Gasteiz tentsio handiko eremu izendatu du Eusko Jaurlaritzak. Hain justu, EAEko Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu dute Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuaren agindua. Erabakia urriaren amaieran izango da behin betikoa, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenean.
Ikusi gehiago
Gasteizko Udalak uztailaren 3an eskatu zion Eusko Jaurlaritzari hiria tentsio handiko eremu izendatzeko, eta, gaur, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak adierazi du neurri horri esker «merkatuaren disfuntzioak» zuzenduko direla eta etxebizitza eskaintza «irisgarria» handitzeko politika publikoen sorta bat ezarri ahalko dela.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak, berriz, azpimarratu du neurriak garrantzi handia duela alokairu merkatua arautzeko eta politika publikoak helburu horretara egokitzeko. «Helburua tentsionamendutik irtetea da, baina hori alokairuko etxebizitza babestu gehiago eraikiz eta eskaintza eskariarekin orekatuz bakarrik lortuko dugu». Hori lortu arte, haren esanetan, maizterrak babestu behar dira, «gaur egun oihaneko legearen mende baitaude».
Gasteiz tentsio eremu izendatzeak etxebizitza arloko ekintza plana aplikatzeko modua emango du; bost ardatzetan egituratuta egongo da plan hori: 3.012 etxebizitza berri sustatuko dira, eta horietatik %53 alokairu babestukoak izango dira; alokairuaren prezioak mugatuko dituzte; etxebizitzen eta bizitegi eraikinen energia eraginkortasuna, irisgarritasuna eta bizigarritasuna hobetzeko laguntzak mantendu eta indartuko dira; %50eko errekargua aplikatuko zaie ondasun higiezinen gaineko zergan ohiko bizilekua ez diren etxebizitzei, eta ez dute baztertu hutsik dauden etxebizitzei kanon jakin bat aplikatzea.
Gasteiz tentsio handiko eremu izendatuta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleriaren %47,7 bizi dira egun tentsio eremu batean. Kopuru hori handitu egingo da datozen hilabeteetan, Jaurlaritzak jakinarazi baitu Gipuzkoako bost herri ere —Lezo, Zestoa, Arrasate, Tolosa eta Hernani— izendatuko dituztela tentsio handiko eremu.
Datozen egunetan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak ekitaldi bat antolatuko du Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalekin batera tentsio handiko eremuen zerrenda ofizial egiteko eta eguneratzeko. Isabel Rodriguez Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agendako ministroa ere ekitaldi horretan egotekoa da.
EH Bildu: «Ez du eraginik izango»
EH Bildu kritiko agertu da Gasteizko izendapena gauzatzeko ardurak dituzten hiru erakundeekin —Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza—. Koalizio subiranistaren esanetan, denbora alferrik galdu dute elkarri mokoka, eta, horren bitartean, ez dituzte arindu alokairu sozialeko etxebizitza baten zain dauden 15.000 pertsonen izapideak.
Gainera, June Mujika EH Bilduko kidearen ustez, «Gasteiz gune tentsionatu izendatzeak ez du oraingoz inolako eraginik izango alokairuzko prezioan». Erakundeei egotzi diete asteak eman izana elkarri gaitzespenak egiten, eta, bitartean, ohartarazi du Gasteiz izango dela alokairuei muga jarri ahal izango dien Hego Euskal Herriko azken hiriburua.Â
Elkarri aurpegiratze horien kronologia azaldu du: «Irailaren 5ean, Gasteizko alkateak seriotasun falta egotzi zion aldundiari, erreferentziazko prezioen indizea oraindik eskuragarri ez dagoelako», azaldu du Mujikak. Egun hartan bertan, aldundiak alkateari erantzun zion erreferentziazko prezioen indizea kalkulatzeko informazio fiskala duela sei hilabetetik dagoela eskuragarri, hau da, otsailetik. Baina, erantsi du EH Bilduko kideak, «ahaldun nagusiak handik gutxira esan zuen 2022ko datuak ekainaren 30ean bidali zirela eta 2023koak uztailaren 9an».
Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak esan zuen Arabako Foru Ogasunari eskatu ziola beharrezkoak diren aldaketak egin ditzala errenta aitorpenaren zerga moduluan, datuak biltzen hasi ahal izateko. Baina, salaketa horren aurrean, Arabako Aldundiak ukatu du Etxebizitza Sailak eta Eustatek horrekin lotutako inolako eskaerarik egin dutenik.