Albistea entzun

Hiesa, 40 urte. Elkarrizketa. Quarraisha Abdool Karim. Epidemiologoa

«Beharrezkoa da tratamenduen erabilera profilaktikoa sustatzea»

Gizadiak «askotariko epidemiei» aurre egiteko prestatu behar du, Abdool Karimen iritziz. Nabarmendu du GIBaren eta COVID-19aren aurkako borrokak ezin direla gainditu desberdinkeriari aurre egin gabe.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2021eko azaroak 28

Pozteko arrazoiak badirela uste du Quarraisha Abdool Karim epidemiologoak (Tongaat, Hegoafrika, 1960), GIBaren kontra azken 40 urteetan eman diren aurrerapausoak ikusita. Baina bidearen azken herena falta dela nabarmendu du, «beti zailena» izaten dena. Abdool Karim Caprisa GIBaren ikerketarako zentroan zientzialari taldearen zuzendari da, eta ezinbestekotzat du aztertzea orain arte hartu diren neurriekin «zein uzten ari garen atzean» eta neurriak hartzea, biztanleria talde horiengana iristeko. Unaids GIB-HIESari Buruzko Nazio Batuen Programa Bateratuaren ordezkari berezia eta Columbia Unibertsitateko irakasle ere bada Abdool Karim.

Aurrerapauso garrantzitsuak eman dira hiesaren kontrako borrokan, baina erronka handiak daude oraindik birusa desagerrarazteko. Zenbateraino da egoera itxaropentsua?

Sekulako aurrerapausoak eman dira. Bereziki, bizi itxaropenaren hobetzean, GIBa ez delako orain birus hiltzaile bat halabeharrez, eta egoera askoz ere eramangarriagoa delako. Ez hori bakarrik. Erretrobirusen kontrako tratamenduak inoiz baino eskuragarriago daude mundu osoan.

Prebentzioan eta tratamenduan garatu genuen ezagutzarekin, 2016an pentsatu zen hiesa osasun arrisku publiko gisa desagerraraziko zela 2030. urterako. Hori lortze aldera, 2020rako helburuak ezarri zituen Unaidsen estrategiak. Hartan jaso zen 2020rako 500.000 infekzioren langa, baina badakigu 1,5 milioi infekzio izan zirela. Halaber, heriotza gehiegi izaten ari dira: 680.000 hildako [2020an]. Jakina da baita ere 2020 eta 2021 ezohiko urteak izan direla SARS-CoV-2 birusarengatik, baina GIBaren infekzio datuak begiratuz gero, ohar gaitezke helburu horretatik urrunduta geundela COVID-19aren aurretik ere.

Bete diren helburuetako bat da 90-90-90 hirukoarena: GIBdunen %90 bere egoeraren jakitun izatea, jakitun direnen %90ek tratamendua jasotzea eta tratamendua jasotzen dutenen %90ek karga biral atzemanezina izatea.

Helburu horri buruz ikasi ditugun gauzetako bat da heriotza tasa asko murrizten lagundu duen arren ez dela nahikoa bere hartan infekzioak gutxitzeko. Herrialde askok bete dute 90-90-90 helburua, baita Afrikako zenbait estatuk ere, baina ez dute lortu espero zuten beherakada infekzioetan.

Zer neurri behar dira?

Zerbait gehiago egin behar dugu prebentzioan, testak eta tratamenduak indartzeaz gain. Iruditzen zait erretrobirusen kontrako tratamenduen beste erabilera bat behar dela: erabilera profilaktikoa sustatu behar da. Hau da, esposizio aurreko profilaxia (EAP). EAPa eskuragarria den herrialdeetan, infekzioen beherakada handiak ikusi ditugu, bereziki, gizonekin harremanak dituzten gizonen artean.

Askoz ere berrikuntza eta ekinaldi gehiago behar da, eta sormen handiagoa, gehien infektatzen ari diren taldeak osasun sistema tradizionalen artatik kanpo gelditzen baitira. Horiek dira biztanle marjinalak, baztertuak, estigmatizatuak. Horregatik, oso egokia iruditzen zait hiesaren nazioarteko egunerako aurtengo leloa: Amaitu desberdinkeria, amaitu hiesa, amaitu pandemiak. Pentsatu behar dugu nola aurre egingo diegun askotariko epidemiei.

Lotuta daude COVID-19aren eta GIBaren kontrako borrokak?

Ikusi dugu GIBaren arloan egindako inbertsioek estatu askori lagundu dietela COVID-19aren kontrako borrokan. Bereziki, diru sarrera gutxi dituzten estatuei: diagnostiko plataformak, ikerketarako baliabideak, tratamendurako sendagaiekin eta txertoekin probak egiteko azpiegitura klinikoak eta osasun sistemen indartzea. Koronabirusaren eta GIBaren kontrako borrokarako erabilgarriak dira, esaterako, ikuskaritza sistemak: infekzioak non gertatzen diren atzeman, kontaktuak bilatu, testak egin...

Nola eragin die koronabirusak GIBdunei?

Askok tratamendua eten dute; batez ere, Saharaz hegoaldeko Afrikan. Hainbat estatutan arazoak izan dira tratamendurako sendagaien hornikuntzarako; nagusiki, itxialdiak ezarri dituztenetan. Beldurrak eta antsietateak jende asko urrundu dute osasun zerbitzuetatik. Beste herrialde batzuetan, murriztu egin dituzte osasun zerbitzuak. Kaltetu handietako bat prebentzio programak izan dira, gobernuz kanpoko erakundeek eta komunitateetan oinarritutako erakundeek ezin izan dutelako jarraitu lan horrekin. Hala ere, uste dut handiagoak izan direla kalte sozioekonomikoak, eta oso garrantzitsua da errealitate hori kontuan izatea GIBari aurre egiteko garaian.

Desberdinkeria murriztea da Unaidsen 2021-2026ko aldirako lehentasuna, baina desberdintasun sozialak handitzen ari dira, are gehiago pandemian.

Horrelaxe da. Ikusten dugunean herrialde batzuk 2030erako helburuak lortzeko ahalmena izan dutela hamar urte lehenago, nabarmendu behar da ez duela balio lana egina dagoela pentsatzeak. Desberdinkeria horiek ageri dira birusa ezabatzeko azken urratsak falta direnean. Bidearen lehen %30-40 egitea oso erraza da, jende asko dagoelako engaiatuta. Beti izaten da zailena bidearen azken %30-40 egitea; hamar aldiz ahalegin handiagoa eskatzen du. Desberdinkeria unibertsala da. Hau da, herrialde bakoitzean talde desberdinek pairatzen dute. Ondo aztertu behar dugu zein ari den infektatzen eta zer esku hartze behar den toki bakoitzean.

Afrikan kezkagarria da emakume gazteen infekzio kopurua.

Ez dugu lortuko hiesa osasun publikoarentzat arrisku gisa desagerraraztea Afrikako emakume gazteengan transmisioa eteten ez badugu. 2016an infektatu ziren multzo desberdinetako norbanakoen birusak isolatu eta sekuentziatu zituen Caprisa gure taldeak, eta, hala, transmisioaren zikloa deskribatzen zuen eskema bat osatu. Ziklo hori aztertuta, ikusi genuen amengandik haurrenganako transmisioa asko murriztu dela, baina neska gazteak infektatzen hasten zirela 15-16 urteren bueltan. Gizonezkoei dagokienez, 24 urtetik beherakoetan ez dago GIB infekzio askorik. Baina infektatzen ziren emakume gazteen sexurako kideak 25 urtetik gorako gizonezkoak zirela ohartu ginen. Gizonezkoen artean, ordea, 24 urtetik beherakoak ez dira infektatzen; beraz, nondik iristen zitzaien birusa 25 urtetik gorakoei? Bada, 25 urtetik gorako emakumeekin dituzten bikote harreman egonkorragoetatik.

Desberdintasun sozialek baldintzatzen dute ziklo hori?

Funtsean, auzi sozial bat da, generoarekin, boterearekin eta desberdinkeriarekin lotuta dagoena. Gizon zaharragoekin harremanak dituzten emakume gazte gehienak pobreak dira, gizonekiko mendekotasun ekonomikoa dute, eta horrek guztiak zaila egiten du preserbatiboen erabilera negoziatzea. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua EAParen erabilera bultzatzea, emakumeek gizonekin negoziatu gabe eskura duten lehen erreminta delako. EAPak kontrola hartzeko aukera ematen die emakumeei.

Pentsatu behar dugu baita ere nola heldu gizonengana. Tratamendua jasotzen dutenen artean, zortzi bider gehiago baitira emakumeak gizonen aldean. Gizonek atzematerik ez dagoen karga birala izatea lortuz gero, horrek eragina izango luke emakume gazteengan. Garrantzitsua da baita ere gizon gazteekin lan egitea. Ez dago programarik horiei zuzenduta, eta asko daukagu egiteko. Maskulinitate toxikoak ez dira zerutik erortzen. Sentsibilizazio kanpainak egin daitezke gizon bezala era arduratsuan jokatzeko, bestelako maskulinitate ereduak lantzeko.

Prebentzio lana oso garrantzitsua da, tratamenduekin egin diren aurrerapausoak ere garrantzitsuak dira, baina guzti horiek ez dira nahikoa izango aurrean daukagun erronka sozialari erantzuten ez badiogu. Arazo hau lotuta dago genero indarkeriarekin.

Kriminalizazioa da beste bazterketa mota bat. Nola eragiten ari zaio GIBa desagerrarazteko erronkari?

GIBa ez da birusa bera bakarrik, zeren herrialde batean sexu berekoen arteko harremanak kriminalizatzen badira, eta infekzio berriak hor gertatzen ari badira, kriminalizazio horri aurre egiteko neurriak funtsezkoak izango dira GIBaren kontrako borrokan ere. Azken finean, giza eskubideen auzi bat da. Azaleratu behar da nola desberdinkeriak biztanle talde jakin batzuen zaurgarritasuna areagotzen duen, eta ikuspegi hori ezarri GIBaren infekzioak eteteko esku hartzeetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANGEL MADINA G. / EFE

«Deskolonizazioaz ari ote garen argitu behar du NBEk»

Arantxa Elizegi Egilegor

«Nazioartearen babespean» ezkutatzea leporatu dio Arabik Espainiari. Polisarioko kidearen esanetan, Madrilek «erantzukizun politiko eta juridikoa» du gatazkan.
Erizain bat Covaxin txertoaren dosiak eskuetan dituela, Bangaloren, Indian. / ©JAGADEESH NV / EFE

5.200 miliioi dolar eskatu dituzte COVAX programarako

Arantxa Elizegi Egilegor

Nazioarteko egitasmoak mila milioi dosi banatu zituen iaz herrialde pobreetan. Aurten beste hainbeste egitea dute helburu.

Txileko Poliziako agente bat manifestariei tiro egiten, 2019ko urriko mobilizazio batean. ©EFE

Boricek eskatu du Txileko eztanda sozialean atxilotutakoen kartzelaldia bukatzeko

Igor Susaeta

Senatuko batzorde batek onartu du 2019ko udazkenetik atxilotuta daudenei indultua edo amnistia ematea. Piñera presidentea kontra agertu da. Aurrera egiteko, kongresuko bi ganberek onartu beharko dute.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, gaur, Komunen Ganberara bidean. ©Andy Rain / EFE

Boris Johnson: «Festen ikerketaren ondorioak jakin arte itxaron behar dugu»

Ander Perez Zala

Erresuma Batuko lehen ministroa oposizioaren kritikak saihesten saiatu da pandemian emandako aurrerapausoetan arreta jarrita. Zenbait diputatu kontserbadore hasiak dira babesak biltzen gobernuburua kargutik kentzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.