Adrian Garcia: «Kirolak desgaitasuna beste modu batean ikusten laguntzen du»

  • Albistea entzun

Gurpil aulkiko saskibaloia ezagutu orduko maitemindu zen harekin Adrian Garcia (Gasteiz, 2002). Gaixotasun degeneratibo baten ondorioz, ezin da lehiatu zutik dabiltzanekin batera, eta Bilboko Bidaideak taldeko jokalaria da.

Eurocup-1-en txapeldunorde, Kopan txapeldun, eta Ligan hirugarren izan dira aurtengo denboraldian.

Denboraldi biribila izan da. Zorionak! Zer moduz zaude?

Balantzea oso ona da, nik uste. Azkenean, lehen hiru postuetan geratu gara parte hartu dugun hiru lehiaketetan. Kopa irabaztea lortu dugu, eta zapore gazi-gozoa geratu zaigu Europatik bueltan. Bagenekien partida zaila izango zela, baina erabat zapaldu gintuzten. Dena den, titulu bat lortu dugu, eta oso garrantzitsua da.

Noiz hasi zinen Bilboko Bidaideak taldean?

Duela zazpi urte, Gasteizen hasi nintzen, talde xumecloseApal, umil.ago batean. Liga berean jokatzen genuen, baina Bilbo irabazteko borrokan zebilen, eta gu, berriz, mailaz ez jaisteko. Aurten, aukera eman didate Bilbora jokatzera joateko, eta hau izan da nire lehen denboraldia. Aldaketa handia da, baina oso pozik nago, eta jarraitzeko gogoz.

Eta gurpil aulkiko saskibaloian?

Egunerokoan ez naiz gurpil aulkian aritzen, baina gaixotasun bat daukat jaiotzetik: oinez ibiltzea zailtzen dit, eta, umetan saskibaloian aritzen nintzen arren, orain ezin dut kirol normalizatua egin. Gurpil aulkiko saskibaloia ezagutu nuen, eta maitemindu egin nintzen. Lagunekin-eta aritzen nintzen, baina nik ere lehiatu nahi nuen.

«Egunerokoan ez naiz gurpil aulkian aritzen, baina gaixotasun bat daukat jaiotzetik, eta oinez ibiltzea zailtzen dit».

Adrian Garcia (saskibaloi jokalaria)

Zer zailtasun gehigarri ditu zuen modalitateak?

Jaurtiketa da garrantzitsuena, baloia saskian sartu behar baituzu partidak irabazteko. Baina, gurpil aulkiko saskibaloian, aulkiaren maneiua edo erabilera ezinbestekoa da. Azkenean, hamar aulki hain leku murritzean sartuta, oso garrantzitsua da aulkiarekin duzun gaitasuna: mugitzea, biratzea, esplobisibitatea...

Behar bezain ezaguna da zuen kirola?

Argi dago gure kirola bazterrean geratzen dela, baina egia da azken urteetan askoz ere gehiago ikusten dela. Nik, adibidez, duela zortzi urte ez nekien zer zen gurpil aulkiko saskibaloia: ez nekien kirol hori egin nezakeenik ere. Uste dut gero eta gutxiago direla kirol egokitua ezagutzen ez dutenak.

«Uste dut gero eta gutxiago direla kirol egokitua ezagutzen ez dutenak».

Adrian Garcia (saskibaloi jokalaria)

Hartatik bizi daiteke?

Bizirik iraun daiteke, eta badago hartatik bizi den jendea. Ondo bizi da, baina gutxiengoa da. Kirol erdi profesionala da gurea. Ni, adibidez, Psikologia ikasten ari naiz, Bilbon, eta jokalari askok lan egiten dute jokatzeaz gain.

Egunerokoan, bestela, aparteko zer zailtasun dituzue?

Ni oinez joaten naiz leku askotara, baina distantzia laburrak izan behar dute, soberacloseGehiegi.
ibiltzen banaiz min handia izaten baitut hurrengo egunean. Batzuetan, gurpil aulkian ibiltzen naiz distantzia handiak egin behar baditut, baina, normalean, garraio publikoa erabiltzen dut.

Zer esango zenieke desgaitasunen bat dutenei, kirola egitera bultzatzeko?

Kirolak gauza asko emango dizkiela, eta asko ikasiko dutela, bizitzari lotuta. Jende asko ezagutzen dut istripuren bat izan ondoren kirolean hasi dena; desgaitasuna beste modu batean ikusten laguntzen du. Ez kirolak bakarrik: gustatzen zaizuna egin behar da, orokorrean, eta geldirik ez egon. Goza dezatela bizitzaz, nahi dutena eginez.

«Gustatzen zaizuna egin behar da, orokorrean, eta geldirik ez egon».

Adrian Garcia (saskibaloi jokalaria)

Jatorrizko artikuluak