Komunikazioaren mundura hurbiltzeko gida didaktiko bat

Hainbat ikastetxetan landu dute BERRIA Ikasgelako 'Komunikazioaren erronkak XXI. mendean' programa didaktikoa, eta pozik daude emaitzarekin. Hurrengo ikasturterako aurtengoaren prezio erdian eskuratu ahal izango da programaren edukia, BERRIAren eta Jaurlaritzaren arteko akordioari esker.

Itsas zabalean orientatzeko iparrorratza behar izaten den moduan, informazio zaparradaren itsasoan ere bitakoracloseIparrorratz-kutxa. bat izatea komeni da, lema bat... Horixe bera da Komunikazioaren erronkak XXI. mendean BERRIA Ikasgelaren programa didaktikoa: kazetaritzan trebatzeko bitakora bat. Eta ikastetxe batzuetan jada ari dira tresna horrekin nabigatzen. Iñaki Petxarroman Ikasgelako koordinatzaileak azaldu duenez, komunikazioak egun dituen erronken inguruko zenbait gako eskaintzen ditu programak: «Oso azkar aldatzen ari den komunikazioaren mundua aztertzen du: sare sozialak, albiste faltsuak, iturri fidagarriak, adimen artifiziala... Komunikazio hizkuntzaren sekretuak ere argitzen ditu, idatzizko eta ahozko erabilerari dagokionez. Nola komunikatu euskara zuzen eta erakargarri batean... hori da kazetari baten eguneroko erronka, baina ez da kazetaritzako kontua bakarrik». 

DBHko eta batxilergoko ikasleak kazetaritzara gerturatzeko materiala eskaintzen du proposamen didaktikoak. «Baliagarria da Euskal Herrian eta munduan gertatzen dena ikuspegi kritiko batetik begiratzeko eta ulertzeko. Hainbat motatako kazetaritza testuak eta euskarriak ulertzea, interpretatzea eta egiten ikastea da xedea, eta sorkuntza ere sustatzen du: kontatzeko interesgarria izan daitekeena bilatzea eta nola kontatu erabakitzea, bideoz, audioz edo idatziz».

Amaitzear den ikasturtean hainbat ikastetxek landu dute programa didaktikoa, hautazkocloseAukerazko, ez derrigorrezko. ikasgai gisa, eta pozik daude esperientziarekin. Ane Irazoki Urretxu-Zumarraga Ikastolako irakasleak hitz onak baino ez ditu programaz: «Edukia oso egokia da, oso ondo dago sailkatuta». Haren hitzetan, gaur egun oso beharrezkoa da horrelako materiala: «Etengabe jasotzen dugu informazioa, leku guztietatik, eta interesgarria izan da ikustea zer dagoen kazetaritzaren atzean, zer funtzio betetzen duen, eta ulertzea nola egiten den lan hori. Oso balorazio positiboa egiten dugu».

Amets Arakama, Eneritz Mendia, Araitz Martinez eta Amets Aiastui izan dira, programa didaktikoa oinarri hartuta, kazetari lanetan aritu diren ikasleetako batzuk. Aho batez diote ez dutela baztertzen etorkizunean kazetaritzan aritzea. Arakamak aitortu du oso gustura aritu dela: «Inoiz ez genuen halakorik ikasi, eta oso interesgarria izan da».

Mendiak Uxue Kerejeta musikariari buruzko erreportajea egin du; herrikidea du, eta begirada sakonago batetik ezagutu ahal izan du artista. Ofizioa ikasteko balio izan dio hautazko ikasgaiak: «Kazetaritza generoak eta hedabide motak landu ditugu». Martinezek generoak zerrendatu ditu: «Albistea, erreportajea, elkarrizketa, kronika, zutabea, iritzi artikulua... Bakoitza zer den eta nola egiten den ikasi dugu». Aiastui ere pozarren dago ikasitakoarekin: «Gauza asko landu ditugu. Albistegi bat egin dugu, kameraren aurrean. Niri ikus-entzunezkoak gustatzen zaizkit bereziki...».

Ikuspegi kritikoa sustatu

Irakasleak, berriz, kritikotasuna sustatzeko programak izan duen balioa nabarmendu du: «Sare sozialetan ikusten dutenaz asko eztabaidatu dugu ikasleekin, oso baliagarria izan da hausnarketa egiteko eta gauzak auzitan jartzeko; hau da, iritzi propio bat izateko. Informazio iturricloseInformazioa eskuratzeko erabiltzen diren bideak. fidagarriak zeintzuk diren ikasi dugu».

Ander Etxeberria Hernaniko Institutuko irakaslea bat dator: «Atzematen dugu ikasleak askotan pentsamendu bakar batekin datozela, goitik behera sinesten dutela zerbaitetan, kontrastatu gabe, iturriak aintzat hartu gabe, eta garrantzitsua da oso, bizi ditugun garaietan, horretaz hausnarketa egitea eta pentsamendu autonomoa lantzea. Material didaktiko honek horretaz jabetzen laguntzen du».

Hernaniko Institutuko DBHko 3. mailako ikasleek lehenengo unitatea landu dute ikasturtean zehar. Kazetaritza zer den ikasi eta euskarazko hedabideen historiari erreparatu ostean, hedabide motak eta kazetaritza genero nagusiak landu dituzte. Etxeberriak pena du sei unitate didaktikoak osorik landu ez izana: «Unitate bakarra landuta, gogoz geratu gara». Institutuko batxilergoko ikasleek, berriz, hirugarren unitatea landu dute, etenik gabeko informazio jarioak buru osasunean duen eragina lantzen duena. «Oso eztabaida politak sortu dira eta iritzi artikulu bat idazten ere ikasi dute».

BERRIA Ikasgela proiektua ikasgeletara eramateko egitasmoa da Komunikazioaren erronkak XXI. mendean proposamen didaktikoa. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta batxilergoko ikasleei bideratuta dago, eta sei unitatez osatuta dago. Astean bi ordu eginda, ikasturtean 70 orduko hautazko ikasgaia osatu daiteke. Hurrengo ikasturtera begira, gainera, BERRIA egunkariaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren lankidetza tarteko, programa osorik edo unitateka kontratatu ahal izango da, ohiko tarifekiko %50eko deskontuarekin; ikasgela@berria.eus helbidean eskuratu daiteke informazioa. BERRIAk, gainera, etengabeko aholkularitza zerbitzua eskaintzen die irakasleei.

Egitasmoa ikasturte honetan jarri dute martxan, eta, hurrengo ikasturtera begira, ikastetxe gehiagotara zabaltzea da asmoa. Maddi Iztueta Olano kazetariak sortu ditu edukiak, eta Iratxe Retolaza Gutierrez irakasleak berrikusi. 

Jatorrizko artikuluak