Santanderreko buruak ere ez du nahi bere bankua indarrez berkapitalizatzea

Finantza erakundeei arau eta zerga gehiago ezartzea eskatu du Botinek, «munduaren ekonomia ez itotzeko»

Iker Aranburu.
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Joan den astean Alemaniako bankaririk indartsuena izan zen, eta atzo, Espainiakoa. Josef Ackermann Deutsche Bankeko buruak bezalaxe, Emilio Botin Santanderrekoak ere gogor kritikatu du Europako Batasuneko agintariek banku garrantzitsuenak indarrez kapitalizatzeko duten asmoa. «Bazterketarik gabeko kapitalizazioak ez du zentzurik», esan zuen Botinek, Santanderrek Madrilen antolatutako konferentzia batean. Haren arabera, banku handiak kapital gehiago hartzera behartzeak «segurtasunik eza eta nahasmena» sortuko dute, eta «merkatuak gehiago aztoratu», benetan diru beharra dutenak eta ez dutenak zaku berean sartuko direlako. Horren ordez, estatuburuen lehentasuna arazoaren «sorburua» konpondu beharko luketela uste du, hau da, zor subiranoaren krisia.

Santanderrek eta Espainiako bankuek ez dute asko jokoan Grezian, baina kapital asko bildu beharko dute baldin eta Europako Banku Agintaritzaren estres azterketa berriek kontuan hartzen badute Espainiak ezingo duela zor guztia itzuli.

Bankuei arau eta zerga gehiago ezartzea ere begi txarrez ikusten du Botinek, besteak beste, «munduaren ekonomia itotzeko arriskua» dakartelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak