Naiara Perez Hitz ikerketa zentroko ikertzaile eta EHUren Informatika Fakultateko irakasleak tresna berria erabiltzeko deia egin du: «Euskal Herrian garatutako teknologia da, teknologia burujabetzaren aldeko urrats bat, irekia eta ona. Eredu gara hizkuntza gutxituetan adimen artifiziala garatzen, eta, aurrerantzean ere eredu izan nahi badugu, Latxaren moduko tresnak egiten jarraitu behar dugu». Horretarako herritarren laguntza behar dela nabarmendu du: «Gizartearen babesa behar dugu. Erabiliz gero, eredua hobetu eta osatu egin daiteke». Sainzek herritarrei eskatu die Latxa probatzeko: «Merezi du, bertsio hau oso ondo dabil».
Latxa 3: martxan da punta-puntako euskarazko adimen artifizialaren tresna berritua
EHUko Hitz zentroaren ereduaren bertsio berriak informazio eguneratuarekin egiten du lan, irudiak ulertzen ditu, ataza konplexuak ebazteko gai da, eta testuak 21 hizkuntzatara itzul ditzake.
ChatGPT (OpenAI), Gemini (Google), Claude (Anthropic), Deep Seek, Vibe (Mistral), Copilot (Microsoft)... Denak dira ezagunak eta euskal herritar askok erabiltzen dituzte, baina, aurrerantzean, horien guztien pare egongo da euskarazko adimen artifizialeko eredua berritua. Latxa 3 gertuago dago adimen artifizialeko tresna handien funtzioetatik: informazio eguneratuarekin lan egiten du, irudiak ulertzen ditu, eta gaitasun handiagoa du arrazoitzeko, programatzeko eta testuak itzultzeko. Eta bide onean doa: jada lau mila erabiltzaile baino gehiago daude erregistratuta, eta azkeneko hilabetean erabiltzaileek egunean batez beste hirurehun elkarrizketa eta bostehun itzulpen inguru egin dituzte Latxan.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hitz ikerketa zentroak garatu du eredua, eta aurreko bertsioarekin alderatuz gero indartsuagoa da, punta-puntakoa. Herritarrek eguneroko eginbehar gehiagotan laguntzeko erabili ahal izango dute Latxa. Doakoa eta irekia da. Hori bai, mugarik gabe erabili ahal izateko, erregistratu egin behar da. Eredua eta kodea eskuragarri daude, lizentzia irekien bidez.
Latxa 3k Interneterako sarbidea izango du, eta informazioa bilatuko du sarean. BERRIAren, EITBren eta Tokikomencloseeuskarazko tokiko komunikabideen sarea
edukietan ere arakatuko du, informazioa eskuratzeko. Latxa 3 ereduak, beraz, tokiko ikuspegia dauka eta ber-bertakoa da; Euskal Herriko eta euskarazko edukiekin trebatu dute, eta, nolabait esateko, gertuago dago hemengo errealitate sozial eta kulturaletik.
Arabiera, urdua eta bengalera
Testuak itzultzea da erabiltzaileek Latxari gehien eskatzen dizkioten lanetako bat. Ereduaren hirugarren bertsioa testuak 21 hizkuntzatara itzultzeko gai da. Hizkuntzak aukeratzeko orduan aintzat hartu dute Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoa. Hizkuntzen artean daude euskara eta inguruko hizkuntzak, baina baita Euskal Herrira etorritako migratzaileen hizkuntza batzuk ere: arabiera, errumaniera, urdua, eta bengalera, esaterako.
Gero eta ohikoagoa da elkarteetan eta eskoletan zenbait hizkuntzatan idatzitako mezuak zabaldu behar izatea, edota beste hizkuntza batean jasotako mezu bat edo deialdi bat itzuli nahi izatea. Latxa 3 gai da bai euskaratik eta bai euskarara itzultzeko.
Irudiak ere ulertzen ditu. Sakelako telefonoarekin kartel bati, jatetxe bateko menuari edota lekuren bateko jarraibideei argazkia ateraz gero, Latxak testuak zer dioen azaldu dezake, edo testua bera itzuli. Xehetasunen bati buruz galde dakioke, edo azalpen errazago bat eskatu.
Erabiltzeko deia
Adimen artifizialeko ereduari zerbait galdetu, eta hark erantzun. Batzuetan, ordea, zenbait urrats dituzten atazak edo eginbeharrak egiteko ere eskatzen zaie adimen artifizialeko eredu sortzaileei. Latxa 3k aurreko bertsioak baino gaitasun handiagoa du horretarako. Izan daitezke programazioarekin lotutako zereginak, eta erabiltzaile gehienentzat ezagunagoak eta ulergarriagoak diren bestelako kontuak ere bai. Oskar Sainz Hitz Ikerketa zentroko ikertzaileak eman du adibidea: «Demagun Parisera joatekoa zarela; bidaiaren plana egiteko eska diezaiokezu. Ereduak berak bilatu behar du Interneten nola irits zaitezkeen, zer egin dezakezun, lekuak zabalik dauden...».

|