Espainiako Gorteek Etxebizitza Legea onartu zutenetik bi urte baino gehiago igaro diren honetan, Hego Euskal Herriko 23 udalerri tentsio handiko eremu izendatu dituzte; hala iragarri dute gaur Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta, beraz, alokairuaren prezioen indize bat sortu beharko dute udalerri horietan, eta neurri gehiago hartu alokairu eskaintza handitzeko.
Iruñea eta Donostia dira tentsio handiko eremu izendatu dituzten udalerri jendetsuenak, eta oraingoz Hego Euskal Herrian izendapen hori duten handienak. Horiez gain, Galdakaoko (Bizkaia) bigarren barrutia eta Nafarroako beste hogei udalerri izendatu dituzte tentsio handiko eremu, herrialdeko populatuenetakoak: Lizarra, Tutera, Eguesibar, Burlata, Barañain, Zizur Nagusia, Aranguren, Berriozar, Tafalla, Antsoain, Atarrabia, Elortzibar, Corella, Baztan, Altsasu, Uharte, Cintruenigo, Berriobeiti, San Adrian eta Azkoien.
Espainiako Etxebizitza Legeak hainbat mekanismo ditu alokairuaren merkatuan esku hartzeko, baina horretarako ezinbestekoa da udalerriak tentsio handiko eremu izendatzea, dagokion udalak horretarako eginbideak abiatuta. Hori dela eta, legearen tresna gehienak oraindik ez dira aplikatzen Hego Euskal Herriko udalerri gehienetan, udal gutxi baitira izendapen hori eskuratu dutenak: Gipuzkoan, Lasarte-Oria, Errenteria, Irun eta Zumaia; eta Bizkaian, Barakaldo. Etxebizitzaren alorreko hainbat eragilek —besteak beste Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak— gaitzetsi izan dute Espainiako Etxebizitza Legea: Etxebizitza Sindikatu Sozialistak «fartsatzat» dauka, eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak nabarmendu izan du legea «mugatua» dela.
%31,5Tentsionatutako eremuan bizi den Hego Euskal Herriko biztanleriaren ehunekoa. Hego Euskal Herriko hiru biztanleko bat tentsionatutako eremuan bizi da ia. Izan ere, 2.887.352 pertsona bizi dira Hego Euskal Herrian, 2024ko datuen arabera, eta horietako 913.222 tentsionatutako eremu izendatutako udalerrietan daude erroldatuta.
Tentsio handiko eremuen izendapenek hiru urteko indarraldia dute, eta, udalerrian dauden alokairuen datuetan oinarrituta, erreferentziazko indize bat osatu behar da tarte horretan. Hortik aurrera, etxejabe handiek taula horietan oinarrituta jarri beharko dituzte alokairuaren prezioak —legearen arabera, hamar etxebizitza edo gehiago dituzten pertsona fisiko eta juridikoak dira etxejabe handiak, edo 1.500 metro koadrotik gorako etxebizitza bat duten jabeak—. Baina ez jabe handiek soilik, gutxienez azken bost urteetan etxebizitza bat hutsik eduki dutenek ere taula horien arabera ezarri beharko dituzte alokairuen prezioak. Hain zuzen, Donostiako EH Bilduk Eneko Goia alkateari eskatu dio legeak ezartzen dituen neurriak martxan jartzeko; gainera, izendapena nahikoa ez dela uste du koalizio subiranistak, iritzi baitio erreferentziazko prezioen indizeak egitea falta dela oraindik.
Horrez gain, horretarako eskumenak dituzten erakundeek beste hainbat neurri hartu behar dituzte alokairu eskaintza handitzeko. Esaterako, Galdakaoko Udalak iragarri zuen jada tentsionatutako eremuaren barruan 200 etxebizitza eraikiko zituela, horietatik 104 babestutako etxebizitzak izango direlarik. Gainera, Etxebizitza Legearen 18.5 artikuluaren arabera, Espainiako Gobernuak ere esku hartzeak egin ahal izango ditu tentsio handiko eremu horietan; adibidez, «arrazoizko etxebizitza» eskaintza bultzatzeko politikak ezar ditzake, eta alokairuen prezioei bere hartan eusteko edo apaltzeko finantzaketa mekanismoak aktibatu.
Hiru urteko epe hori luzatzeko aukera ere badago, legearen arabera: «Eremu bat tentsio handiko bizitegi merkatuko eremu deklaratzearen indarraldia hiru urtekoa izango da, eta urtero luzatu ahal izango da prozedura berari jarraituta, baldin eta hala deklaratzea eragin zuten inguruabarrek bere hartan irauten badute».
Beste zenbait neurri ere zehazten dira legean; adibidez, alokairuaren prezioa apaltzen duten jabeek hobari fiskalak izango dituzte. Errenta %5 baino gehiago jaisten duten jabeek %90erainoko kenkariak izan ditzakete alokairu horiengatik ordaintzen dituzten zergetan, Espainiako Gobernuak gogorarazi duenez. Hau da, jabeek ez dute galerarik izango, eta ogasunek diru gutxiago bilduz konpentsatuko da alokairuen apaltzea.
Bermeo, bide berean
Hego Euskal Herriko 23 udalerri horien izendapena orain iragarri bada ere Espainiako Aldizkari Ofizialean, eskariak lehenagokoak dira, beharrezkoa baita zenbait tramite egitea izendapena eskuratzeko. Bada gaur, hain justu, Bermeoko Udalak iragarri du tramitazio bide horri ekingo diola, eta, tentsio handiko eremutzat hartzen dutenean, izendapen hori duten Bizkaiko udalerri bakanetakoa bilakatuko da. Izan ere, Barakaldo da oraingoz Bizkaiko tentsio handiko gune bakarra. Hala ere, Espainiako Etxebizitza Ministerioak iragarri du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste hainbat udalerri izendapen hori lortzeko bidean direla.
Gaurko izendapenak kontuan hartuta, gaur egun ia milioi bat pertsona bizi dira tentsio eremu izendapena duten 28 udalerri horietan; zehazki, 913.222, Espainiako Estatistika Institutuak 2024. urtean egindako erroldaren arabera. Hala, Hego Euskal Herriko biztanleriaren %31,5 bizi da tentsionatutako eremuetan, ia hiru milioi biztanle baitaude Hego Euskal Herrian, 2024ko urtarrilaren 1eko erroldak dioenez.