Ikastolen Elkartearen altzoan ernaldu zen Xabiroi komiki aldizkaria, zehazki Euskaraz Bizi proiektuaren barruan, 2005ean. Hastapen hartan, Bigarren Hezkuntzako gaztetxoak euskarara lotzea eta haien artean irakurtzeko grina piztea izan zen helburu behinena. Testuingurua jarri dio Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkari eta orduko Ikastolen Konfederazioko hizkuntza arduradunak: «Ikastolen hizkuntza proiektuaren diseinua lantzen ari ginen, eta heldulekuak eta materialak sortu genituen euskararen erabilerari bultzada orokor bat emateko». Txikienei begira, ipuinak eman zituzten argitara. Gaztetxoei begira, berriz, «euskarri erakargarriago bat» hobetsi nahi izan zuten, «mamiz eta formatuz»: istorioak, testu laburragoak, akzioa... Osak gogoan duenez, «gazteentzat ez zegoen ia ezer».
Erein argitaletxearen bitartez plazaratzen zen Ipurbeltz komiki aldizkariak bizirik zirauen arren, azkenetan zegoen. Eta nolanahi ere, hura haurrentzat zen, nerabeentzat baino gehiago.
Arantxa Munduate Ikastolen Elkarteko kideak ez ditu erraz ahaztekoak sorrerako bilerak. Esan du irakurzaletasuna kutsatuko zuen tresna baten beharra ez ezik, hizpide izan zutela horretarako sortuko zuten produktuaren kalitatea ere: «Oso argi geneukan kalitate handiko zerbait izan behar zuela». Munduate Xabiroi aldizkariko koordinatzailea da harrezkeroztik.
Osak nabarmendu du hutsetik abiatu zirela ekinbide horretan: «Gaur egun, gauzak aldez aurretik lotuta nahi izaten ditugu, baina urte hartan itsu-itsuan egin genuen jauzi: sarea eratzeko zegoen, aurrekonturik ez genuen, salmenta punturik ere ez...». Baina bazuten helduleku bat bederen: Dani Fano (Donostia, 1968), Xabiroi-ko zuzendari eta arima izan dena urte hauetan guztietan.
Angulemara, erreferentzia bila
Ordurako umore grafikoa lantzen hasita zegoen Fano. Besteak beste, Ardi Beltza-n, Elhuyar-en eta pilota aldizkari batean egiten zituen kolaborazioak. 2004ko udazkenean hots egin omen zioten, zehazki Iñaki Lekuona irakasleak, eta halaxe bota: «Zergatik ez dugu komiki aldizkari bat egiten?». Loteria irabazi izan balu bezala sentitu omen zen Fano. Iñaki Holgado komikigilearekin elkartu, eta deliberatu zuten beste hainbat lagunekin batera Angulemako komiki azokara joatea. «Kiosko batean sartu, eta zeuzkaten aldizkari guztiak erosi genituen», azaldu du Fanok.
Angulematik itzulita, proiektu desiragarri bat pentsatu eta hura egituratzeari ekin zion Xabiroi-ko zuzendariak: «Oso argi nuen modu profesionalean eta profesionalekin egingo ez bazen ez nuela parte hartuko. Hori izan zen nire lehen premisa, eta berehalakoan eman zioten baiezkoa».
Fanok 2004ko udazkenaren hastapenean zehaztutako egitura hura ez da askorik aldatu hogei urtean: «Aldea orrialde kopuruan dago, baina askoz gehiago ere ez dira gaur egun. Eta gehienak komikiez osatuta daude, hasieratik nahi izan genuen bezala». Ikastoletako goi mailetan banatzeko bokazioz sortu zen aldizkaria, baina azkar batean gehitu zioten harpidetza sistema. Egun nornahi izan liteke harpidedun, urtean hamabi euroren truke.
Fano: «Nerabeentzat zerbait egin behar baduzu, eskura izan ditzakezun baliabide onenekin egin behar duzu. Benetako gutiziak eskaini behar zaizkie, zaletasunak adin tarte horretan garatzen dira eta». Hasteko eta behin, beraz, «amu goxo bat» behar zuen punta-puntako egileak erakartzeko. «Zaila da esatea hemengo egilerik onenak zein diren, baina onenetakoak behintzat gure artean nahi genituen. Batzuk Frantzian ari ziren, esaterako Iñaki Holgado eta Marko, eta beste batzuek bertan behera utzia zuten komikia, Juan Luis Landak kasurako». Eragozpen bat erantsi dio Fanok horri: «Oso onak izanda ere, ez ziren ezagunak Euskal Herrian».
Hortik abiatuta, lau gertaerak zedarritu dute Xabiroi-ren hogei urteko historia. Jarraian datoz, hurrenez hurren.
Narrazio laburren garrantzia
«Halabeharrak» zehaztu zuen, nonbait, Xabiroi aldizkariaren urteko zenbaki kopurua. Urtean hiru kaleratzeko asmoz atera ziren plazara, baina zenbaki berezi bat egin behar izan zuten, jasotako diru laguntzak ondo interpretatzen asmatu ez, eta urte erdian laugarren zenbakia zor zutela jabetu zirelako, antza. Halaxe konpondu zuten gaizki-ulertua, Fanoren arabera: «Plan osoa hirurako pentsatuta zegoenez, aparteko zerbait egitea bururatu zitzaigun. Ohiko sailik gabe, sei-zazpi orrialdeko kolaborazioak eskatu genituen, eta sekulako lan ederrak atera ziren». Erabaki hark lorratz luzea izan du hogei urteotan izandako produkzioan. Fano: «Gaur bikote gisa ezagutzen ditugun hainbat egile orduan elkartu ziren. Esate baterako, Julen Ribas eta Iban Zaldua. Baita Sanvi eta Unai Iturriaga ere; hain zuzen, aparteko zenbaki hartan jaio zen Haur Besoetakoa pertsonaia estimatua».
Bada, aparteko zenbaki horri esker jabetu ziren narrazio laburrek har dezaketen garrantziaz ere, Fanok kontatu duenez: «Ipuin moduko horiek oso ohikoak ziren 80ko hamarraldiko komiki aldizkarietan, Cimoc eta enparauetan. Benetako altxorrak ziren. Guk eutsi egin diegu».
Albumak
Aldizkariek bizitza laburra dute, istantean irakur daitezke, eta ez zaie bestelako funtziorik aitortzen. Hain zuzen horregatik bururatu zitzaien albumetara jotzea. Atalka argitaratutako istorioak batu eta liburura ekartzeak balio erantsia eskain ziezaiokeen egileari; «amu goxoaren» beste aldea zen. «Beste dimentsio bat ematen zaie aldizkariko kolaborazio puntual horiei. Eta beste bizialdi bat ere eman dakieke, atzetik itzulpenak etorriz gero». Eta egileentzat ez ezik, Xabiroi-rentzat ere irabazpide da: «Espero ez genuen arren, denborarekin diru iturri bihurtu dira albumak. Gure finantzaketaren koska polit bat ematen digu albumen salmentak, eta, gainera, ikusgarriago egiten gaitu», dio Fanok.
Juan Luis Landa eta Josean Muñozen Irati izan zen albumetan lehena. Hemezortzigarrena izango da aurtengoa.
Beste onurarik ere aitortu die Fanok albumei. Esate baterako, azoketara joateko bidea zabaldu izana. Getxoko komiki azoka izan zuten estreinakoa. Irati eta zenbait aldizkari ale hartu, eta txokotxo batean jarri ziren, antolatzaileen gonbita aprobetxatuz. «Getxon konturatu ginen guk ere leku bat merezi genuela. Komiki azoka hori euskalduntzen saiatu gara urteetan, baina ez dugu lortu. Geure harritxoa jarri dugu, halere».
Bilduma polita osatua dute jada: hemezortzi album eta 76 aldizkari zenbaki dituzte. Txokotxo baten ordez bi mahai ere betetzen dituzte azoketan.
Albumak dakarren beste onura bat zera da, produktuari berari ematen zaion trataera. «Albumak literatura balira bezala saltzen dira, eta album bakoitzari aurkezpena egiten zaio».
Komunitatea
Idazleak, gidoilariak, marrazkilariak eta bestelako hainbat kolaboratzaile ditu Xabiroi-k. Haien artean osatzen duten sareak aldizkariaren sorrera bera du abiapuntua. Lehen kontaktuak Dani Fanok berak egin zituen (Iñaki Holgado, Manu Ortega, Marko, Juan Luis Landa, Patxi Pelaez, Harkaitz Cano...) eta, kontaktu haien bitartez, beste hainbat heldu ziren. «Markok Asiskoren kontaktua pasatu zidan, Asiskok Patxi Huarte Zaldi Eroa-rena, eta halaxe joan da komunitatea zabalduz. Jarraitutasuna duen medio egonkor batek aukera ematen du horretarako».
Fanorentzat «komunitatea» den horri «Xabiroi familia» deitzen dio Munduatek: «Guretzat pribilegio bat da familia horretan sortzen dena Euskal Herrian barrena ditugun 114 ikastoletan banatzea. Ia ezer ez zegoen toki batean sortu, eta urteen poderioz, asko egin du familia handi horrek».
Saretze horren meritua Fanorena da. Hark sortzen ditu komikigile bikoteak, idazle gidoilariak eta marrazkilariak harremanetan jarrita. Elkarguneak ere proposatzen ditu, hala nola azoketara joatea, bileretara deitzea eta otorduak antolatzea. Halaxe azaltzen du: «Dimentsio soziala ematea da nire lana, elkarren berri izateko bitartekoak jartzea, ez dadin izan soilik lanak enkargatzea eta aldizkarian argitaratzea». Entrenatzaileen gisan ikusten du bere burua Fanok: «Saiatzen naiz egileen arteko afinitateak bilatzen eta profilak egokitzen. Baina aldizkaria egileek egiten dute. Entrenatzaile gisa, nahi duzun bezala zuzentzen duzu, baina jokatu, idazle eta marrazkilariek jokatzen dute. Ez dago besterik».
Durangoko Azoka
Duela zenbait urte arte, Durangoko Azokan ohikoa zen marrazkilariak zutik eta liburu mordo baten gainean sinatzen ikustea. «Estanpa itsusi hori» gainditu eta haientzat leku bat konkistatu izanari garrantzi handia ematen dio Fanok: «Egileak kulturaren ondaretzat hartzea lortu dugu. Egileei tarte txukun bat emateak eta haien izena agerian jartzeak ez du zerikusirik handikeriarekin. Daukagun ondasun pertsonal hori nabarmentzea eta eroslearen aurrean jartzea baino ez da. Horretan geu hasi ginen, eta orain ez gara hori egiten duten bakarrak».
Munduate harrotasun handiz mintzo da Ikastolen Elkartearen izenean: «Ez dakit inork pentsatu ote zuen horrenbeste iraungo genuenik. Baina honaino iritsi izana gauzak ongi egiten ari garen seinale da».

«Minimoki komikizale den orok ezagutu beharko luke Xabiroi»
Komikigileak ez ezik, komikizaleak ere saretu ditu Xabiroi-k plazan eman dituen hogei urteotan. Komikiaren munduaren jarraitzaileak ez dira musikarenak bezain ugariak, bai ordea porrokatuak eta fidelak. Hona Xabiroi-ren amuan erori direnen lagin bat.
Unai Iturriaga
Aldizkariko egile oparoenetako bat da, eta ia Xabiroi-k adina urte daramatza bertan kolaboratzen. 2007an egin zuen lehendabiziko lana, aldizkaria sortu eta bi urtera:
«Xabiroi-tik jasotako dei hura oso garrantzitsua izan zen niretzat. Batetik, oso komikizalea izan naizelako betidanik. Eta, bestetik, dei horren ondorioz etorri den guztiagatik: beste hainbat kolaborazio, lau album eta arlo horretan dabilen jendea ezagutzeko aukera. Neurri batean, komikigintzari aspaldion aitortzen zaion loraldiaren erruduna ere bada Xabiroi, jendea trebatzeko plataforma bat izan delako, album berri bat plazaratzen duelako urtero, eta, gainera, egileen arteko sare bat osatu duelako. Hor joan gara sartuz gidoilariok ere, batzuk komiki mundutik gertuagokoak eta beste batzuk urrunagotik etorritakoak. Ohitura sano batzuk ere ezarri ditu. Besteak beste, baldintza onak eskaintzea egileei. Ez du, beharbada, horretatik bizitzeko nahikoa bolumen sortzen, baina eskaintzen duena ongi eskainia da».
David Zapirain
Zerocalcareren euskarazko komikien editorea, Xabiroi-ren ikastoletatik kanpoko lehen harpideduna eta kolaboratzailea da.
«Kultura popularra apenas dugun euskaraz. Hutsune hori aski nabaria denez, ekinaldiak sustatzea beti da ona eta egin beharrekoa. Hori izan zen Xabiroi-ren harpidetza egiteko arrazoi nagusia. Baita zaletasuna ere, jakina. Lehen zenbakitik beretik jaso nahi izan ditut Xabiroi aldizkariak, bestela arriskua baitago istorioen haria galtzeko. Nolanahi ere, atalka argitaratzen diren istorioak amaieran irakurtzen ditut, azken atala argitaratutakoan edo albuma ateratakoan. Albumak guztiz beharrekoak iruditzen zaizkit, istorioa kolpe batean irakurtzeko aukera emateaz gainera, presentzia hartzen baitute erakusleihoetan, aldizkariak ez bezala. Paisaia hori behar-beharrezkoa da, eta busti beharra dago horretan. Gure kulturan oso gaizki ikusita dago kontsumo handiko gauzak egitea, baina mainstream izan litezkeen komiki horiek ere beharko genituzke. Berriki irakurri dudanez, Kataluniako liburutegi publikoetan gehiago irakurtzen da katalanez, gaztelaniaz baino. Hain zuzen, One Piece, Dragon Ball eta antzeko besteren bat ere eskura baitituzte gazteek katalanez».
Irati Iziar
Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria Xabiroi aldizkariaren jarraitzaile porrokatua da.
«Niretzat, txikitan sortutako zaletasunari jarraipena emateko bidea da Xabiroi. Ez dakit non ikusi ote nuen lehen aldiz, baina gogoan dut ikaragarri ederra iruditu zitzaidala. Harpidetzea erabaki nuen berehala. Nagusiki kalitateagatik naiz Xabiroi-ren jarraitzaile. Benetan ederrak dira irudiak eta gidoiak; eta gure istorioak kontatzen dituzte, gure erreferentziak erabiliz eta gure moduan. Zaldi Eroaren zale amorratua naiz: Arranotxu mundiala da. Eta Haur Besoetakoa ere oso gustuko dut. Ez dakit nolatan ez dagoen jendea mega-harpidetuta. Xabiroi umeen gauza dela uste du jendeak, edo ikastoletarako baino ez dela. Baina, hain justu, kontrakoa da: bai gaien aldetik bai kontatzeko moduengatik, oso aldizkari heldua da, eta umeek ere berdin jarrai diezaiokete. Neurri batean edo bestean komikizalea den orok ezagutu beharko luke Xabiroi».
Yurre Ugarte
Hiru istorio labur landu ditu elkarlanean Xabiroi aldizkarirako: Azalak, Alex Orberekin; Ura eta droneak, Mai Egurzarekin; eta Gelatina puska herrariak, Joseba Larratxerekin.
«Marrazkilari batekin baino gehiagorekin lan egiteko aukera ematen dio Xabiroi-k idazleari, eta hori oso eskertzekoa da. Komikizaletasuna pizteko tresna aparta da aldizkaria, eta azpimarratzekoa da irakurzaletasuna sustatzeko ere joka dezakeen rola: komikiak irakurle askoren lehen urratsa izaten dira askotan. Komikiaren medioak, hain zuzen, leku guztietan eta beti sustatu du irakurzaletasuna. Meritua aitortu behar zaio Ikastolen Elkarteari, lan hau aurrera eramateko egin duen ahaleginagatik; zoriontzekoa da. Hori esanda, iruditzen zait Xabiroi gehixeago zabaldu beharko litzatekeela; ez dago ondo aprobetxatuta».
Igor Leturia
Xabiroi aldizkariko kolaboratzailea da ia hastapenetik.
«Niri neuri asko eman dit Xabiroi-k, zenbaki eta album bakoitza irakurtzeak sortzen didan plazeraz gain. Blogaren bitartez [e-gorblog] euskal komikigintzaren dibulgazio lanetan pare bat urte neramatzala, Xabiroi-ko albisteen txokoan aritzeko aukera eskaini zidan Dani Fano egitasmoaren arimak, eta hala egin dut ia 70 zenbakitan. Horrez gain, KomikiTaun atala ere egin dut zenbait zenbakitan, hemengo eta nazioarteko komikigileak elkarrizketatuta: Pierre Christin, Grzegorz Rosinski, Juanjo Guarnido... Baina, zalantzarik gabe, euskal komikiaren munduan sartzeko eta barrutik ezagutzeko eman didan aukera izan da onena. Hala, aldizkarikoek Angulemako komiki jaialdira [Frantzia] egindako espedizioetan eta bestelako okasioetan, euskal egileen lagun egiteko pribilegioa eman dit».
Susana Martin
Ilustratzailea eta komikigilea da. Uxue Alberdirekin batera Surflariak eman du argitara Xabiroi-n. Narrazio laburrak ere ondu ditu.
«Xabiroi-k begirune handia erakusten die egileei, oso ongi ordaintzen baititu kolaborazioak. Esango nuke beste zenbait aldizkariren aldean hoberen pagatzen duena dela. Hainbat tarifa ditu, gainera, eta hori ongi dago, azal bat eta hiru binetaz osatutako zinta bat ez baitira gauza bera, adibide bat jartzearren; eta gidoilariaren lana eta marrazkilariarena ere ez dira gauza bera. Ezagun du aldizkaria daramatenak ere egileak direla, eta badakitela zer den babarrunak eltzetik ateratzea. Ez da ohikoa. Xabiroi-n aritzeko aukerak hunkitu egiten nau, euskara sustatu eta babesten duen aldizkari bat baita. Kataluniatik nator, eta katalanaren alde egiten zuten komiki aldizkariekin hazitakoa naiz. Bestalde, Dani Fanok sen handia erakutsi zuen Uxue Alberdi eta biok bikote gisa lanean jarri gintuenean, ongi funtzionatu du eta».