaten. Parke naturala den neurrian, beste aberastasun batzuk ere ikusi nahi dituzu. Eta horietako bat da, esaterako, zuhaitzen aniztasuna, espezieen aniztasuna... Espero ez genuela topatu ditugu Beaskinen, 1.100 metroan, egurrak, ikaztuak, haritzarenak. Eta esaten duzu: garai batean zuhaitz horiek hemen izan ziren, eta aurretik burutik ez zaizu sekula pasatu. Uste dut hori ere zaindu behar dela, eta egiten ditugun aldaketek askotan ez dutela atzera-bueltarik; eta bastante gehiago pentsatu beharko litzatekeela neurri batzuk hartu eta bide batzuk egiteko orduan. Beste irteera batzuk ere egon daitezke, bideak egitea eta bideak egitea ez direnak.

Sekula baino jende gehiago matrikulatzen da orain Historian?

Bai. 120 bat ditugu orain. Hasiera hartan, ez ziren inondik ere hainbeste izaten. Orain, gehiegitxo.

Hortik arkeologoak zenbat?

Inor gutxi. Gainera, arkeologian sartu nahi dutenek zailtasun handiak dituzte. Administrazioan alor horretan oso jende gutxik egiten du lan, eta haien jarduna ondarea kudeatzea da, baina bestelako lanak egiterakoan zailtasun handiak daude. Gainera, zer gertatzen da? Historian izena ematen duten askok hirugarren aukera gisa ematen dutela. Hor aldatu egiten da kontua. Historia hirugarren aukera gisa aukeratu duenak ez dakit nik zenbaterainoko zaletasuna zuen. 120tik hamar egongo dira zaletasuna dutenak; besteak, berriz, zalantzak zituztenak izango dira... Gutxik izaten dute garbi zein den norberarentzat aukerarik onena.

Hurrengo proiektua?

Nire proiektuak jada bukatu dira. Esku artean ditudanak amaitu, eta ez dut uste gauza berrietan hasiko naizenik.

Erretiroa?

Hori beste kontu bat da. Erretiratu ez, baina garbi daukat epe luzerako proiektuetan ez naizela hasiko. Esku artean ditudanak amaitzea ez litzateke gutxi.

Zeintzuk dira?

Aralarren badut lana oraindik. Eta Mendaroko Aizkoitxo kobako lanak argitaratu beharra daukat. Munibe taldearekin egin ditugu, eta haiekin gabiltza Astigarragako koban ere. Lana ematen duen koba bat da, ez da ikusgarri horietakoa, baina bai interesgarria.

Ikusgarri hitza aipatzen duzunean, aditzera eman nahi duzu arkeologia ere ikuskizun ari dela bihurtzen?

Objektuen atzetik bazabiltza, bildumagile bat baino ez zara, neurri handi batean. Kontua da beste informazio mota bat ematea, osatzea. Objektu batzuk ez dira testuinguru garbietan azaltzen, baizik ezustean, eta hori problema bat izaten da. Interpretatu behar dena ez da objektua bakarrik: testuinguru egokian jarri behar da, eta horrek du balioa.