Hiesa, 40 urte. Egungo egoera

GIBarekin bizitzen, gaur

Urtero atzematen dira positibo berriak. Infektatuek badituzte aparteko arazoak; gizartean nor izateko bidean sortuak dira gehienak: 'GIB sozialak' eragindakoak.

Donostian, Kursaalean, GIBdunei elkartasuna erakusteko xingola gorria argiztatuta. JON URBE / FOKU.
Arantxa Iraola - Oihana Teyseyre Koskarat
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Egun GIB birusak sortutako errealitateak zerikusi urria du orain dela lau hamarkadakoarekin. Osasun publikoko arazo bat da oraindik ere, ordea. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, 134 kasu positibo diagnostikatu zituzten iaz. 2019. urtean 190 izan ziren; beraz, beherakada argia da, %29koa. Baionako ospitalean ere, datu zehatzik ez izan arren, «beherakada nabarmena» ikusi dute eragileek. Hala ere, osasun agintariak ez dira ausartu esaten datu horien atzean benetako beherakada bat dagoenik. Ez dago motiborik horretarako; aparteko urtea izan zen 2020a, COVID-19aren izurriak guztiz markatutakoa, eta osasun sistemak ere nahi eta ezinean ibili dira. Hiesaren aurka jarduteko T4 elkarteko ordezkaria da Marco Imbert, eta elkarteen elkarte Euskalsidako presidentea; egungo errealitatean, atzematen diren positibo berriek sortzen duten kezkaz harago, lantzeko bestelako kontuak ere badirela nabarmendu du: «Pandemia bat da oraindik ere; kontrolatua dago, arlo klinikoan izan dira aurrerapenak, eta horiei esker bizi esperantza bat dugu, bizi kalitate bat. Baina, egun, GIB soziala deitua da arazoa; diagnostikoaren ostean datorren hori, hain justu».

Imbertek adierazi du elkartean usu ikusten dituztela kezka horrekin sortutako arazoak jendea artatzen dutenean. «Ni nola egon ahal izango naizen gizartean: nola tratatuko nauten, bazterkeriarik izango dudan. Horiekin lotutakoak izaten dira kezka asko, eta konpontzeko auzi zailak sortzen zaizkie eguneroko bizitzan». Paradoxa da: eskura dauden tratamenduei esker, GIB birusa infekzio «kroniko» bat da egun, «transmitiezina» ere bai; hain justu ere, birusaren aurkako botikak hartuta birusaren karga birala atzemanezina izatea lortzen bada, ezin da birusa transmititu. «Baina birusaren gaineko estigma hor dago», ohartarazi du Imbertek. Zertan igartzen da? «Lanean, laneko segurtasunean, ikasketetan». Guztietan sortzen zaizkie infektatuei auzi zailak.

Harekin bat egin du Iparraldeko Aides prebentziorako elkarteko Karine Monsegu-Mouliek. «Gaur egun, GIBdunak normaltasunez bizi daitezke tratamenduari esker. Gaitzik handiena diskriminazioa da». Aideseko langileak azaldu du gizartean GIBdunekiko «mesfidantza» handia dela oraindik ere. «Jendeari esplikatzen diogu ez dela arriskurik GIBdun baten baso beretik edateko. Asko harritzen dira, eta, jakinda ere, ez dira ausartuko baso berean edatera». Azkenean, «beldurra eta ezagutza falta» dira diskriminazio horien erroak, haren iritziz. Lehen infekzioak detektatu zirenetik 40 urte pasaturik ere, «iraganeko usteak» oraindik indartsu daudela gaitzetsi du; «alta, tratamendua iraultza handia izan da».

Adinean gora

Hiesaren kontrako elkarteen beste kezketako bat «GIBarekin zahartzearekin» lotuta dago. Lau hamarkadako eboluzioak, ezinbestean, hori dakar. «80ko hamarraldian infektatu zirenak zahartu egin dira, haien egoera ere aldatu egin da, eta hainbat ezaugarrik zaurgarri egiten dituzte: lan munduan izan duten sarbideak, egun ja familia egituratu bat ondoan ez izateak… Horien ondorioz, kezka bada». Eta berriz paradoxa ageri da, gordin: «Izan ere, pertsona horiek bizi kalitate on bat dute osasun ikuspegiari begira, baina zahartu egin dira, eta zahartzeak dakartzan patologiak agertzen ari zaizkie». Eta lehendik infekzioak sortutako arazoei erantsita datoz berriak.

COVID-19aren izurriak berak askotan hiesaren pandemiaren urterik gogorrenak bizi izan zituztenen artean ere aparteko ezinegona sortu duela azaldu du Imbertek. «Asko berriz ere zaurgarriak sentitu dira; GIB birusak propio immunitate sisteman du eragina, eta hainbat pertsonak, ja botikei esker egoera egonkor batean egonda ere, aparteko ezinegonez bizi izan dute egoera, larriminez, eta bakartuta ere bai. Berriz ere 80ko edo 90eko hamarraldietan sentitu zuten hori sentitu dute», esplikatu du.

Prebentziora begira, egun urtetik urtera agertzen diren kasu berriak «egonkortuta» daudela azaldu du Imbertek, ez dela aparteko igoerarik ikusten. «Baina arazo bat dira oraindik ere berandu egiten diren diagnostikoak. Askotan ja infekzioaren ondoriozko patologiaren bat dela-eta atzemandako kasuak izaten dira». Birusaren transmisioa mozteko eragozpen handia dira halakoak. «Izan ere, infekzio horietako askok akaso 5-6 urte daramatzate aktibo; izan daitezke 7-10 urte ere. Urte horietan guztietan preserbatiborik gabeko harremanak izan badituzte, birusa transmititzen jardun ahal izan dute».

Hortik prebentzioaren aldeko mezuetan irmo jarraitu beharra, preserbatiboaren erabilera sustatzen, eta testak ere hor daudela gogora ekartzen: «Oraindik jendeak kontziente izan behar du; sexu bizitza osasuntsu bat izateko bidea da GIBaren testa urtean bi edo hiru alditan egitea. Soilik horrela jakin dezakezu tarte horretan ez duzula izan kontakturik birusarekin», nabarmendu du Imbertek. Eta datuek, bere hoztasunean, erakusten dute diagnostiko berantiarrak kezkarako motibo direla. Osakidetzak 2020ko datuen berri emateko egin zuen txostenean jartzen du, adibidez, diagnostikoen %52,4 «berantiarrak» izan zirela. Kasuen %24tan, Osasunbideak GIB birusa eragiten duen «egoera klinikoarekin» batera egin zuen diagnostikoa; alegia, hiesarekin.

Arriskuak txikitzeko lanean

Hain zuzen, prebentzioa egiten jarduten du Aides elkarteak Ipar Euskal Herrian. 1984an sortu zuen elkartea Daniel Defert soziologoak, haren bikotekidea hiesarekin hil ondotik. Geroztik, anitz zabaldu da elkartea, eta, gaur egun, GIBaren eta hepatitisen inguruko prebentzioa egitea da haren zeregin nagusia. Ipar Euskal Herriko ordezkaritzan lan egiten du Monsegu-Mouliek. «Gure elkartearen berezitasuna da hunkiak diren jendeekin, hau da, lehen lerroan direnekin lan egiten dugula, jakiteko zer behar dituzten zinez», esplikatu du. Hala, hiru ildotan ditu Aidesek: sentsibilizazioa, prebentzioa, eta infekzioa dutenen laguntza.

Batez ere, GIBdun izateko arrisku egoeran daudenekin lan egiteko «hautu politikoa» egin du elkarteak, «epidemiaren bukaera» baitu helburutzat. «Droga kontsumitzaileekin, sexu langileekin, presoekin, eta gizonezkoekin harreman sexualak dituzten gizonezkoekin aritzen gara gehien bat, talde horien artean arrisku handiagoa izan daitekeelako infekzioa hedatzeko», azaldu du Monsegu-Mouliek.

Horretarako, hainbat ekintza plantan ezarri dituzte, «helgarritasuna» izanik irizpide nagusia. Festa handietan, adibidez, xiringa esterilak banatzen aritzen dira: «Bazterketaren eta zigorraren ordez, arriskuen apaltzeari ematen diogu guk garrantzia». Interneten ere zabaltzen dituzte informazio mezuak. Adibide bat eman du: «Sexu langileen webguneetan adi egoten gara, eta, iragarkiak zabaltzen dituztenean, haiengana jotzen dugu, informazio mezu bat bidaltzeko; jakin dezaten, gutxienez, gure egituran probak urririk egin ditzaketela, anonimotasuna atxikiz».

Dena den, Imbertek bezala, azaldu du GIBa ez transmititzeko tresna eraginkorrenetako bat diagnostiko goiztiarra egitea dela. Horretarako, Aides elkarteko kideek Baionan duten lokalean proba azkarrak egiten dituzte, eta, emaitzaren arabera, behar bezalako laguntza eskaintzen diote jendeari; besteak beste Baionako ospitaleko Cegidd egiturara bideratuz. Gaixotasun infekziosoen segipena egiten dute bertan. Monsegu-Mouliek eskura dituen datuen arabera, gaur egun, GIBa duten 600 bat lagunen bilakaera aztertzen du Baionako ospitaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.