Kazetaritzak eta hezkuntzak alor askotan egiten dute bat, eta bietan ezinbestekoa da jakin-mina. Irakasleak gai izan behar du ikasleen jakin-mina bultzatzeko eta hura asetzeko, eta kazetariak, jakin-minik gabe, nekez egin dezake bere lana. Alde horretatik, kazetarien harrobi oparoa dute Azpeitiko Izarraizpe ikastola publikoan (Gipuzkoa) eta Urretxu-Zumarraga ikastolan (Gipuzkoa); horixe erakutsi dute BERRIAk Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean duen (Gipuzkoa) egoitzara egindako bisitan: Elena Caballero La Basu rap kantariari egin dioten elkarrizketa da horren adierazgarri, eta ikasleek erredakzioa ikusi bitartean haien galderei erantzun dieten kazetariak izan dira horren lekuko.
Jakin-mina, baina, ez da inoiz hutsala. Balio du, eta saritu ere egiten da. Hain zuzen ere, bi ikastetxe horietako ikasleek egindako komunikazio proiektuek irabazi dituzte BERRIA Ikasgela sariak —hamabost ikastetxe eta 50 ikasgela aurkeztu dira—, eta atzo banatu zizkieten Martin Ugalde kultur parkean. Izarraizpeko DBHko 4C eta Urretxu-Zumarragako DBHko 1B ikasgeletako gaztetxoekin izan ziren, halaber, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Amagoia Mujika BERRIA egunkariko zuzendaria. La Basuri elkarrizketa kolektibo bat egin zieten ikasleek, eta, galdera eta galdera artean, rap kantariak dantzan jarri zituen ikasleak, irakasleak, kazetariak... Sailburua eta zuzendaria ere bai, pentsa. Denetarik egin baitaiteke ikasgelan: idatzi, galdetu, dantzatu eta irabazi.

Ondo daki hori Izarraizpeko ikasle Jone Amenabarrek. Aitor Aranaren Amodioaren gazi-gozoak eleberriaren literatur kritika egin du, eta huraxe aurkeztu dute BERRIA Ikasgela sariketara; aurkeztu, eta saritu. «Gaur egungo neska bat da protagonista, baserri batera joaten dena. Han XX. mende hasierako neska baten egunerokoa topatzen du, eta leitu egiten du. Liburua asko gustatu zait. Diferentea egin zait; ez neukan horrelako libururik irakurrita inoiz, eta azkarra da irakurtzeko. Gomendatzeko modukoa da», nabarmendu du Amenabarrek.
Haren irakasleak, Alaitz Uzkudunek, ikasgelan literatura nola landu duten nabarmendu du: «Liburua ozen irakurri genuen: U forman eseri ziren ikasleak, eta atril batetik irakurri zuten, txandaka. Hiruzpalau astez, tertulia dialogiko bidez eta hausnarketa idatziz zein ozen eginez landu genuen, eta horren bidez iritsi ginen, argudio testuen barruan, literatur kritikak egitera. Zorionez, idazlea ere etorri zitzaigun ikasgelara. BERRIA Ikasgela sariak proiektua guztiz biribildu du».
Gertatu izan ez balitz
Urretxu-Zumarraga ikastolako DBHko 1B gelako ikasleek egin duten komunikazio proiektua, berriz, diziplinartekoa izan da, zubi bat izan baita Euskara eta Gizartea ikasgaien artean. «Proiektuan zera egin behar genuen: gertakari historiko bat hartu —adibidez, Kolon Ameriketara iritsi zela—, eta ikusi zer gertatuko zatekeen hori gertatu izan ez balitz», azaldu du Ekhi Oiartzabal ikasleak. «Lehenengo, ipuinak idatzi ditugu, banaka, eta gero komikiak egin ditugu, binaka», segitu du Maialen Elorzak. Maider Aranzadik zehaztu du, hori bai, ezer baino lehen zera egin dutela: «Gertaeran sakondu dugu, eta pentsatzen aritu gara». Eta, idazteko orduan, Euskara ikasgaian jasotakoak erabili dituzte, Danel Araiztegik esan duenez: «Euskaran ikasitakoekin idatzi genuen testua; testu antolatzaileekin-eta».
«BERRIA Ikasgela saria leiho bat da ikasleen lana ikusarazteko»
MARIA ALBERDIUrretxu-Zumarraga ikastolako irakaslea
Maria Alberdi eta Ane Eraña irakasleek koordinatu dute proiektua. «Edukiak errepikatzea saihestu dugu horrela. Ikasgai guztietan zuzenki edo zeharka lantzen da hizkuntza, eta bi diziplinak bateratuta, ikusi dugu aberasgarriagoa dela haientzat, ikasi dituzten jakintza guztiak konektatzen dituztelako. Erakusten die bizitzan dena kontuan eduki behar dela, eta elkarlana. BERRIA Ikasgela saria leiho bat da ikasleen lana ikusarazteko», nabarmendu du Alberdik. Bi ikastetxeetan maiz erabiltzen dute BERRIA Ikasgelaren webgunea, albisteak lantzeko, hiztegia osatzeko, grafikoak aztertzeko...
Eta Mujika eta Pedrosa eskertuta zuzendu zaizkie. «Saria baino askoz handiagoa da egiten ari zaretena: munduari beste modu batean begiratzen eta ulertzen ikasten ari zarete», adierazi du Hezkuntza sailburuak. «Zuetako batzuk izango zarete, akaso, gure etorkizuna», nabarmendu du BERRIAko zuzendariak: «Hala izatea nahiko genuke: zuen lanen bidez grina, zaletasuna eta iaiotasuna erakutsi duzue». La Basuri egindako elkarrizketan ere bai, eta baita erredakziora igo direnean ere. Kronika honen tituluak ikasleen onespena du.