Gimnastika artistikoa

Simone Bilesek bakarkako finalean ere ez du parte hartuko

Gimnastak azaldu du bere osasun psikologikoan jarri nahi duela arreta: «Atletok gure ongizatea babestu behar dugu, eta ez egin soilik munduak guk egitea nahi duena».

Simone Biles, atzo, taldekako proba utzi eta gero. HOW HWEE YOUNG / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko uztailaren 28a
10:33
Entzun

Simone Bilesek ez du defendatuko bere titulua bakarkako lehiaketa orokorrean. AEBetako selekzioaren izarrak utzi egin zuen emakumezkoen gimnastika artistikoko taldekako finala atzo, lehen ariketa, hau da, jauzikoa egin eta gero. Hasieran, orkatilako arazoa zela esan zuten, baina egia berehala hasi zen hedatzen: Bilesek antsietatea zuelako utzi zuen lehiaketa.

Lehenbizi, banakako lehiaketan parte hartuko zuela esan zuten, baina gaur jakinarazi dute ezetz. Erabaki hori hartu dute osasun azterketa bat egin ostean, non gimnastak dituen arazoak baieztatu diren. AEBetako gimnastika taldeak, komunikatu baten bidez, adierazi du Bilesen erabakia babesten duela, eta «bere ongizateari lehentasuna emateko erabaki ausarta» txalotzen duela: «Beste behin, Bilesen adoreak gogorarazi digu zergatik den eredu guretzat».

Bilesek prentsaurreko batean azaldu zituen bere erabakiaren arrazoiak: «Egin nuen proba egin eta gero, ez nuen jarraitu nahi. Nire osasun psikologikoan jarri behar dut arreta: atletok gure ongizatea babestu behar dugu, eta ez egin soilik munduak guk egitea nahi duena», esan zuen. Sare sozialetan biralak egin dira hitz horiek.

Biles sailkatuta dago igandetik asteartera jokatu diren beste lau finaletarako, baina ez dute jakinarazi haietan parte hartzeari buruzko erabakirik.

Izarren presioa

Gimnastika artistikoaren azken urteotako izar nagusia da Biles, 24 urtekoa. 2013az geroztik egindako Munduko Txapelketetan urrezko hemeretzi domina irabazi ditu. Azkeneko Olinpiar Jokoetan, Rion, urrezko lau domina eta brontzezko bat kolkoratu zituen estatubatuarrak.

Larry Nassar AEBetako gimnastika selekzioaren medikuaren sexu abusuen biktima izan zen Biles, eta, 2018an, nabarmendu zuen horrek antsietatea eragiten ziola eta sendagaiak hartzen zituela horri aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.