Erreportajegintzari emanak, Zarauzko istorioetan barrena
BERRIA Ikasgelaren 'Istorioen bila' unitate didaktikoa oinarri hartuta, erreportajegintza landu dute Zarauzko Oteitza Lizeoko batxilergoko lehen mailako ikasleek. Teoria jaso ostean, praktikara eraman dute ikasitakoa, eta 47 erreportaje idatzi dituzte, Zarauzko istorio ugari jasoz.
Belarri barruraino sartzen den txirrinaren soinua ozenki entzun da Zarauzko Oteitza lizeo osoan (Gipuzkoa). Isildu da, eta badoaz ikasleak gelara atsedenaldiaren ondoren. Etxeko lanak eginda, sormena martxan jartzeko garaia heldu zaie batxilergoko lehenengo mailako ikasleei. Iñaki Petxarroman eta Paulo Ostolaza BERRIAko kazetarien azalpenak entzun dituzte. Gero, teoria jaso, eta, ordu erdiko geldialdiaren ostean, erreportajeak idazten hasi dira 47 taldetan banatutako 207 ikasleak. BERRIA Ikasgelaren Komunikazioaren erronkak XXI. mendean programa didaktikoaren 5. unitatea erabili du ikastetxeak, Istorioen bila izenekoa, erreportajegintza lantzeko, hain zuzen.
Duela aste batzuk, 25 gaiko zerrenda batetik bi aukeratu zituzten ikasleek, euren gustuetara gehien hurbiltzen zirenak. Eta irakasleek aukeraketa horren arabera egin dituzte taldeak; hala, gustu bereko ikasleek, aukeratutako gaiaren inguruan idatzi beharko dute erreportajea. Idazketa prozesuan murgildu da BERRIA, ikasleek aukeratutako gaiak eta orain arte egindako lana gertutik ezagutzeko.
Bonsaien inguruan idazten dabil talde bat, Joane Gesalaga taldeko kidearen aitona horien «oso zalea» baita. Kulturgintzatik abiatu ziren hasieran, baina, Gesalagaren aitonaren zaletasunaz jabetzean, erreportajerako gai polita izan zitekeela iruditu zitzaien. Pentsatua dute paragrafo bakoitzean gaia zer ikuspegitatik jorratu, bai eta zer titulu jarri ere: Natura moldatzeko artea.
Unitate didaktikoak ikasleei aukera ematen die miresten duten pertsona bat elkarrizketatzeko. Imanol Izetaren taldeak, hain justu, horretarako baliatu du aukera, eta Ian Ruiz eduki sortzailea elkarrizketatu. «Komunitateko ikono bat da guretzat Zarautzen», adierazi du gazteak. Ruizen hitzetatik abiatuz, LGTBI kolektiboak Zarautzen duen egoeraren inguruan hausnartu nahi izan dute erreportajean. Argi dute zer adieraziko duten: «Zarautzek onartzen duela komunitatea, eta herri aurrerakoia dela. Baina beste hainbat lekutan, ordea, oraindik ez dago onartua».
Euskararen egoerak bereziki kezkatzen ditu gazteak, hainbeste non hainbat taldek jorratu duten gaia. ZEGA Zarauzko Euskaltzaleen Gazte Asanblada izan dute abiapuntu, duela oso gutxi herriko gazte talde batek sortutako egitasmoa. «Euskara sustatzen dutelako aukeratu dugu: iruditzen zaigu oso beharrezkoa dela», adierazi du Kaia Albizu ikasleak. Lander Eletaren taldeak ere proiektu berri horretaz hitz egin du erreportajean. «Zarauzkoak eta euskaltzaleak gara eta», arrazoitu du gazteak, eta ZEGAren lelo bat eraman dute titulura: Guk euskaraz, zuk ZEGAtik ez?.
Bertsolaritza, tokiko merkataritza...
BERRIA egunkaria du mahai gainean zabalik lau bertsozalez osatutako talde batek: Zenbat puntu, nori eta zergatik erreportajea ageri da parez pare. Bertsolaritzaz mintzatu da Unax Zalduaren taldea, bertsozaleak baitira lau kideak. «Duela urte batzuetatik hona bertsolaritzak zer bilakaera izan duen aztertu dugu, eta hemendik urte batzuetara zer bilakaera izango duen», azaldu du Zalduak. Eta, horretarako, lau bertsolari elkarrizketatu dituzte: Adei Urbitarte, Andoni Egaña, Aner Peritz eta Iñigo Mantzizidor Mantxi. Horiekin egindako hausnarketa guztiak bildu dituzte erreportajean, Zarautzen bertsolarien haria ez da eteten izenburupean.
Tokiko merkataritza babestea, klima aldaketaren inguruko kontzientzia piztea eta errefuxiatuei laguntzeko egitasmoen berri ematea hautatu dute beste talde batzuek. Lan batzuk argitaratu dituzte jada, eta Oteitza Lizeoarentzat BERRIA Ikasgelak sortutako webgunean irakur daitezke.
Orotara, 27 irakasle eta 207 ikasle bili dira Istorioen bila unitate didaktikoa lantzen. Baina ez da lehen aldia horrelako erronkei heltzen dietena. Are, Gurutze Ostolaza ikastetxeko irakasleak azaldu duenez, urte «asko» daramatzate horretan, eta «metodologia aktiboak sustatzea» dute helburu.
Unitate didaktikoarekin egindako lanketa notarako izango dela jakinarazi du irakasleak, eta aitortu du horrek eragina izan duela ikasleen inplikazioan. Dena den, ez dio garrantzirik kendu ikasleek egindako lanari: «Azken asteetan sekulako astindua eman diete elkarrizketei, eta argazkiak atera dituzte, harremanak egin...». Finean, lan mardula egin dute, eta istorioen arrakaletan murgildurik eman dituzte asteak lizeoko ikasleek. Emaitza ere oparoa izan da.
Jatorrizko artikuluak
-
Zarauzko istorioetan barrena
Garazi Izagirre Aiestaran |
|