PSNk laukoarekin bat egin du presoen aldeko mozio batean

PSNko Txibite eta Jurio, atzo. I. Z. / FOKU.
Erredakzioa
Iruñea
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuan ere gehiengo handi bat osatu dute euskal presoen urruntze politika amaitzea eskatzen duena. PSNk alde batera utzi du azken hilabeteetan agertutako jarrera anbiguoa, eta bat egin du orain arte aldarrikapen hori babestu duten lau alderdiekin: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin.

Halaxe gertatu zen atzo parlamentuak onartutako mozio batekin. Lau talde horiek aurkeztu zuten testuari sozialistek eginiko zuzenketa bat gehitu zioten; UPN eta PPkoek aurka bozkatu zuten. Mozioak dio ETAren desegiteak «garai berri» bat zabaltzen duela eta horrek «beste espetxe politika bat» eskatzen duela, «bizikidetza eta normalizazioaren» mesedetan; besteak beste, presoak euren etxeetatik gertu dauden espetxeetara hurbiltzea eta gaixo dauden presoentzako neurri «aringarriak» eskatu dituzte.

Testuan gogoratzen den moduan, ez da lehenengo aldia PSNk gisako adierazpen bat onartzen duena. Hala egin zuen iazko azaroren 9an. Aurtengo martxoan eta maiatzean, berriz, ez zituen babestu antzeko eskaerak jasotzen zituzten bi mozioetako puntu guztiak, testuen «tonua» eta bestelakoak argudiatuta. Atzo, akordio batera iritsi ziren bost taldeak, eta hori dela-eta UPN eta PPNren kritika gogorrak entzun behar izan zituen PSNk. Iritziz aldatzea eta «ezker abertzalearen eskakizunetara makurtzea» leporatu zioten. «Gutxiengoan geratu gara biktimak defendatzen ditugunak», esan zuen UPNko eledun Carlos Garcia Adanerok, tentsio handiko eztabaida batean.

Eztabaidari kasu egiten izan zen Foro Sozialeko, Etxerat elkarteko eta Sareko ordezkaritza bat. Hara joan aurretik, plataformako horretako kideek Orain presoak dinamika aurkeztu zuten, Iruñean, eta urriaren 20an Bilbon egingo den manifestaziora begirako aldarrikapenak azaldu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak