Cira Crespo: «Irakurketa erraza euskaraz irakurtzeko atea izan daiteke»

  • Albistea entzun

Historialari baten ikuspuntutik aztertzen du guztia Cira Crespok (Bartzelona, 1980). 'Euskal Herriko 40 emakume. Egon ginen, izan ginen' liburua argitaratu du (Ediciones Beta), Elena Ziordiaren ilustrazioek jantzita. Euskal Herriko hainbat emakumeren historia bildu dute bertan, irakurketa errazean eta euskaraz.

Nor izan zen Eulalia Abaitua?

Oso pertsona garrantzitsua izan zen, Euskal Herriko lehen emakume argazkilarietako bat. Batez ere, haren ikuspuntua azpimarratuko nuke: garai hartan, jende dirudunari egiten zizkieten argazkiak, eta bera, kamera atera, eta argazkiak ateratzen hasi zen herrietan, jende arruntari, beste begirada batekin. Oso argazki interesgarriak ditugu hari esker.

Horiei esker iritsi dira hainbat izen eta aurpegi gaur arte. Liburuarekin paralelismo bat egin liteke.

Ez nuen pentsatua, baina gutxi gorabehera, bai. Liburuaren helburua da jende ezberdinarengan arreta jartzea. Emakume askoren istorioak bildu ditugu.

Zergatik berrogei horiek? Nola egin duzue aukeraketa?

Baginen. Euskal Herriko historia emakumeen bitartez liburua egin genuen [Txalaparta, 2020], antzerako planteamendua duena. Bertan, ariketa sakon bat egin genuen, Euskal Herriko historia ezagutzen lagunduko ziguten emakumeak aukeratzeko. Kasu honetan, beste emakume batzuk hartu ditugu, liburu bera ez egiteko. Oso emakume bereziak atera dira; adibidez, Remigia Etxarren funanbulistacloseEkilibrista.. Asko gustatu zait hura ezagutzea.

«Oso emakume bereziak atera dira; adibidez, Remigia Etxarren funanbulista».

Cira Crespo (historialaria)

Izen propioez gain, erraketistak, saregileak, neskameak eta abar ere aipatu dituzue. Zergatik?

Lanbideen gaia ere ukitu nahi genuen, bai. Izen propioak ere saiatzen naiz testuinguru historikoan jartzen, ez izateko izen bat bakarrik. Zergatik bizi izan da horrela? Bada, testuinguru historiko jakin batean dagoelako. Lanbideen kontuarekin zentzu sozialago batetik lantzen duzu gaia.

Emakumeek historian izan duten rola nabarmentzea izan da asmoa?

Bai, eta, kasu honetan, beste helburu bat gehitzen da, irakurketa errazaren moduan planteatuta dagoelako. Euskarazko irakurketa bultzatzea ere izan da helburua. Izan ere, askotan, liburu klasikoak egokitzen dira irakurketa errazerako, eta horrelako gaiak ez dira lantzen. Beraz, zergatik ez egin horrelako liburu bat, emakumeen istorioak kontatuz?

«Euskarazko irakurketa bultzatzea ere izan da helburua. Izan ere, askotan, liburu klasikoak egokitzen dira irakurketa errazerako, eta horrelako gaiak ez dira lantzen».

Cira Crespo (historialaria)

Eta abiapuntua bazeneukaten: Baginen.

Pentsatzen hasi ginen: «Zergatik ez dugu egokitzen egin genuen lan hori umeentzat?». Zeren, egia da, gure lehen liburua sakona da. Gero, irakurketa errazeko arauak ikusi genituen, eta oso egokia iruditu zitzaigun. Ez dakit badakizun zer den irakurketa erraza...

Edukiak egokitzea, irakurtzeko zailtasunak dituztenek errazago irakurtzeko?

Bai, hori ere bai, arreta mantentzeko zailtasunak dituztenek-eta, baina ez horiek bakarrik. Hizkuntza gutxi menderatzen dutenentzat ere bada. Eta, hizkuntza gutxituetan, beste gauza batzuk gehitzen zaizkio horri: adibidez, pertsona batzuek euskaraz hitz egiten dute, baina ez dira ausartzen euskaraz irakurtzera, beti irakurri dutelako gaztelaniaz. Irakurketa erraza izan daiteke euskaraz irakurtzen hasteko atea.

Zer ezaugarri izan behar ditu horrelako testu batek?

Arau batzuk bete behar dituzu, zigilu moduko bat jartzeko: letra argiak jarri, elipsiacloseHitzak kentzea edo laburtzea.
k saihestu, estilo zuzena eta termino zehatzak erabili... Idazle bezala, oso esperientzia aberasgarria izan da. Testu ulergarriak sortzen saiatzen zara beti, baina, honekin, lortu dut nire 9 urteko umeak, nire 12 urteko umeak eta nire lagunek liburua interesez irakurtzea.

«Lortu dut nire 9 urteko umeak, nire 12 urteko umeak eta nire lagunek liburua interesez irakurtzea».

Cira Crespo (historialaria)

Historia irabazleek idazten dutela esaten da. Esan liteke, horrez gain, gizonek idazten dutela?

Autore bati irakurri nion aurrekoan: «Zuk, historialari moduan, non irudikatzen duzu zeure burua historiaz idazten duzunean?». Beraz, gizonek non irudikatzen dute beren burua? Bada, gizonekin. Horrela idatzi da historia orain arte. Horregatik daude gero hutsuneak, historia aurreiritziekin egiten delako.

Eta nola amaitzen du Kataluniako emakume batek Euskal Herriko emakumeen historiaz idazten?

Duela 14 urtetik bizi naiz Gasteizen. Historialaria bazara, leku batera bizitzera joanez gero, hango historiaz interesatzen hasten zara. Agian, musikagilea bazara, musikan jarriko duzu arreta. Nik historikoki pentsatzen dut beti: nolatan gauden hemen, zergatik... Emakumea naiz, eta Euskal Herrian bizi naiz; beraz, horregatik amaitu dut hemen.

Jatorrizko artikuluak