«Ez naiz ezertaz gogoratzen. Zer egiten ari nintzen jabetu izan banintz, ez nuke egingo. Hura dena zen niretzat. Bi zigor ordaintzen ari naiz, gizartearena eta neure buruarekin dudana». Damututa baina hotz agertu zen atzo Clara Rangel hiltzeaz akusatutako gizona, epaiketaren bigarren saioan. Deklaratzean, andrea hil izana aitortu zuen, eta harremanaren azken hilabeteetan jarrera kontrolatzaileak eduki izana ere aitortu zuen. Defentsa abokatuak herenegun iragarri moduan, akusatuak droga kontsumoa erabili zuen aitzakiatzat, eta berretsi zuen ez dela oroitzen labana hartu ostean zer gertatu zen: «Erietxean esnatu nintzen. Orduan esan zidaten zer gertatu zen. Nik izutu besterik ez nuen egin nahi».
Rangel 2008ko abenduaren 29an hil zuten, Errenterian (Gipuzkoa), labankadaz. Haren bikotekide ohia atxilotu zuten, hilketa egotzita. Erietxean hartu zuten preso, bere burua zauritu baitzuen. Aurre egiten saiatu ziren anaia eta Rangelen seme zaharrena, eta haiek zauritzea ere leporatzen diote. Akusazioek 35 urteko espetxe zigorra eskatu dute ustezko hiltzailearentzat. Defentsak, haatik, libre uzteko eskatu du.
Nabarmendu zuen 2005etik zuela bikote harremana Rangelekin. «Hasieran, harremana primeran zihoan. Haren semearekin ere oso ondo moldatzen nintzen. Aita baten modukoa nintzen harentzat», azaldu zuen. Baina aitortu zuen gero bikote harremana hondatzen joan zela, batik bat azken hiru hilabeteetan. «Orduan hasi nintzen kokaina egunero hartzen. Asko kontsumitzen nuen. Lehenago, noizean behin baino ez nuen egiten. 2003an hasi nintzen kontsumitzen».
Jeloskor jartzen zela aitortu zuen, eta pentsatu zuela Rangelek harremanen bat izan zuela bere anaiarekin eta aitarekin. Sakelakoa begiratzen ziola aitortu zuen, jarrera kontrolatzaileak zituela: «Haren jarrera asko aldatu zen. Urrun sumatzen nuen».
Aitortu zuen abenduaren 25ean liskarra izan zuela Rangelekin, argazki batzuen harira. «Argazkiak kameran ikusteko, kode bat behar zen. Zergatik behar zen galdetu, eta ez zidan erantzun. Oso urduri jarri nintzen, eta etxetik joan nintzen». Handik ordu batzuetara itzuli zen etxera, kontatu zuenez, kokaina eta alkohola kontsumitu ostean. «Erietxera eraman behar izan ninduten».
Abenduaren 28an, iluntzean, anaiarekin atera zen: «Hamabost bat garagardo, kubata batzuk eta zazpi bat gramo kokaina hartu nituen». Goizaldean itzuli ziren etxera. «Logelara sartu, eta errieta egiten hasi zitzaidan. Sekulako astakeriak esan zizkidan. Oso gaizki sentiarazi ninduen». Ondoren, sukaldera joan, eta ardo botila bat edan zuen. «Berriro, eztabaidan hasi ginen, eta are gauza gogorragoak esan zizkidan». Orduan, sukaldera joan zen. Cava edan, eta labana hartu zuen. «Hortik aurrera, ez dut ezer gogoratzen». Esan zuen ez zekiela Rangel hardun zegoenik.
Anaia eta Rangelen semea
Akusatuaren anaiak deklaratu zuen bazekiela anaiak droga kontsumitzen zuela, eta gertatutakoaren erruaren parte bat andreari bota zion: «Horregatik lagundu nahi nion, eta Clarari [Rangel] behin eta berriz esaten nion ez jartzeko urduri anaia. Drogatua zegoenean are urduriago jartzen zuen, egiten zituen gauzekin». Berretsi zuen hilketaren bezperan anaiarekin atera zela. «Susmoa nuen drogak eta alkohola hartzen aritu zela, eta, kalera zihoala esan zidanean, laguntzea erabaki nuen». Errenteriatik Donostiara joan ziren. «Ez nuen droga hartzen ikusi, baina susmoa dut kokaina hartu zuela». Gau hartan anaiak edan zuenaz galdetuta, erantzun hau eman zuen: «Litroko garagardo bat baino ez, eta gero etxean cava eta gogoan ez dudan beste botilaren bat».
Gainera, esan zuen hari eta Rangelen seme zaharrenari labanarekin egin zizkien zauriak «istripuz» izan zirela. «Labana kentzeko aurre egin genionean izandako borrokaren ondorioz izan ziren. Hil nahi izan bagintu, hil egingo gintuzke. Bainaez zuenegin nahi».
Kontrakoa da Rangelen semearen iritzia. «Anaiak aurre egin izan ez balio, ziur naiz ni hilda egongo nintzatekeela».
Rangelen ustezko hiltzaileak esan du ez dela gogoratzen zer egin zuen
Defentsa abokatuak iragarri bezala, kokaina eta alkohola kontsumitzea erabili du akusatuak aitzakia gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu