Ba al dakizu zer diren tentsio handiko eremuak? Zertarako balio dute? Eraginkorrak al dira?

Urtebete igaro da lehen udalerria tentsio handiko eremu izendatu zutenetik. Errenteriaren ostean, beste hogei udalerri baino gehiagotara zabaldu da izendapen hori: Gasteiz izan da azkena. Etxebizitzaren krisiari aurre egiteko neurri hau eraginkorra al da?
Etxe bat izatea eskubidea da. Eskubide hori, baina, ez dago bermatuta. Gazteen kezka nagusietakoa ere bada etxebizitzarena; izan ere, asko garestitu dira, eta, hortaz, zailtasun handiak dituzte etxe bat alokatzeko edo erosteko. Hori ikusirik, instituzioek neurri bat hartu zuten: Espainiako Diputatuen Kongresuak 2023an onartu zuen Etxebizitza Legea. Etxebizitza arloan larrialdi egoera bat dagoela aitortu ondoren, udalerriei tentsio handiko eremu izendatzeko aukera eman zien. Neurri honek helburu nagusi bat du: alokairuaren prezioak egonkortzea, modu eroan garestitu baitira.
Euskal Herrian Errenteria izan zen tentsio handiko eremu izendatu zuten aurreneko udalerria. 2024ko urriaren 2an izen zen. Izendapena eskuratzeak egoeraren larritasuna leuntzen lagunduko zuelakoan zeuden politikariak, baina, urtebeteren ostean, lausotu egin dira hasierako ilusioa eta itxaropena; besteak beste, burokrazia asko dagoelako tartean, eta neurriak eragin mugatua daukalako.
Hego Euskal Herriko 24 udalerri tentsio handiko eremu izendatu dituzte jada. Eusko Jaurlaritzak aste honetan eman dio izendapen hori Gasteizi. Iruñea eta Donostia dira zerrenda horretan dauden beste bi hiriburuak, baina badira hiri txikiagoak ere: Barakaldo, Galdakao eta Bermeo Bizkaian; eta Lasarte-Oria, Errenteria, Irun eta Zumaia Gipuzkoan. Nafarroan beste hogei daude: Lizarra, Tutera, Eguesibar, Burlata, Barañain, Zizur Nagusia, Aranguren, Berriozar, Tafalla, Antsoain, Atarrabia, Elortzibar, Corella, Baztan, Altsasu, Uharte, Cintruenigo, Berriobeiti, San Adrian eta Azkoien.
Erreferentziazko indizea
Tentsio handiko eremuen izendapenek hiru urteko indarraldiacloseHiru urterako balioa. dute, eta, udalerrian dauden alokairuen datuetan oinarrituta erreferentziazko indizecloseErreferentziazko prezio bat. bat osatu behar da tarte horretan. Hortik aurrera, etxejabe handiek taula horietan oinarrituta jarri beharko dituzte alokairuaren prezioak. Legearen arabera, hamar etxebizitza edo gehiago dituzten pertsona fisiko eta juridikoak dira etxejabe handiak, edo 1.500 metro koadrotik gorako etxebizitza bat duten jabeak. Gutxienez azken bost urteetan etxebizitza bat hutsik eduki dutenek ere taula horien arabera ezarri beharko dituzte alokairuen prezioak.
Hego Euskal Herriko hiru biztanleko ia bat tentsio handiko eremu batean bizi da: 2.887.352 pertsona daude erroldatuta, eta horietako 913.222 tentsio handiko eremu izendatutako udalerrietan bizi dira.
Horrez gain, neurri gehiago ere hartu behar dituzte alokairu eskaintza handitzeko. Espainiako Etxebizitza Legeak hainbat mekanismo ditu alokairuaren merkatuan esku hartzeko, baina horretarako ezinbestekoa da udalerriak tentsio handiko eremu izendatzea. Hori dela eta, legearen tresna gehienak oraindik ez dira aplikatzen udalerri gehienetan. Legea mugatua da, besteak beste, alokairuaren prezioen mugak ezartzeko beharrezkoak diren datuak —erreferentziazko indizeak— argitaratucloseJendaurrean jarri. gabe daudelako.
Neurria, beraz, ez da hasieran uste zen bezain eraginkorra. Adituen ustez, neurri gehiago hartu beharko lirateke; adibidez, turistentzako etxebizitzak mugatzea, etxebizitza hutsen zergaren errekargua, baita etxeetan hobekuntzak egiteko diru laguntzak ematea ere.
Jatorrizko artikuluak
-
Tentsioa apaldu zaie tentsio handiko eremuei
Kristina Martin |
|
-
Gasteiz tentsio handiko eremu izendatu du Eusko Jaurlaritzak
Edurne Begiristain |
|
-
Etxebizitzarako eskubidea arautzen
Leire Casamajou Elkegarai |
|
-
Donostia, Iruñea eta Hegoaldeko beste 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatu dituzte
Iñaut Matauko Rada |
|