Belarri barruraino zuzen-zuzenean sartzen den txirrinaren soinua ozenki entzun da Zarauzko Oteitza lizeo (Gipuzkoa) osoan zehar. Isildu da, eta badoaz ikasleak pixkanaka geletara sartzen atsedenaldiaren ondoren. Etxeko lanak eginda, sormena martxan jartzeko garaia heldu zaie batxilergoko lehenengo mailako ikasleei. Iñaki Petxarroman eta Paulo Ostolaza BERRIAko kazetarien azalpenak entzun dituzte goizean goiz, eta, ordu erdiko geldialdiaren ostean, erreportajeak idazten hasi dira 47 taldetan banatutako 207 ikasleak. Izan ere, BERRIA Ikasgelaren Komunikazikoaren erronkak XXI. mendean programa didaktikoaren unitateetako bat landu du ikastetxeak, Istorioen bila izenekoa, erreportajegintza lantzeko, hain zuzen.
Duela aste batzuk, 25 gaiko zerrenda batetik bi aukeratu behar izan zituzten ikasleek, euren gustuetara gehien hurbiltzen zirenak. Eta irakasleek aukeraketa horren arabera egin dituzte taldeak, hala, gustu bereko ikasleek, aukeratutako gaiaren inguruan idatzi beharko dute erreportajea. Idazketa prozesuan murgildu da BERRIA, ikasleek aukeratutako gaiak eta orain arte egindako lana gertutik ezagutzeko.
Bonsaien inguruan idazten dabil talde bat, Joane Gesalaga taldeko kidearen aitona horien «oso zalea» baita. Kulturgintzatik abiatu ziren hasieran, baina, Gesalagaren aitonaren zaletasunaz jabetzean, erreportajerako gai polita izan zitekeela iruditu zitzaien. Pentsatua dute paragrafo bakoitzean gaia zer ikuspegitatik jorratu, bai eta zer titulu jarri ere: Natura moldatzeko artea.
Unitate didaktikoak ikasleei aukera ematen die miresten duten pertsona bat elkarrizketatzeko. Imanol Izetaren taldeak, hain justu, horretarako baliatu du aukera, eta Ian Ruiz eduki sortzailea elkarrizketatu. «Komunitateko ikono bat da guretzat Zarautzen», adierazi du gazteak. Ruizen hitzetatik abiatuz, LGTBI kolektiboak Zarautzen duen egoeraren inguruan hausnartu nahi izan dute erreportajean. Titulua ez dute pentsatu oraindik, baina argi dute zer adieraziko duen: «Zarautzek onartzen duela komunitatea, eta herri aurrerakoia dela, bai eta beste hainbat herri ere. Baina beste hainbatetan, ordea, oraindik ez dago onartua».
Euskara eta euskal kultura
Euskararen egoerak bereziki kezkatzen ditu gazteak, hainbeste non hainbat taldek jorratu duten euren erreportajean. ZEGA Zarauzko Euskaltzaleen Gazte Asanblada izan dute abiapuntu, duela oso gutxi herriko gazte talde batek sortutako egitasmoa. «Euskara sustatzen dutelako aukeratu dugu: iruditzen zaigu oso beharrezkoa dela», adierazi du Kaia Albizu ikasleak. Lander Eletaren taldeak ere proiektu berri horretaz hitz egin du erreportajean. «Zarauzkoak eta euskaltzaleak gara eta», arrazoitu du gazteak, eta ZEGAren lelo bat eraman dute titulura: Guk euskaraz, zuk ZEGAtik ez?.
BERRIA egunkaria du mahai gainean zabalik lau bertsozalez osatutako talde batek: Zenbat puntu, nori eta zergatik erreportajea ageri da parez pare. Bertsolaritzaz mintzatu da Unax Zalduaren taldea, bertsozaleak baitira lau kideak. «Duela urte batzuetatik hona bertsolaritzak zer bilakaera izan duen aztertu dugu, eta hemendik urte batzuetara zer bilakaera izango duen», azaldu du Zalduak. Eta, horretarako, lau bertsolari elkarrizketatu dituzte: Adei Urbitarte, Andoni Egaña, Aner Peritz eta Iñigo Mantzizidor Mantxi. Horiekin egindako hausnarketa guztiak bildu dituzte erreportajean, Zarautzen bertsolarien haria ez da eteten izenburupean.
Tokiko merkataritza babestea, klima aldaketaren inguruko kontzientzia piztea eta errefuxiatuei laguntzeko egitasmoen berri ematea hautatu dute beste talde batzuek. Lan batzuk argitaratu dituzte jada, eta Oteitza lizeoarentzat BERRIA Ikasgelak sortutako webgunean irakur daitezke.
Talde kohesioa helburu
Orotara, 27 irakasle eta 207 ikasle bili dira Istorioen bila unitate didaktikoa lantzen. Baina ez da lehen aldia horrelako erronkei heltzen dietena. Are, Gurutze Ostolaza ikastetxeko irakasleak azaldu duenez, urte «asko» daramatzate horretan, eta «metodologia aktiboak sustatzea» dute helburu. «Gure ikasle ia guztiak berriak izaten dira; hona heltzen diren ikasle askok ez dute elkar ezagutzen. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zaigu horrelako ekinaldiak egitea, talde kohesioa bultzatzeko», adierazi du.
Erronkari berari erantzuteaz gain, bizikidetza sustatu nahi dute, «bi mailan». Batetik, ikasleek galdetegi baten bitartez aukeratu zuten zeren inguruan idatziko zuten erreportajea, baina ikasleek ez zekiten zertarako zen bozketa hori. Galdetegian adierazitako interesen arabera taldekatu zituzten ikasleak, ikasleek «elkar topatzea» lortu nahi baitzuten. Bestetik, herriko bizikidetza sustatu nahi zuten. «Herriaren erdigunean gaude, herriko eragile bat gara, eta herriko beste eragileekin saretzea lortu nahi genuen», kontatu du Ostolazak.
«Hona heltzen diren ikasle askok ez dute elkar ezagutzen. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zaigu horrelako ekinaldiak egitea, talde kohesioa bultzatzeko»
GURUTZE OSTOLAZAOteitza lizeoko irakaslea
Euskara eta euskal kultura sustatzearen eta hizpide izatearen garrantzia ere azpimarratu du: «Ikastoletako eredu markoan, pertsona eredu bat dago, horren araberako hezkuntza planteatzen da, eta bereizgarrietako bat da nortasun aldetik euskalduna izatea. Guk jasotzen ditugun ikasleen bi herenak ikastoletatik datoz, baina beste batzuk ez, eta aukera eman nahi diegu euskaraz zipriztintzeko eta euskara eskuratzeko. Gero nahi duten heinean murgilduko dira, baina hori haien esku egongo da».
Unitate didaktikoarekin egindako lanketa notarako izango dela jakinarazi du irakasleak, eta aitortu du horrek eragina izan duela ikasleen inplikazioan. Dena den, ez dio garrantzirik kendu ikasleek egindako lanari: «Azken asteetan sekulako astindua eman diete elkarrizketei, eta argazkiak atera dituzte, harremanak egin... Batzuei bururatu zitzaien posta elektroniko bidez egitea elkarrizketak, baina aurrez aurrekoa lehenestea nahi genuen, eta, horri esker, bestela joango ez liratekeen lekuetara eta jendearengana joan dira».