Artzain Eguna ospatuko dute gaur Araian (Araba). Andra Mari jaietako egitarauaren barruan, egun borobila izango dute gaur araiarrek. Goizeko hamarretan, Goizkorri txarangak goizeko deia egingo du, lotan daudenakmusikaren doinuekin batera esnatzeko. Ordu berean, prest egongo da eskulangileen feria. Inguruetako eskulangileek bertako produktuak jarriko dituzte salgai, nork baino nork erakargarriago.
Ohiturei jarraituz, meza emango dute Andra Maria baselizan, goizeko hamaikak aldera. Eta, amaieran, ohorezko aurreskua dantzatuko diote herriko zaindariari. Mezatik gosez aterako da ziurrenik bat baino gehiago, eta, ordu horretan, ez da gazta dastatzea baino atseginagorik. Hamabiak inguruan, trikitiek lagundutako kalejirek giro ezin hobea jarriko diote gazta dastatzeari. Guztia jan ondoren, gaztarik onena aukeratuko dute, nola ez. Hain zuzen, Idiazabal Gaztaren IX. Lehiaketa egingo dute, eta saridunak Andra Maria garaikurra eskuratuko du.
Bazkaldu aurretik, bertsolariak arituko dira kantuan, errima bila. Bazkalondoan, berriz, txakurrek erakutsi beharko dute zenbat balio duten. Izan ere, arratsaldeko seietan, Artzain Txakurren Lehiaketako Arabako kanporaketa egingo dute.
Ondarearen babesle
Asparrena Maitia plataformak antolatutako egitasmoa da Araiako Artzain Eguna; herriaren ondare kulturala «sustatzeko eta babesteko» asmoz, zenbait ekintza antolatzen dituzte urte osoan.
Gerizpean
Artzain Eguna Araian
Andra Mari jaietako egitarauaren barruan, egun handia da Artzain Eguna; gazta da protagonista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu