
Hogei urte bete ditu Xabiroi komiki aldizkariak. Bide horretan, 76 zenbaki eta hemezortzi album eman ditu argitara orain arte. «Familia» sendo bat ere osatu du, komikigileak, komikizaleak eta bestelako kolaboratzaileak batuz.
Ikastolen Elkartearen altzoan closeBabeseanernaldu zen Xabiroi komiki aldizkaria, zehazki Euskaraz Bizi proiektuaren barruan, 2005ean. Hastapen hartan, Bigarren Hezkuntzako gaztetxoak euskarara lotzea eta haien artean irakurtzeko grina piztea izan zen helburu behinena. Testuingurua jarri dio Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkari eta orduko Ikastolen Konfederazioko hizkuntza arduradunak: «Ikastolen hizkuntza proiektuaren diseinua lantzen ari ginen, eta heldulekuak eta materialak sortu genituen euskararen erabilerari bultzada orokor bat emateko». Txikienei begira, ipuinak eman zituzten argitara. Gaztetxoei begira, berriz, «euskarri erakargarriago bat» hobetsi nahi izan zuten, «mamiz eta formatuz»: istorioak, testu laburragoak, akzioa... Osak gogoan duenez, «gazteentzat ez zegoen ia ezer».
Erein argitaletxearen bitartez plazaratzen zen Ipurbeltz komiki aldizkariak bizirik zirauen arren, azkenetan zegoen. Eta nolanahi ere, hura haurrentzat zen, nerabeentzat baino gehiago.
«Gazteei begira euskarazko euskarri erakargarriago bat behar genuen; haientzat ez zegoen ia ezer»
Arantxa Munduate Ikastolen Elkarteko kideak ez ditu erraz ahaztekoak sorrerako bilerak. Esan du irakurzaletasuna kutsatuko zuen tresna baten beharra ez ezik, hizpide izan zutela horretarako sortuko zuten produktuaren kalitatea ere: «Oso argi geneukan kalitate handiko zerbait izan behar zuela». Munduate Xabiroi aldizkariko koordinatzailea da harrezkeroztik.
Osak nabarmendu du hutsetik abiatu zirela ekinbide horretan: «Gaur egun, gauzak aldez aurretik lotuta nahi izaten ditugu, baina urte hartan itsu-itsuan egin genuen jauzi: sarea eratzeko zegoen, aurrekonturik ez genuen, salmenta punturik ere ez...». Baina bazuten helduleku bat bederen: Dani Fano (Donostia, 1968), Xabiroi-ko zuzendari eta arima izan dena urte hauetan guztietan.
Angulemara, erreferentzia bila
Ordurako umore grafikoa lantzen hasita zegoen Fano. Besteak beste, Ardi Beltza-n, Elhuyar-en eta pilota aldizkari batean egiten zituen kolaborazioak. 2004ko udazkenean hots egin omen zioten, zehazki Iñaki Lekuona irakasleak, eta halaxe bota: «Zergatik ez dugu komiki aldizkari bat egiten?». Loteria irabazi izan balu bezala sentitu omen zen Fano. Iñaki Holgado komikigilearekin elkartu, eta deliberatu closeErabakizuten beste hainbat lagunekin batera Angulemako komiki azokara joatea. «Kiosko batean sartu, eta zeuzkaten aldizkari guztiak erosi genituen», azaldu du Fanok.
Angulematik itzulita, proiektu desiragarri bat pentsatu eta hura egituratzeari ekin zion Xabiroi-ko zuzendariak: «Oso argi nuen modu profesionalean eta profesionalekin egingo ez bazen ez nuela parte hartuko. Hori izan zen nire lehen premisacloseHelburua, eta berehalakoan eman zioten baiezkoa».
Fanok 2004ko udazkenaren hastapenean zehaztutako egitura hura ez da askorik aldatu hogei urtean: «Aldea orrialde kopuruan dago, baina askoz gehiago ere ez dira gaur egun. Eta gehienak komikiez osatuta daude, hasieratik nahi izan genuen bezala». Ikastoletako goi mailetan banatzeko bokazioz sortu zen aldizkaria, baina azkar batean gehitu zioten harpidetza sistema. Egun nornahi izan liteke harpidedun, urtean hamabi euroren truke.
«Oso argi nuen modu profesionalean eta profesionalekin egingo ez bazen ez nuela parte hartuko»
Fano: «Nerabeentzat zerbait egin behar baduzu, eskura izan ditzakezun baliabide onenekin egin behar duzu. Benetako gutiziak eskaini behar zaizkie, zaletasunak adin tarte horretan garatzen dira eta». Hasteko eta behin, beraz, «amu goxo bat» behar zuen punta-puntako egileak erakartzeko. «Zaila da esatea hemengo egilerik onenak zein diren, baina onenetakoak behintzat gure artean nahi genituen. Batzuk Frantzian ari ziren, esaterako Iñaki Holgado eta Marko, eta beste batzuek bertan behera utzia zuten komikia, Juan Luis Landak kasurako». Eragozpen bat erantsi dio Fanok horri: «Oso onak izanda ere, ez ziren ezagunak Euskal Herrian».
Hortik abiatuta, lau gertaerak zedarritu dute Xabiroi-ren hogei urteko historia. Jarraian datoz, hurrenez hurren.
Narrazio laburren garrantzia
«Halabeharrak» zehaztu zuen, nonbait, Xabiroi aldizkariaren urteko zenbaki kopurua. Urtean hiru kaleratzeko asmoz atera ziren plazara, baina zenbaki berezi bat egin behar izan zuten, jasotako diru laguntzak ondo interpretatzen asmatu ez, eta urte erdian laugarren zenbakia zor zutela jabetu zirelako, antza. Halaxe konpondu zuten gaizki-ulertua, Fanoren arabera: «Plan osoa hirurako pentsatuta zegoenez, aparteko zerbait egitea bururatu zitzaigun. Ohiko sailik gabe, sei-zazpi orrialdeko kolaborazioak eskatu genituen, eta sekulako lan ederrak atera ziren». Erabaki hark lorratz closeArrastoluzea izan du hogei urteotan izandako produkzioan. Fano: «Gaur bikote gisa ezagutzen ditugun hainbat egile orduan elkartu ziren. Esate baterako, Julen Ribas eta Iban Zaldua. Baita Sanvi eta Unai Iturriaga ere; hain zuzen, aparteko zenbaki hartan jaio zen Haur Besoetakoa pertsonaia estimatua».
Bada, aparteko zenbaki horri esker jabetu ziren narrazio laburrek har dezaketen garrantziaz ere, Fanok kontatu duenez: «Ipuin moduko horiek oso ohikoak ziren 80ko hamarraldiko komiki aldizkarietan, Cimoc eta enparauetan. Benetako altxorrak ziren. Guk eutsi egin diegu».
Albumak
Aldizkariek bizitza laburra dute, istantean irakur daitezke, eta ez zaie bestelako funtziorik aitortzen. Hain zuzen horregatik bururatu zitzaien albumetara jotzea. Atalka argitaratutako istorioak batu eta liburura ekartzeak balio erantsia eskain ziezaiokeen egileari; «amu goxoaren» beste aldea zen. «Beste dimentsio bat ematen zaie aldizkariko kolaborazio puntual horiei. Eta beste bizialdi bat ere eman dakieke, atzetik itzulpenak etorriz gero». Eta egileentzat ez ezik, Xabiroi-rentzat ere irabazpide da: «Espero ez genuen arren, denborarekin diru iturri bihurtu dira albumak. Gure finantzaketaren koska polit bat ematen digu albumen salmentak, eta, gainera, ikusgarriago egiten gaitu», dio Fanok.
Juan Luis Landa eta Josean Muñozen Irati izan zen albumetan lehena. Hemezortzigarrena izango da aurtengoa.
«Getxoko komiki azoka euskalduntzen saiatu gara urteetan, baina ez dugu lortu. Geure harritxoa jarri dugu, halere»
Beste onurarik ere aitortu die Fanok albumei. Esate baterako, azoketara joateko bidea zabaldu izana. Getxoko komiki azoka izan zuten estreinakoa. Irati eta zenbait aldizkari ale hartu, eta txokotxo batean jarri ziren, antolatzaileen gonbita aprobetxatuz. «Getxon konturatu ginen guk ere leku bat merezi genuela. Komiki azoka hori euskalduntzen saiatu gara urteetan, baina ez dugu lortu. Geure harritxoa jarri dugu, halere». Bilduma polita osatua dute jada: hemezortzi album eta 76 aldizkari zenbaki dituzte. Txokotxo baten ordez bi mahai ere betetzen dituzte azoketan.
Komunitatea
Idazleak, gidoilariak, marrazkilariak eta bestelako hainbat kolaboratzaile ditu Xabiroi-k. Haien artean osatzen duten sareak aldizkariaren sorrera bera du abiapuntua. Lehen kontaktuak Dani Fanok berak egin zituen (Iñaki Holgado, Manu Ortega, Marko, Juan Luis Landa, Patxi Pelaez, Harkaitz Cano...) eta, kontaktu haien bitartez, beste hainbat heldu ziren. «Markok Asiskoren kontaktua pasatu zidan, Asiskok Patxi Huarte Zaldi Eroa-rena, eta halaxe joan da komunitatea zabalduz. Jarraitutasuna duen medio egonkor batek aukera ematen du horretarako».
Fanorentzat «komunitatea» den horri «Xabiroi familia» deitzen dio Munduatek: «Guretzat pribilegio bat da familia horretan sortzen dena Euskal Herrian barrena ditugun 114 ikastoletan banatzea. Ia ezer ez zegoen toki batean sortu, eta urteen poderioz, asko egin du familia handi horrek».
«Saiatzen naiz egileen arteko afinitateak bilatzen eta profilak egokitzen. Baina aldizkaria egileek egiten dute»
Saretze horren meritua Fanorena da. Hark sortzen ditu komikigile bikoteak, idazle gidoilariak eta marrazkilariak harremanetan jarrita. Elkarguneak ere proposatzen ditu, hala nola azoketara joatea, bileretara deitzea eta otorduak antolatzea. Halaxe azaltzen du: «Dimentsio soziala ematea da nire lana, elkarren berri izateko bitartekoak jartzea, ez dadin izan soilik lanak enkargatzea eta aldizkarian argitaratzea». Entrenatzaileen gisan ikusten du bere burua Fanok: «Saiatzen naiz egileen arteko afinitateak bilatzen eta profilak egokitzen. Baina aldizkaria egileek egiten dute. Entrenatzaile gisa, nahi duzun bezala zuzentzen duzu, baina jokatu, idazle eta marrazkilariek jokatzen dute. Ez dago besterik».
Durangoko Azoka
Duela zenbait urte arte, Durangoko Azokan ohikoa zen marrazkilariak zutik eta liburu mordo baten gainean sinatzen ikustea. «Estanpa itsusi hori» gainditu eta haientzat leku bat konkistatu izanari garrantzi handia ematen dio Fanok: «Egileak kulturaren ondaretzat hartzea lortu dugu. Egileei tarte txukun bat emateak eta haien izena agerian jartzeak ez du zerikusirik handikeriarekin. Daukagun ondasun pertsonal hori nabarmentzea eta eroslearen aurrean jartzea baino ez da. Horretan geu hasi ginen, eta orain ez gara hori egiten duten bakarrak».
Munduate harrotasun handiz mintzo da Ikastolen Elkartearen izenean: «Ez dakit inork pentsatu ote zuen horrenbeste iraungo genuenik. Baina honaino iritsi izana gauzak ongi egiten ari garen seinale da».
Jatorrizko artikuluak
-
Komikigileen komunitateak 'Xabiroi' du izena
Garbine Ubeda |
|