«Gu pertsona hobeak izatea eduki behar du helburutzat hezkuntzak, eta horretarako bidea galderak egitea da»

Cesar Bona lehen 50 sailkatuen artean dago Global Teacher Prize sailkapenean. Ostiralean hitzaldia emango du Donostiako Tabakaleran, Kutxa fundazioaren Jakingura jaialdian.

Cesar Bona (Ainzon, Zaragoza, Espainia, 1972) irakaslea eta idazlea da. Lehen 50 sailkatuen artean dago Global Teacher Prize sailkapenean. Irakasleen Nobel Sari gisa da ezaguna sailkapen hori.  Ostiralean, Donostiako Tabakaleran, Kutxa fundazioak antolatutako Jakingura jaialdiaren barnean entzuteko aukera izango da.

Gogoeta sakonak eginak dituzu hezkuntzaren eta gizartearen loturaren inguruan. Azalduko zeniguke ideia nagusia?

Niretzat, eskola lau paretatatik harago doan zerbait da. Nire ustez, kanpokoa hobetu behar du. Horrek esan nahi du pertsonen ezaugarri positiboak sustatu behar dituela.

Eskolak gizartea eralda dezakeela esan izan duzu. Garatuko zeniguke ideia hori?

Uste dut eskolak ez direla informazioa jasotzeko toki bat bakarrik, baizik eta baita elkarrekin bizitzen ikasteko toki bat ere. Horregatik, eskolek bizitzarako master bat izan beharko lukete, non familiaren irakaspenak osagarri izango diren gizartearen parte izateko irakaspenekin.

Eskolak tresna sozialak eman behar dituela aipatu dituzu. Zer tresna dira horiek?

Norberak kontuan izan behar du bere hitzek, jokaerek eta egiteko moduek eragina dutela besteengan. Hori denek ulertzea gauza handia litzateke, eta denak irakaspen horrekin aterako balira gizartera, pentsa ezazu. Niretzat hori da eskolaren helbururik garrantzitsuena: eskolatik irteten direnean gizartea hobetzea. Ikastetxeek ikasteko zentroak izan behar dute, baina baita haurrak eta nerabeak seguru sentiaraziko dituzten tokiak ere, elkarbizitza sanoa eta errespetuzkoa eskaintzen duten tokiak, eta ezagutza horrek gero gizartean eragina izan behar du. Hobeak izaten lagundu behar digu, gure onena ateratzen.

Adimen artifiziala eskura izanda, nola jorratu liteke pentsamendu kritikoa?

Erronka nabarmena daukagu aurrean. Ezin dugu espero izan adimen artifizialak hobeak egin gaitzan dena haren esku utzita. Adimen artifiziala hemen dago, gurekin. Bi aukera ditugu: onartu edo ez onartu. Ez baduzu onartzen, oso litekeena da atzean geratzea, baina onartzeak zer esan nahi duen aztertu behar dugu. Aztertu behar genuke zer esan nahi duen norbaitek botoi bat sakatuta galdera baten erantzuna aurkitu ahal izateak, lehen erantzun hori bilatu egin behar baitzen, kontrastatu, huts egin eta berriz ere bilatzen saiatu… Horregatik, kontuz ibili behar dugu lehen erantzun erraz horrekin. Arreta handiagoa jarri beharko genuke, kuriositatea landu, jakin-mina piztu, pentsamendu kritikoa garatu…

Zer tresna daude horretarako?

Lehenik eta behin, berezko jakin-min hori lantzea. Horrek esan nahi du etengabe galderak egin behar dizkiogula geure buruari, eta kanpotik datozkigun erantzunak ez beti balekotzat jo. Iritzi ezberdinak dituzten pertsonekin bizi gara. Gaur egun, norbaitek zuk ez bezala pentsatzen badu, zure aurkaria dela ematen du, nahiz eta kontrakoa den; bestelako iritzi batzuk entzunez hazten gara. Bestea entzuten jakin behar da, elkarrekin hazteko, eta entzuna sentitzen den edozein pertsonak pertenentzia sentimendua handitzen du, baloratua sentitzen da, eta hazten laguntzen zaio.


Adimen artifizialaren erabilerari buruzko kezka ere zabaldua dago.

Erabilera etikoa sartzen da hor, erabilera arduratsua. Etikari esker, badakizu labana bat noiz eta nola erabili, badakizu zer ezin den egin. Gu pertsona hobeak izatea, horixe eduki behar du helburutzat hezkuntzak, eta horretarako bidea da galderak egitea, gauzak auzitanclosekolokan, zalantzan jartzea... Dirudienez, espezie babestua bihurtuko da galderak egiten dituena, pentsatzen duena, probatzen duena, huts eginez gero zergatiaz galdetzen duena eta berriz saiatzen dena, egia bilatzen duena eta ezagutza bilatzen duena.