Etxebizitzarako eskubidea arautzen

Ipar Euskal Herrian badu urte bat alokairuak mugatzeko legea indarrean sartu zela, tentsiopeko 24 herritan; konpentsazio legea ere martxan dago 2023tik. Aldaren ustez, haatik, ez da aski: neurriak zorroztu behar dira, eta berriak asmatu.

Aldak ezarritako afixak Baionan eginiko ekintza batean, ontasunen jabeen gehiegikeriak salatzeko, joan den astean. PATXI BELTZAIZ
Aldak ezarritako afixak Baionan eginiko ekintza batean, ontasunen jabeen gehiegikeriak salatzeko, joan den astean. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko irailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteak dira etxebizitzaren gaiak arazoak sortzen dituela Ipar Euskal Herrian ere, kanpoko geroz eta jende dirudun gehiago heldu baita urtero Lapurdiko kostaldera, itsasotik hurbil etxea erosirik, bakantzak iragatera. Behin uda urrendurik abian dira, eta delako etxeak hutsik gelditzen dira; funtzionamendu horren ondorioek, haatik, urte osoan ere irauten dute bertako jendearendako. Zeren «etxebizitza bat geroz eta kariago erosi, orduan eta gehiago iragaten da auzo horretako etxebizitzen prezioa», Alda auzoetako mugimenduko kide den Malika Peyrautek esplikatu duen bezala.

Bi ondorio dakartza fenomeno horrek: alde batetik, «etxebizitzak oso-oso aberatsek baizik ez dituzte gehiago erosten ahal eta gentrifikazio globala ekartzen du»; beste alde batetik, auzo batetik bestera zabaltzen da fenomenoa, kostatik geroz eta urrunago. Horregatik, «langile klasekoak geroz eta gehiago urruntzera behartuak izanen dira» etorkizunean, Peyrautek dioenez. Prozesu hori, bistan dena, eros parketik harago doa: apartamentuak alokatzeko ber problematikari buru egin behar izaten diote herritarrek.

Ipar Euskal Herrian, gaur egun, 24 herrik osatzen dute etxebizitzaren egoeraren tentsio gunea: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu, Bokale, Donibane Lohizune, Getaria, Hendaia, Hiriburu, Jatsu, Larresoro, Lehuntze, Milafranga, Mugerre, Urruña, Urketa, Uztaritze eta Ziburu; denak Lapurdikoak, baina anitz ez kostakoak.

Alokairuak mugatu

2020an sortu zen Alda, COVID-19 pandemiak Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren egoera gehiago txartu zuen garai bete-betean. Hatsarretik etxebizitzak alokatzen dituzten biztanleei laguntza praktikoa ekartzeko xedea erakutsi dute, ontasunen jabeen gehiegikeriei buru egin eta prozedura judizialak aitzina eramateko, batzuetan. Horien lorpen handienetakoa alokairuak arautzen dituen legea da, iazko azarotik indarrean dagoena Ipar Euskal Herriko tentsiopeko 24 herrietan. «Egiazki, Aldak mahai gaineratu eta bultzatu zuen neurri bat da», Peyrauten ustez.

Konkretuki, legeak ontasunak alokatzeko prezioak finkatzen ditu, baina fite heldu da lehen muga: prezioen mugatze hori egiten da «jadanik biziki gora diren prezioen arabera», hots, 2024ko azaroko prezioen batez bestekoaren arabera, guti gorabehera; halere, «eragotziko du prezioak oraino gehiago emendatzea etorkizunean».

«Etxebizitza bat geroz eta kariago erosi, orduan eta gehiago iragaten da auzo horretako etxebizitzen prezioa; langile klasekoak geroz eta gehiago urruntzera behartuak izanen dira»

MALIKA PEYRAUTAldako langilea

Funtzionamenduaren aldetik, herrika eta auzoka finkatuak dira prezioen mugak: lau eremu bereizi dituzte eta bakoitzari erreferentziako alokairu prezio bat ezarri diote, karguak kanpo, gela kopuruaren, eraikitze urtearen, eta beste zenbait elementuren araberakoa. Prezio horretatik abiaturik, «gehienezko prezioa» arte jo dezake jabe batek, %20 gora eginez, gehienez ere; gorago joatea ilegala da.

Halere, berezko funtzionamendu horretatik harago, ahulezia nabarmena du legeak, Peyrauten arabera: «Ezin dute %20 baino gehiago ezarri, baina, prezio horri alokairu osagarriak gehitzen ahal dizkiote, mugarik gabe; guk uste dugu mugatu behar liratekeela». Lege testuak zehazten duena da alokairuari osagarriak txertatzeko «ezaugarri bereziak» behar dituela etxebizitzak, baina «lausoegia gelditzen da». Ironia eginez, zenbait jabek ezaugarri berezitzat dituztenak deskribatu ditu Peyrautek: «Hegatzeko berina batetik behean eskuin katedralaren punta ikusten bada, edo itsasoaren zati bat... Horiek ez dira ezaugarri bereziak».

Ezaugarri horiek berezitzat onartzeko, halere, auzitegitik iragan behar dira jabeak, baina Peyrautek espero du legeak berak, hasteko, gehiago zehaztuko dituela delako ezaugarriak gehiegikeriak ahalik eta leku gutxien uzteko. Legea esperimentazioan dago mementoko, eta azaroan deliberatuko da aitzina eginen duenetz etorkizunean ere; hala espero dute Aldakoek. Anartean, segitzen dute iruzurrean entseatzen direnak oztopatzen eta salatzen, ekintzak eginez eta herritarrak sentsibilizatuz, jakin dezaten gutienez zer preziotan ordaindu behar luketen egoten diren etxea eta zer heineko alokairu apaltzeak galdegiten ahal dizkieten jabeei.

Konpentsazio legea

Alde batetik, beraz, alokairuen mugatzeko legea dago, eta, bestetik, turismorako etxebizitzak alokairuan jartzeko baldintzak finkatzen dituen beste bat: konpentsazio legea deitzen zaio. Tentsiopean diren 24 herriei aplikatzen zaie lege hori ere, 2023ko martxotik geroz, hots, alokairuak mugatzen dituen legea baino aitzinagotik. Laburbildurik, konpentsazio legeak eskatzen du etxebizitza bat urte osoko alokairuan ezarria ukaitea turismorako alokairua egin ahal izateko. Bi helburu nagusi ditu neurriak: «Zenbait etxebizitza urte osoko bizitokien multzora itzul daitezen, eta, Airbnb logikaren gelditzea; eztabaidaezina da hobekuntza hori».

Etorkizunera begira, Peyrautek argi du mugatzekoa eta arautzekoa izanen den ondoko fenomenoa bigarren etxebizitzena dela. Dispositibo berritzaile baten esperantza dute, herriko etxeei modua emango liekeena, tokiko hirigintza planaren bitartez, herriaren zenbait eremutan lehen bizitegiak baizik ez onartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.