Itzulia, duela 11 urte

Zaharrena irabazle

Euskal Herriko 50. Itzuliko azken etapa, BERRIAn (2010-IV-10). BERRIA
mikel rodriguez
2021eko apirilaren 9a
23:03
Entzun

Euskal Herriko 50. Itzuliko etapa erabakigarria jokatu zuten 2010eko apirilaren 10ean, duela 11 urte: 22 kilometroko erlojupekoa, Orion hasi eta buka. Eta lasterketa ezin estuago ailegatu zen azken egunera: sailkapen nagusian Alejandro Valverde espainiarra lider, eta segundo bakarrera Chris Horner estatubatuarra. 38 urteko amerikarrak etapa irabazi eta zortzi segundoko aldea atera zion Valverderi.

Hornerrek bi marka ezarri zituen: Itzuliaren historiako irabazlerik zaharrena da, eta lasterketa hori irabazi duen Europaz kanpoko lehenbiziko txirrindularia izan zen. Hain zuzen, urte batzuk geroago Valverde bihurtuko zen Itzulia irabazi duten ziklistarik zaharrenetan bigarrena (2017an, 37 urte betetzear zituela), eta Europakoa ez den bertze txirrindulari batek ere irabaziko zuen lasterketa (Nairo Quintana kolonbiarrak, 2013an).

Bi ziklistaren arteko buruz burukoa izan zen 2010eko Itzulia, baina Valverderen izena palmaresetik ezabatu zuten. Itzulia bukatu eta hilabete eta erdira TAS Kirola Arbitratzeko Auzitegiak bi urtez lehiatzea debekatu zion dopinaren aurkako Puerto auzian zerikusia zuela ebatzita, eta 2010eko lorpen guztiak kendu zizkion. Horien artean zeuden Itzulian irabazitako bi etapak, maillot horia soinean jantzitako lau egunak, eta azken podiumeko bigarren postua.

Errepidean ikusitakoa estatistiketatik ezabatu zenez, Hornerren gibeletik sailkapen nagusiko bigarren tokian ageri da euskal ziklista bat: Beñat Intxausti muxikarra. 24 urterekin, Itzuli bikaina osatu zuen. «Hazten ari da Beñat; etorkizun oparoa dauka, eta berak bakarrik lortu du podiumera igotzea. Zorionak, chapeau benetan», kontatu zuen lasterketa korritu zuen bertze txirrindulari batek, Juanma Garate irundarrak, BERRIAko Guadalupetik zutabean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.