Berria Ikasgelako sariak banatu dituzte, galdera, musika eta dantza artean
Azpeitiko Izarraizpe ikastola publikoko eta Urretxu-Zumarraga ikastolako ikasleek jaso dituzte sariak. La Basu abeslaria izan da ekitaldian, eta ikasleek elkarrizketa egin diote zuzenean.
Kazetarien harrobicloseJarduera jakin baterako dohain bereziak dituzten pertsonak ematen dituen tokia; bereziki, jarduera jakin baterako dohain bereziak dituztenen multzoa oparoa closezabala, aberatsadute Azpeitiko Izarraizpe ikastola publikoan (Gipuzkoa) eta Urretxu-Zumarraga ikastolan (Gipuzkoa); horixe erakutsi dute BERRIAk Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean duen egoitzara egindako bisitan: Elena Caballero La Basu rap kantariari egin diote elkarrizketa, aurrez aurre eta zuzenean.
Bi ikastetxe horietako ikasleek egindako komunikazio proiektuek irabazi dituzte BERRIA Ikasgela sariak. Orotara hamabost ikastetxe eta 50 ikasgela aurkeztu dira lehiaketaren 3. aldi honetara. Izarraizpeko DBHko 4C eta Urretxu-Zumarragako DBHko 1B ikasgeletako gaztetxoek eskuratu dute saria, eta, sariak banatzeko ekitaldian, elkarrizketa kolektiboa egin diote artistari, eta, galdera eta galdera artean, rap kantariak dantzan jarri ditu ikasleak, irakasleak, kazetariak... Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Amagoia Mujika BERRIA egunkariko zuzendaria ere bertan izan dira, eta biak ala biak ere dantzan aritu dira.
Izarraizpeko ikasle Jone Amenabarrek Aitor Aranaren Amodioaren gazi-gozoak eleberriaren literatur kritika egin du, eta huraxe aurkeztu dute sariketara. «Gaur egungo neska bat da protagonista, baserri batera joaten dena. Han, XX. mendearen hasierako neska baten egunerokoa topatzen du, eta leitucloseirakurri egiten du. Liburua asko gustatu zait. Diferentea egin zait; ez neukan horrelako libururik irakurrita. Gomendatzeko modukoa da», nabarmendu du Amenabarrek.
Haren irakasleak, Alaitz Uzkudunek, literatura nola landu duten nabarmendu du: «Liburua ozen irakurri genuen, atril batetik, txandaka. Hiruzpalau astez, tertulia dialogiko bidez eta hausnarketa bidez landu genuen, eta horrela iritsi ginen, argudio testuen barruan, literatur kritikak egitera. Zorionez, idazlea ere etorri zitzaigun ikasgelara. BERRIA Ikasgela sariak proiektua guztiz biribildu du».
Gertatu izan ez balitz
Urretxu-Zumarraga ikastolako DBHko 1B gelako ikasleek egin duten komunikazio proiektua, berriz, diziplinartekoa izan da. «Proiektuan zera egin behar genuen: gertakari historiko bat hartu —adibidez, Kolon Ameriketara iritsi zela—, eta ikusi zer gertatuko zatekeen hori gertatu izan ez balitz», azaldu du Ekhi Oiartzabal ikasleak. «Lehenengo, ipuinak idatzi ditugu, banaka, eta gero komikiak egin ditugu, binaka», segitu du Maialen Elorzak. Maider Aranzadik zehaztu du ezer baino lehen zera egin dutela: «Gertaeran sakondu dugu, eta pentsatzen aritu gara». Eta, idazteko orduan, euskara hartu dute aintzat. Danel Araiztegik esan duenez, «testu antolatzaileekin-eta» osatu dute lana.
«BERRIA Ikasgela saria leiho bat da ikasleen lana ikusarazteko. Maiz erabiltzen dugu BERRIA Ikasgelaren webgunea albisteak lantzeko, hiztegia osatzeko, grafikoak aztertzeko...»
Maria Alberdi eta Ane Eraña irakasleek koordinatu dute proiektua. «Ikasgai guztietan zuzenki edo zeharka lantzen da hizkuntza, eta, bi diziplinak bateratuta, ikusi dugu aberasgarriagoa dela haientzat, ikasi dituzten jakintza guztiak konektatzen dituztelako. BERRIA Ikasgela saria leiho bat da ikasleen lana ikusarazteko. Maiz erabiltzen dugu BERRIA Ikasgelaren webgunea albisteak lantzeko, hiztegia osatzeko, grafikoak aztertzeko...», nabarmendu du Alberdik.
Eta Mujika eta Pedrosa eskertuta mintzatu zaizkie. «Saria baino askoz handiagoa da egiten ari zaretena: munduari beste modu batean begiratzen eta ulertzen ikasten ari zarete», adierazi du Hezkuntza sailburuak. «Zuetako batzuk izango zarete, akaso, gure etorkizuna», nabarmendu du BERRIAko zuzendariak: «Hala izatea nahiko genuke: zuen lanen bidez zaletasuna eta iaiotasuna erakutsi duzue». La Basuri egindako elkarrizketan ere bai, eta baita erredakziora igo direnean ere.
Jatorrizko artikuluak
-
Idatzi, galdetu, dantzatu eta irabazi
Mikel Elkoroberezibar Beloki |
|