«Eskolan zenbat eta denbora gehiago eman pantailen aurrean, orduan eta emaitza kaskarragoak»

Telmo Lazkano Altxa Burua Elkarteko ordezkaria da. PISA txostenaren emaitza kaskarren atzean digitalizazioa dagoela dio: «Oinarrizko jakintzak ondo barneratu behar dira testuinguru digital batera jauzi egin aurretik».

PISAren 2025eko txostena aspaldi hasitako gainbehera baten azken adibidea dela uste du Telmo Lazkanok (Zumaia, Gipuzkoa, 1994). Altxa Burua taldeko ordezkari izateaz gain, hezkuntza digitaleko ikerlaria da, eta sare sozialen eta pantailen erabileran aditua. Uste du digitalizazioclosegauza analogikoak formatu digitalera pasatzea neurrigabea zama closepisubat dela hezkuntza sistemarentzat eta, bereziki, ikasleentzat.

Ezustean hartu dituzu azken PISA txostenaren emaitzak?

Ez, inondik ere ez. Aspalditik datorren beheranzko joera baten berrespena baino ez dira. EAEko Hezkuntza Sailak Eskola 2.0 programa abian jarri eta berehala nabaritu zen beherakada, 2012ko PISA informean. Eta beheranzko joera horrek segida izan zuen 2015eko, 2018ko eta 2022ko txostenetan. Hortaz, sorpresa gutxi. Emaitza kaskarra faktore askoren ondorio da, eta horien guztien artean gehien ikertu direnetako bat da digitalizazio eredua. PISA emaitzen beherakada eragin duten motiboen artean bat aukeratu beharko banu, nik digitalizazioan jarriko nuke fokua.

Zergatik?

2015ean, Students, Computers and Learning txostena argitaratu zuen OCDEk, eta bertan argi adierazten zuten hezkuntza sistemaren digitalizazioan gehien inbertitu zuten herrialdeek zituztela, hain zuzen, emaitzarik txarrenak. Ikerketa hartan aipatzen zen beste ondorio nagusia zera zen, ez dagoela ebidentzia sendorik esateko digitalizazioak ikasketa prozesua hobetzen duela. Aitzitik, arrazoiak daude pentsatzeko kalte egiten duela.

Eta zer egin orain?

Gizartean dagoen eztabaida da, ea pantailak atera behar ote ditugun ikasgeletatik. Eta nik halakoetan beste galdera bat planteatzen dut: zergatik sartu zituzten? Gure kasuan, 2009. urtean ekin genion digitalizazio prozesu horri, ebidentzia zientifiko sendorik gabe. Ordutik nazioartean egin diren ikerketek eta makrodatuek korrelaziocloseBi gauzaren edo bi gauza sailen arteko egokitasuna edo lotura negatibo bat erakusten dute: eskolan zenbat eta denbora gehiago eman pantailen aurrean, orduan eta emaitza kaskarragoak. Espainiako Estatuko autonomia erkidegoen artean, EAEcloseEuskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Katalunia dira eskoletan digitalizazio mailarik handiena dutenak. Hain justu, beheranzko nabariena izan dutenak.

Zehazki, nola eragiten dio ikasleen gaitasunari eskolan pantailak erabiltzeak?

Arreta gaitasuna, memoria, ezagutza berriak, ulermena, pentsaera abstraktua... Aldagai horiek guztiak funtsezkoak dira ikasteko prozesuan, eta bakoitza banan-banan aztertuta zera ondoriozta daiteke: kontzeptuak hobeki ulertzen direla paperean irakurrita; pantaila baten aurrean irakurtzen duzunean errazagoa dela arreta galtzea; testuinguru analogiko batean gaitasun handiagoa duzula pentsamendu abstraktua eta barne gogoetak lantzeko; eta zerbait eskuz idazten duzunean, aukera gehiago dituzula idatzi duzun hori gogoratzeko. Hori denoi gertatzen zaigu. Gazteek duten arazoa da garuna heldu gabe dutela oraindik, eta hortaz, pantailen eragina are handiagoa dela.

Euskarri digitalek, hala ere, izanen dute onurarik ere...

Pantailek izan dezakete balio erantsia, baina soilik ikasketa prozesu analogikoaren osagarri gisa. Liburuak iristen ez diren tokietara irits daitezke: azalpen bideo motzak, simulazioak, 3D figurak... Digitalaren erabilerak puntuala izan beharko luke, unean unekoa eta osagarria, inondik inora ere ez aukera nagusia. Oinarrizko jakintzak ondo barneratu behar dira testuinguru digital batera jauzi egin aurretik. Paperean idazteko ohitura dutenek erraz xamar ikasiko dute ordenagailuan idazten, baina bere bizitza osoan ordenagailuan edo sakelakoan soilik idatzi dutenek ez dute kaligrafia ikasiko... Ikasleak etorkizun digital baterako prestatu nahi baditugu, orainak analogikoa izan beharko du ezinbestean.

Adimen artifiziala orokortzeak zaildu egiten du helburu hori?

Bai. Bide horren azken fasea da. Jada ez duzu ezagutzarik jasotzen, eta dena dago adimen artifizialean. Pentsatzeko gaitasuna ere galduz zoaz, beste batek pentsatzen duelako zure ordez. Praktika oso zabaldua da ikasgela askotan ikasleei Interneten informazioa bilatzeko agintzea. Esteka honetan klik egin eta hemen sartu. Horrek ez du ez hanka ez buru, Internet zera delako, ozeano bat, testuingururik gabeko informazioz betea. Oso aberatsa izan daiteke dagoeneko prestatua dagoen garun batentzat, baina irizpide argirik ez duen ikasle baten kasuan ez du emaitza onik emango.