Tentsioa apaldu zaie tentsio handiko eremuei

Etxebizitza larrialdi bete-betean, instituzioek iragarri zuten, prezioak mugatu nahian, zenbait herri tentsio handiko eremu izendatuko zituztela. Errenteria izan zen lehena. Itxaropenaren sugarra, baina, itzali dute burokraziak eta neurrien samurtasunak.

Etxe agentzia baten erakusleihoa, Errenterian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Etxe agentzia baten erakusleihoa, Errenterian. MAIALEN ANDRES / FOKU
kristina martin
2025eko irailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 2an beteko da urtebete Eusko Jaurlaritzak Errenteria (Gipuzkoa) tentsio handiko eremu izendatu zuenetik. Izendapen hori jasota dago Espainiako Diputatuen Kongresuak 2023an onartu zuen Etxebizitza Legean. Etxebizitza arloan larrialdi egoera bat dagoela aitortu ondoren, zenbait herri hala izendatzeak helburu nagusi bat du: modu ero batean garestitu diren alokairuaren prezioak egonkortzea.

Iaz Errenterian eginiko agerraldian, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea eta Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua itxaropentsu azaldu ziren, izendapena eskuratzeak lagunduko zuelakoan egoeraren larritasuna leuntzen. «Orain arte eduki ez ditugun baliabideak eskainiko dizkigu», adierazi zuen Otaegik. «Ez da keinu hutsa: konpromiso eta ardura bat da», erantsi zuen Itxasok.

Urtebeteren ostean, lausotu dira hasierako ilusioa eta itxaropena; ahuldu da izendapenak hasieran erakutsi zuen giharra, batez ere burokraziaren eta neurrien eragin mugatuaren ondorioz. Batetik, izendapena Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu zenean jarri zelako indarrean —urtarrilaren 30ean—. Bestetik, alokairuaren prezioen mugak ezartzeko beharrezkoak diren datuak —erreferentziazko indizeak— argitaratu gabe daudelako. Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio indize horiek Espainiako Gobernuari ematea.

Aizpea Otaegi
Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea. MAIALEN ANDRES / FOKU

Aizpea Otaegi kritiko azaldu da indizeen atzerapena dela eta. Alkatearen esanetan, horren erruz, Errenteria tentsio handiko eremu  izendatzea «hankamotz» geratu da. Salatu duenez, «denbora oso baliotsua galtzen ari gara alokairuaren merkatuan eragiteko, eta herritarren artean frustrazioa sortzen ari da». Alkatearen iritziz, «instituzio horiek ez daude urgentziazko auziek eta herritarrek eskatzen duten mailan». Kaleratzeak Stop plataformak ere kritikatu du erakundeen geldotasuna. Uste du atzerapena justifikaezina dela eta Etxebizitza Legeari boikota egiten ari direla.

«Egoera hain da larria, instituzioen agendetan lehentasunezko gaia izan beharko luke, guztion inplikazioa eta elkarlana behar delako, eta ez dakit horretan gauden...»

AIZPEA OTAEGI Errenteriako alkatea

Tentsio handiko eremu izendatzeak alokairuaren prezioan izango duen eraginari buruz galdetuta, alkateak erantzun du badakiela ez dela berehalakoa izango. «Merkatuan dauden errenten igoerak kontrolatu ditzake, baina ez abiapuntuko prezioa».

Gainera, Errenteriako alkateak argi du tentsio handiko eremu izendatze hutsa ez dela nahikoa etxebizitzaren merkatuan eragiteko. Udalak beste neurri batzuk ere hartu ditu: turistentzako etxebizitzak mugatzea, etxebizitza hutsen zergaren errekargua (%150ekoa), baita etxeetan hobekuntzak egiteko diru laguntzak eman ere.

Aizpea Otaegik ohartarazi duenez, «egoera hain da larria, ezinbestekoa baita ausardia eta ekintza politiko irmoa eta koordinatua». Alkateak inplikazio handiagoa eskatu du: «Instituzioentzat lehentasunezko gaia izan beharko luke, guztion inplikazioa eta elkarlana behar delako, baina ez dakit horretan gauden...».

Etxebizitza Sailarekin izan dituzte hartu-emanak, baina faltan sumatu ditu «politika irmo eta bateratu horiek egituratzeko eremu komunak». Eusko Jaurlaritzari eskaera zuzena egin dio: «Udalak dauzkagun baliabide guztiak ari gara jartzen, baina ahalegin guztiak koordinatzeko lidergo bat behar da, eta hori Etxebizitza Sailari dagokio».

(ID_17588917654625) (/EZEZAGUNA) Aterpe higiezinen agentzia. Errenteria
Jon Altuna Albisu, Aterpe etxe agentziaren jabea. BERRIA

Jon Altuna Aterpe etxe agentziaren jabea da. Haren aburuz, araudi berriak okertu egingo du epe luzeko alokairuzko etxebizitzen eskasia Errenterian. «Dei asko jaso ditugu neurri berriei buruz galdezka», dio. Jabeek esaten diotenaren arabera, legeak maizterren alde berme batzuk ezarri dituenez, jabe askok erretiratu dute etxea merkatutik. «Beldur dira errenta ordaintzen ez badiete ezingo dituztela etxetik kanporatu», azaldu du Altunak. Batzuek etxea hutsik mantentzen dute, eta beste batzuek saltzea erabaki dute. 

Agentzian kudeatzen dituzten epe luzeko kontratuak, esaterako, %25 jaitsi dira azken urtean. Egoeraren larria islatzeko joan zen astean gertatutakoa gogoratu du: «Iragarki bat jarri genuen, eta ordu erdi batera kendu behar izan genuen; izan ere, hiru pertsona ari ginen lanean, eta dei guztiei erantzun ezinik geunden. Gutxienez, 70 dei jaso genituen».

«Alokairuak lortzen dituzte profil onenek: nomina onak dituztenek; hain zuzen, alokairua lortzeko arazorik inoiz izan ez dutenek»

JON ALTUNA Aterpe etxe agentziaren jabea

Maizterren casting zorrotza

Eskaintza eta eskaeraren arteko desoreka horrek bazterketa soziala sustatzen du. Adierazi duenez, egoera prekarioan daudenek ia ezinezko dute etxea lortzea. Are gehiago, azterketa gainditzeko aukera handirik ere ez dute haur txikiak dituzten familiek eta gaixotasunen bat duten pertsonek. «Alokairuak lortzen dituzte profil onenek: nomina onak dituztenek, alokairua lortzeko arazorik inoiz izan ez dutenek, alegia».

Eskasia horrek gehiegikeriei bide eman die: «Batzuek gelaka alokatzen dituzte edo aldi baterako alokairura jotzen dute, arauditik ihes egiteko», adierazi du Altunak. Aldi baterako kontratuak egin nahi izaten dituzte ohiko etxebizitzaren kontratuak dituen bermeetatik ihes egiteko, baina «ez dira legezkoak behin-behinekotasun hori behar bezala justifikatzen ez bada». Kategoria horretan daude ikasleei ikasturtean egiten zaizkien kontratuak edo denboraldi jakin baterako beste hiri batera mugitzen diren langileei egiten zaizkienak.

ROSA GARCIA
Rosa Garcia, Kaleratzeak Stop plataformako kidea. MAIALEN ANDRES / FOKU

Zenbait familiarentzako arnasa 

Kritika nagusi bada ere, izendapenaren eragin positibo bat nabarmendu du Kaleratzeak Stop plataformak. Izan ere, legeak agindutakoa betez kontratua luzatzea lortu duten hamabost familiaren berri eman du plataformak. Donostiakoak eta Errenteriakoak dira. «Jende asko iristen ari zaigu arazo honekin. Bost urtez alokairua ordaindu ostean, jabearen jakinarazpena jasotzen dute etxea uzteko». Kaleratzeak Stop plataformak salatu duenez, «jabeek kontratu hori amaitu nahi dute, berri bat egin ahal izateko eta garestiago jartzeko». Familia horiek gehienetan ez dute nora joan, eta, beraz, etxean geratzen dira. Orduan etxegabetzeko salaketa jartzen du jabeak epaitegian.

Tentsio eremuetan ezin da hori egin. Alokairuan daudenek, errenta ordaintzen ari badira, hiru urte arte luza dezakete kontratua. «Etxebizitza lortzea ia ezinezko bihurtu den garai honetan, familia askori arnasa eman die», adierazi du Rosa Garcia plataformako kideak.

«Etxebizitza lortzea ia ezinezko bihurtu den garai honetan, [kontratua luzatzeko aukerak] familia askori arnasa eman die»

ROSA GARCIA Kaleratzeak Stop-eko kidea

Garciak jakinarazi duenez, «artatu ditugun familia guztiei galdetuta, ezein jabek ez die eskaini kontratua luzatzea». Kasu horietan, Kaleratzeak Stop plataformaren iritziz, tentsio handiko eremu izendatzeak lagundu dezake etxegabetze kasu horiek gutxitzen. «Ohiko etxebizitzaren kontratua berritzen denean, jabeak lehengo kontratuaren prezioa mantendu behar du. Beraz, jabeari ez zaio interesatzen hilabetero ordaintzen ari diren maizterrak bota beste batzuk hartzeko». Hala ere, beste bide batzuk hartzen dituztenak ere badira, eta ohiko etxebizitzaren kontratuak amaitu nahi dituzte «turistentzako etxebizitza gisa erabiltzeko edo aldi baterako alokairu gisa merkaturatzeko».

«Iruzurra da eta auzitara jo daiteke»

Etxebizitzaren Legeak ez ditu arautzen aldi baterako alokairuak, eta «jabe handiak zein txikiak baliatzen ari dira legearen zirrikitu hori iruzurra egiteko». Horrela, gero eta gehiago erabiltzen dira aldi baterako kontratuak ohiko etxebizitzaren kontratuen ordez. Kaleratzeak Stop-ek salatu dutenez, «iruzurra da, legez kanpokoa», baina «jendea edozer onartzeko prest dagoenez...». Hala ere, «jakin behar dute auzitara jo daitekeela, eta jabea behartu dezaketela bost urteko kontratua izatera».

Karla Pisano
Karla Pisano, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako (EHESS) kidea. ARITZ LOIOLA / FOKU

Era berean, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak (EHESS) gogorarazi duenez, maizterrek auzitara jotzeko aukera duten arren, gehienek ez dute egiten. Karla Pisano mugimendu horretako kidearen hitzetan, jendearen ezjakintasunaz eta beharraz baliatzen dira jabeak. «Eskubideak aitortuta daude, baina horiek urratu ez daitezen bide juridikoak labirinto huts dira, eta garestiak; langileak, oro har, ez dira prozesu horietan sartzen».

«Eskubideak aitortuta daude, baina horiek urratu ez daitezen bide juridikoak labirinto huts dira, eta garestiak; langileak, oro har, ez dira prozesu horietan sartzen»

KARLA PISANOEtxebizitza Sindikatuaren bozeramailea

Tentsio handiko eremuek ekar ditzakeen onuren inguruan oso ezkorra da Pisano. Iritzi dio Etxebizitza Legeak ez duela balio prezioan esku hartzeko eta ez duela jabeen etekinen murrizketa egiten. Etxebizitza Sindikatuaren bozeramailearen iritziz, «hamar urteotan alokairuaren prezioak %62ko igoera izan duela aintzat hartuta, neurriaren eragina oso mugatua izango da». Gainera, prezioen mugak aplikatzen dira azken bost urteotan alokatu gabeko etxebizitzei, kontratu berriei eta jabe handiei. «Euskal Herriko etxe jabe gehienak —%86— jabe txikiak dira», azaldu du.

Nolanahi ere, neurriak iragarri zirenean, «etxe enpresek iragarki katastrofistak plazaratu zituzten». Bi helbururekin, Pisanoren aburuz, merkatuan dauden inbertitzaile txikiak uxatzeko eta sasoiko kontratuak handitzeko.

Etxebizitza Sindikatuak uste du legeak sortzez dituela akatsak. Legearen abiapuntua da etxebizitza gutxi dagoela, baina, Pisanoren esanetan, arazoa beste bat da. Haren ustez, «etxebizitza politiken helburua da etxeak dituztenen edo eraikitzen dituztenen etekinak bermatzea». Adibide batzuk eman ditu: iaz onartutako erreforma fiskalean jabeentzako murrizketak %100era artekoak diren bitartean, alokairua ordaintzen ari diren gazteentzat %35ekoak dira. Hipoteken abalak, esaterako, «negozio biribila banketxeentzat, %100eko hipotekak ematen dituzte, eta, hortaz, interesetan gehiago irabazten dute eta, gainera, diru publikoa jasotzen dute». EHESSko bozeramaileak salatu duenez, «lurzoru publikoa ekimen pribatuaren esku uzten dute, zertarako eta 300.000 euroko etxebizitza tasatuak jartzeko».

Gaur-gaurkoz egiturazko aldaketak egiteko asmorik ez dagoela uste du Pisanok: «Etxebizitzaren lobbya oso boteretsua da, eta gure agintariak egiten ari diren politikek lobby horren etekina bilatzen dute». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.