Cesar Bonak (Ainzon, Espainia, 1972) haurtzaroko jakin-mina berreskuratzea proposatuko du Donostian, Kutxa Fundazioak antolatutako Jakingura Jaialdiaren barnean. Bona zaildua da hezkuntza alorrean. Irakaslea eta idazlea da. Lehen 50 sailkatuen artean dago Global Teacher Prize sailkapenean. Irakasleen Nobel Sari gisa da ezaguna sailkapen hori. Hara eta hona ibiltzen da bere lanak eta gogoetak zabaltzen, eta ostiralean Tabakaleran entzuteko aukera izango da, aurrez aurre. Ez hori bakarrik, Remedios Zafra pentsalariarekin elkarrizketan ere arituko da, bakoitzak hitzaldi bat eman ostean.
Gogoeta sakonak eginak dituzu hezkuntzaren eta gizartearen loturaren inguruan. Azalduko zeniguke ideia nagusia?
Niretzat, eskola lau paretatatik harago doan zerbait da. Lau pareta horien barruan gertatzen den edozerk lau pareta horietatik kanpo ere gertatu behar du, are gehiago: kanpokoa hobetu behar du. Horrek esan nahi du pertsonen ezaugarri positiboak sustatu behar dituela, eta ez da gutxi.
Eskolak gizartea eralda dezakeela esan izan duzu. Garatuko zeniguke ideia hori?
Uste dut eskolek familiei laguntzen dietela seme-alabak hezten, eta, alde horretatik, tresna sozialak eman behar zaizkie haurrei. Uste dut eskolak ez direla informazioa jasotzeko toki bat bakarrik, baizik eta elkarrekin bizitzen ikasteko toki bat ere badirela, are gehiago egungo testuinguruan. Horregatik, eskolek bizitzarako master bat izan beharko lukete, non familiaren irakaspenak osagarri izango diren gizartearen parte izateko irakaspenekin.
«Niretzat hori da eskolaren helbururik garrantzitsuena: eskolatik irteten direnean gizartea hobetzea»
Eskolak tresna sozialak eman behar dituela aipatu dituzu. Zer tresna dira horiek?
Norberak kontuan izan behar du bere hitzek, jokaerek eta egiteko moduek eragina dutela besteengan. Hori denek ulertzea gauza handia litzateke, eta denak irakaspen horrekin aterako balira gizartera, pentsa ezazu. Niretzat hori da eskolaren helbururik garrantzitsuena: eskolatik irteten direnean gizartea hobetzea. Ikastetxeek asko ikasi beharreko zentroak izan behar dute haurrentzat eta gazteentzat, baina baita seguru sentiaraziko dituzten tokiak, elkarbizitza sanoa eta errespetuzkoa eskaintzen duten tokiak, eta ezagutza horrek gero gizartean eragina izan behar du. Hori horrela izan dadin eskolei laguntzea mesedegarria izango litzateke gizartea hobetzeko. Ezin dugu espero izan adimen artifizialak hobeak egin gaitzan dena haren esku utzita. Hobeak izaten lagundu behar digu, gure onena ateratzen.
Adimen artifiziala eskura izanda, nola jorratu liteke pentsamendu kritikoa?
Erronka nabarmen bat daukagu aurretik. Adimen artifiziala hemen dago, gurekin. Bi aukera ditugu: onartu edo ez onartu. Ez baduzu onartzen oso litekeena da atzean geratzea, baina onartzeak zer esan nahi duen aztertu behar dugu. Aztertu behar genuke zer esan nahi duen norbaitek botoi bat sakatuta galdera baten erantzuna aurkitu ahal izateak, lehen erantzun hori bilatu egin behar baitzen, kontrastatu, huts egin eta berriz ere bilatzen saiatu… Horregatik, kontuz ibili behar dugu lehen erantzun erraz horrekin. Erabilera etiko eta arduratsuarekin hezi behar dugu, are: baita erabiltzeari uko egitearekin ere. Horrela, arreta handiagoa jarriko genuke, kuriositatea landu, jakin-mina piztu, pentsamendu kritikoa garatu…
Zer tresna daude horretarako?
Lehenik eta behin, geu garen tresna hori bera baloratzen jakin behar dugu. Berezko jakin-min hori. Horrek esan nahi du etengabe galderak egin behar dizkiogula geure buruari, eta kanpotik datozkigun erantzunak ez beti balekotzat jo. Iritzi ezberdinak dituzten pertsonekin bizi gara. Iritsi gara puntu batetara non norbaitek zuk ez bezala pentsatzen badu zure aurkaria den, nahiz eta, hain zuzen, kontrakoa den, norberarenaz bestelako iritzi batzuk entzunez hazten gara eta. Adimen artifizialak galdera konplexuagoak eginarazi behar dizkigu.
«Bestea entzuten jakin behar da elkarrekin hazteko. Entzuna sentitzen den edozein pertsonak pertenentzia sentimendua handitzen du, baloratua sentitzen da, eta hazten laguntzen zaio»
Erabilerari buruzko kezka ere zabaldua dago.
Erabilera etikoa sartzen da hor, erabilera arduratsua. Har dezagun labana bat adibide moduan. Etikari esker, badakizu labana bat ondo noiz eta nola erabili, badakizu zer ezin den egin. Gu pertsona hobeak izatea, horixe eduki behar du helburutzat hezkuntzak, eta horretarako bidea da galderak egitea, gauzak auzitan jartzea… Hori dena delegatzeko ohitura hartzen badugu, gaizki goaz. Dirudienez, espezie babestua bihurtuko da galderak egiten dituena, pentsatzen duena, probatzen duena, huts eginez gero zergatiaz galdetzen duena eta berriz saiatzen dena, egia bilatzen duena eta ezagutza bilatzen duena.
Zure hitzaldiaren izenburua hau da: 'Lantalde kuriosoak: garatzen diren antolakundeak. Lan munduari ikasgelek erakuts diezaieketena'. Ardatz nagusia azalduko zeniguke?
Analogia bat da gu izan garen haurren eta gaur egungo haurren artean. Azken finean kuriosoak gara oraindik ere, nahiz eta jakin-min hori ezkutatu den pixka bat helduaroan. Kuriosoak izateak esan nahi du gehiago eta hobeto entzutea, esan nahi du besteak eta ingurukoak hobeto ezagutzea, horrek esan nahi du taldean lan egitea, eta lidergoa izanda. Beste pertsonengan modu positiboan eragin nahi duen norbaitek, besteak beste irakasle batek, eragin positiboa izan behar du bestearengan. Horretarako, bestea entzuten jakin behar da, elkarrekin hazteko, eta entzuna sentitzen den edozein pertsonak pertenentzia sentimendua handitzen du, baloratua sentitzen da, eta hazten laguntzen zaio.