PISAren 2025eko txostena aspaldi hasitako gainbehera baten azken adibidea baino ez da, Telmo Lazkanoren ustez (Zumaia, Gipuzkoa, 1994). Altxa Burua taldeko ordezkari izateaz gain, irakaslea da, hezitzaileentzako psikologian espezializatua, eta sare sozialen eta pantailen erabileran aditua. Uste du digitalizazio neurrigabea zama bat dela Euskal Herriko hezkuntza sistemarentzat eta, bereziki, ikasleentzat.
Ezustean hartu dituzu azken PISA txostenaren emaitzak?
Ez, inondik ere ez. Aspalditik datorren beheranzko joera baten berrespena baino ez dira. EAEko Hezkuntza Sailak Eskola 2.0 programa abian jarri eta berehala nabaritu zen beherakada, 2012ko PISA informean. Eta beheranzko joera horrek segida izan zuen 2015eko, 2018ko eta 2022ko txostenetan. Hortaz, sorpresa gutxi aurten.
2022ko txostenerako probak pandemia garaian egin ziren, eta hori omen zen emaitza kaskarren motibo nagusia...
Bai, arazoaren mamiari izkin egiteko argudioa izan zen hura. Beherakada ez zen gertatu COVID-19aren garaian, eta ezin zaio pandemiari leporatu. Lehenagotik zetorren. Faktore askoren ondorio da, baina horrek ez luke ekarri behar beste faktore bakoitzaren garrantzia hutsaltzea. Eta faktore horien guztien artean gehien ikertu direnetako bat da digitalizazio eredua. PISA emaitzen beherakada eragin duten motiboen artean bat aukeratu beharko banu, nik digitalizazioan jarriko nuke fokua.
Zergatik?
2015ean, Students, Computers and Learning txostena argitaratu zuen OCDEk, eta bertan argi adierazten zuten hezkuntza sistemaren digitalizazioan gehien inbertitu zuten herrialdeek zituztela, hain zuzen, emaitza txarrenak. Ikerketa hartan aipatzen zen beste ondorio nagusia zera zen, ez dagoela ebidentzia sendorik esateko digitalizazioak ikasketa prozesua hobetzen duela. Aitzitik, arrazoiak daude pentsatzeko kalte egiten duela.
«Jaurlaritzak 2009an ekin zion eskolen digitalizazioari, ebidentzia zientifiko sendorik gabe»
Hortaz, zer egin orain?
Gizartean dagoen eztabaida da, ea pantailak atera behar ote ditugun ikasgeletatik. Eta nik halakoetan beste galdera bat planteatzen dut: zergatik sartu zituzten? Gure kasuan, 2009. urtean ekin genion digitalizazio prozesu horri, ebidentzia zientifiko sendorik gabe. Ordutik nazioartean egin diren ikerketek eta makrodatuek korrelazio negatibo bat erakusten dute: eskolan zenbat eta denbora gehiago eman pantailen aurrean, orduan eta emaitza kaskarragoak. Espainiako Estatuko autonomia erkidegoen artean, EAE, Nafarroa eta Katalunia dira eskoletan digitalizazio maila handiena dutenak. Hain justu, PISA txostenean beheranzko nabariena izan dutenak.
Zehazki, nola eragiten dio ikasleen gaitasunari eskolan pantailak erabiltzeak?
Ikastea, funtsean, memorian arrasto bat uztea da, ezta? Ez baduzu zerbait gogoratzen, ez duzu ikasi. Arreta gaitasuna, memoria, ezagutza berriak, ulermena, pentsaera abstraktua... Aldagai horiek guztiak funtsezkoak dira ikasteko prozesuan, eta bakoitza banan-banan aztertuta zera ondoriozta daiteke: kontzeptuak hobeki ulertzen direla paperean irakurrita; pantaila baten aurrean irakurtzen duzunean errazagoa dela arreta galtzea; testuinguru analogiko batean gaitasun handiagoa duzula pentsamendu abstraktua eta barne gogoetak lantzeko; eta zerbait eskuz idazten duzunean, aukera gehiago dituzula idatzi duzun hori gogoratzeko.
Hori ez zaie soilik gazteei gertatzen, ezta?
Denoi gertatzen zaigu. Gazteek duten arazoa da garuna heldu gabe dutela oraindik, eta hortaz, pantailen eragina are handiagoa dela.
Euskarri digitalek, hala ere, izanen dute onurarik ere...
Pantailek izan dezakete balio erantsia, baina soilik ikasketa prozesu analogikoaren osagarri gisa. Liburuak iristen ez diren tokietara irits daitezke: azalpen bideo motzak, simulazioak, 3D figurak... Adibidez, eskola batean eguzki sistema ikasi badute, interesgarria izan daiteke ohiko lezioaz emateaz gain bideo batean ikustea nola orbitatzen duten planetek. Eta kasu horietan ere, askoz aberasgarriagoa da eduki horiek ikasgelako pantaila orokorraren bidez erakustea ikasle bakoitzaren gailuan baino. Digitalaren erabilerak puntuala izan beharko luke, unean unekoa eta osagarria, inondik inora ere aukera nagusia.
Hezkuntza arduradunek argudiatzen dute konpetentzia digitalak lortzea ezinbestekoa dela gaur egun. Bat zatoz?
Gauza bat da baliabide digitalak erabiltzea, eta beste gauza bat konpetentzia digitaletan trebatua egotea edo mundu digitala zer den ikastea. Ikerketek erakusten digute azken hamarkadan gure ikasleen gaitasun digitalak ez direla hobetu. Ikasleengana iristen ari den konpetentzia digitala, oro har, oso azalekoa da. Ez dute benetan ulertzen zer den mundu digitala. Eta gainera, oinarrizko konpetentzietan ere atzeraka ari gara.
«Internet ozeano bat da, testuinguru gabeko informazioz betea; aberasgarria izan daiteke dagoeneko prestatua dagoen garun batentzat, baina irizpiderik ez duen ikasle baten kasuan ez du emaitza onik emango»
Nola enfokatu beharko litzateke gazteen heziketa?
Oinarrizko jakintzak ondo barneratu behar dira errazagoa den testuinguru digital batera jauzi egin aurretik. Adibide batzuk emango dizkizut: bere kabuz orientatzen ikasi duen mutiko edo neskato batek ez du arazorik izango Google Maps erabiltzeko, baina alderantziz ez, Google Mapsek ez dizu orientatzen irakatsiko; matematikan abila den gazte batek uler dezake Excel taula baten oinarrian dagoen logika, baina Excel soilik erabili dutenek ez dute matematika ikasiko; paperean idazteko ohitura dutenek erraz xamar ikasiko dute ordenagailuan idazten, baina bere bizitza osoan ordenagailuan edo sakelakoan soilik idatzi dutenek ez dute kaligrafia ikasiko... Esan nahi dudana da oinarriak eta jakintzak ondo barneratu behar direla errazagoa den testuinguru digital batera jauzi egin aurretik. Ikasleak etorkizun digital baterako prestatu nahi baditugu, orainak analogikoa izan beharko du ezinbestean.
Adimen artifiziala orokortzeak zaildu egiten du helburu hori?
Bai. Bide horren azken fasea da. Jada ez duzu ezagutzarik jasotzen, eta dena dago adimen artifizialean. Pentsatzeko gaitasuna ere galtzen zoaz, beste batek pentsatzen duelako zure ordez. Praktika oso zabaldua da ikasgela askotan ikasleei Interneten informazioa bilatzea agintzea. Esteka honetan klik egin eta hemen sartu. Horrek ez du ez hanka ez buru, Internet zera delako, ozeano bat, testuingururik gabeko informazioz betea. Oso aberatsa izan daiteke dagoeneko prestatua dagoen garun batentzat, baina irizpide argirik ez duen ikasle baten kasuan ez du emaitza onik emango.