Latxa indartu dute. Erabiltzaileek gauza gehiago egin ahalko dituzte euskarazko adimen artifizialeko ereduarekin, eta bertsio berria gertuago dago adimen artifizialeko eredu handien funtzioetatik: informazio eguneratuarekin lan egiten du, irudiak ulertzen ditu, eta gaitasun handiagoa du arrazoitzeko, programatzeko eta testuak itzultzeko. Latxa 3 da. Bihar aurkeztuko dute, eta bihar bertan egongo da erabiltzeko moduan.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hitz ikerketa zentroak garatu du Latxa. Aurreko bertsioarekin alderatuz gero indartsuagoa dela eta «jauzi kualitatiboa» eman dutela nabarmendu dute: «Latxa 3ren bidez, jauzi bat egin dugu euskaraz, eta doan punta-puntako adimen artifizialeko laguntzaileen gaitasunak eskaintzeko eta adimen artifizialarekin euskaraz aritzeko aukerak zabaltzen ditu». Eusko Jaurlaritzak babestu du Latxaren garapena, Iker-Gaitu proiektuaren bitartez.
Erregistratu, mugarik gabe erabiltzeko
Ondorioz, herritarrek eguneroko eginbehar gehiagotan laguntzeko erabili ahal izango dute Latxa. Doakoa eta irekia da. Hori bai, mugarik gabe erabili ahal izateko, erregistratu egin behar da (erabiltzaileen datuak ez dizkiote inori ematen). Jada lau mila erabiltzaile baino gehiago daude erregistratuta. Hitz ikerketa zentroko arduradunek espero dute Latxa 3 plazaratu eta gero beste hainbeste erregistratuko direla. Eredua eta eta kodea eskuragarri daude, lizentzia irekien bidez.
Ezagunak dira ChatGPT (OpenAI), Gemini (Google), Claude (Anthropic), Deep Seek, Vibe (Mistral), Copilot (Microsoft) eta beste batzuk. Euskal herritar askok erabiltzen dituzte. Latxa, ez hainbeste. Hala ere, erabilera datuak aipagarriak dira: azkeneko hilabetean erabiltzaileek egunean batez beste hirurehun elkarrizketa eta bostehun itzulpen inguru egin dituzte Latxan.
BERRIA, EITB eta Tokikom
Latxa 3k informazio eguneratua emango du: alde batetik, Interneterako sarbidea izango du, eta informazioa bilatuko du bertan; bestetik, BERRIAren, EITBren eta Tokikomen (euskarazko tokiko komunikabideen sarea) edukietan arakatuko du, informazioa eskuratzeko. Ondorioz, orain artean baino «erantzun eguneratuagoak eta fidagarriagoak» emango ditu. Latxak erabakiko du non bilatu: batean, bestean, edo bietan.
Hitz ikerketa zentroak indexatu egin ditu komunikabide horien albisteak, Latxan bilaketaren bat eginez gero bilaketa horri dagozkion albisteak bilatzeko eta erabiltzeko. Zentroko arduradunen esanetan, «horrek gaurkotasuna eta tokiko ikuspegia txertatzen ditu adimen artifizialaren erantzunetan».
«Latxa irekia da, eta ona. Eredu gara hizkuntza gutxituetan adimen artifiziala garatzen, baina gizartearen babesa behar dugu. Erabiliz gero, eredua hobetu eta osatu egin daiteke»
NAIARA PEREZÂ Hitz ikerketa zentroko ikertzailea
Tokiko ikuspegia garrantzitsua da. Latxa 3 ez da AEBetan garatu dituzten adimen artifizialeko eredu handiak bezain indartsua. Baina beste eredu batzuekin alderatuta, euskarazko edukiak sortzeko eta ulertzeko gaitasun hobea du. Beste eredu batzuk baino naturalago eta zehatzago komunikatzen da euskaraz. Euskarazko eta Euskal Herriko edukiekin trebatu dute, eta, nolabait esateko, gertuago dago Euskal Herriko errealitate sozial eta kulturaletik; hobeto ezagutzen du.
Latxa zaharrak ez zeukan gaur egungo informaziorik, eta hori zen, Oscar Sainzen esanetan, haren «ahulezia handienetakoa»: «Jendeak asko erabiltzen zuen gertatu berri ziren gauzak galdetzeko, baina Latxak euskaraz ikas zezan erabili genuen corpusa 2025eko irailera artekoa zen. Zerbait berriagoa eskatuz gero, Latxak ez zuen horren berri, eta erantzunak asmatzeko aukera handia zegoen». Hitz ikerketa zentroko ikertzaile doktore kontratuduna da Sainz. Latxa garatzen lan egin du.
Arabiera, urdua eta bengalera
Testuak itzultzea da erabiltzaileek Latxari gehien eskatzen dizkioten lanetako bat. Ereduaren hirugarren bertsioa testuak 21 hizkuntzatara itzultzeko gai da. Hizkuntzak aukeratzeko orduan aintzat hartu dute Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoa. Hizkuntzen artean daude euskara eta inguruko hizkuntzak, baina baita Euskal Herrira etorritako migratzaileen hizkuntza batzuk ere: arabiera estandarra, errumaniera, urdua (Pakistan) eta bengalera (Bangladesh), esaterako.
Gero eta ohikoagoa da elkarteetan eta eskoletan zenbait hizkuntzatan idatzitako mezuak zabaldu behar izatea, edota beste hizkuntza batean jasotako mezu bat edo deialdi bat itzuli nahi izatea. Latxa 3 gai da itzultzeko, bai euskaratik eta bai euskarara: «Horrela, euskara hizkuntza komunitate desberdinen arteko eguneroko komunikazioaren abiapuntu eta helmuga bihur daiteke».
Irudiak ere ulertzen ditu. Sakelako telefonoarekin kartel bati, jatetxe bateko menuari edota lekuren bateko jarraibideei argazkia ateraz gero, Latxak testuak dioena azaldu edo itzul dezake. Xehetasunen bati buruz galde dakioke, edo azalpen errazago bat eskatu.

Adimen artifizialeko ereduari zerbait galdetu, eta hark erantzun. Batzuetan, ordea, zenbait urrats dituzten atazak edo eginbeharrak egiteko eskatzen zaie adimen artifizialeko eredu sortzaileei. Latxa 3k aurreko bertsioak baino gaitasun handiagoa du horretarako. Izan daitezke programazioarekin lotutako zereginak, edo erabiltzaile gehienentzat ezagunagoak eta ulergarriagoak diren bestelako kontuak. Sainzek eman du adibidea: «Demagun Parisera joatekoa zarela; bidaiaren plana egiteko eska diezaiokezu. Ereduak berak bilatu behar du Interneten nola irits zaitezkeen, zer egin dezakezun, lekuak zabalik dauden...».
Latxa 3k «testuinguru luzeagoekin» lan egin dezake. Horrela esanda, azalpena abstraktua da. Praktikan, ordea, esan nahi du elkarrizketa luzeagoak izan daitezkeela harekin, informazio gehiagorekin lan egin dezakeela. Token kontzeptua aipatu du Sainzek. Hitzak edo hitz zatiak dira. Euskarari dagokionez, hitz zatiak, zehaztu du. Zenbat eta elkarrizketa luzeagoa, orduan eta token gehiago. Irudiren bat edo PDFren bat gehituz gero, are gehiago.
Elkarrizketa luzeagoak
«Testuinguru horrek guztiak lekua okupatzen du», azaldu du Sainzek. Latxaren eredu zaharrean, zortzi mila tokenera iristean, elkarrizketa bukatu egiten zen. Latxa 3n, elkarrizketa 256.000 tokenera ere irits daiteke, eta lan konplexuagoak egin ditzake. Gaitasun hori erabilgarria da txosten luzeak aztertzeko, haien edukiak kontsultatzeko eta lana aurrera doan neurrian xehetasunak gehitzeko.
Elkarrizketa luzeagoak, eta aurretik esandakoa ahaztu gabe: «Duela pare bat urteko ereduetan, gerta zitekeen ereduarekin elkarrizketa luze bat izatea eta eredua galtzen hastea, hau da, aurretik esan zuena ez gogoratzea. Eredu hauek, ordea, askoz ere hobeak dira koherentziari eusteko».
Programatzea da adimen artifizialeko ereduen abantaila nagusietako bat ikertzaileentzat. Adimen artifizialari esker, orain ordu edo egun gutxian egin ditzakete lehen zenbait egun edo asteetan egiten zituzten programazio lan luze, astun eta aspergarriak. Programatzaileek eskertuko dute Latxa 3: kodea sortzen, azaltzen eta zuzentzen lagunduko die. Hasiberriek eta eskarmentua dutenek eskertuko dute: «Ikasten ari denak errore mezu bat ulertzeko erabil dezake; arlo horretan lanean ari denak, berriz, zeregin errepikakorrak arintzeko programa txikiak garatzeko laguntza eska dezake».
«Merezi du probatzea, bertsio hau oso ondo dabil. Jende gehienak adimen artifizialeko ereduak zertarako erabiltzen dituen ikusita, Latxak balio die»
OSCAR SAINZÂ Hitz ikerketa zentroko ikertzailea
Latxa 3ren gaitasun berri horiek baliatuz, erabiltzaile batzuek aukera izango dute eginkizun jakin bat egingo duten laguntzaileak garatzeko, bai jada badituzten aplikazioetan integratuta, bai aplikazio propioak sortuta. «Gaur egun oso ohikoa da enpresek eta erakundeek lanak automatizatzea hizkuntz ereduak erabiliz», Sainzen arabera. «Latxaren bitartez», jarraitu du, «eduki dezakezu programa bat gauzak egiteko Latxarekin hitz egiten duena».
Latxan oinarritutako aplikazioak edo erabilerak ere sor daitezke: Puntueus fundazioaren baai.eus, esaterako, webguneak euskaraz sortzeko tresna da. Latxa integratzeko edo aplikazioak sortzeko asmoa duten enpresei, administrazioei eta garatzaileei Hitz zentroarekin harremanetan jartzeko eskatu diete.
Bi erantzun, onena aukeratzeko
Zenbaitetan, zerbait galdetu eta bi erantzun emango ditu Latxa 3k. Erabiltzaileak bietako bat aukeratuko du, bere iritziz onena. Horrek Hitz zentroko ikertzaileei balioko die erabiltzaileen «feedbacka eta sentipena» jasotzen. Ereduak ebaluatzeko tresnek neurtu ezin dituzten sentsazioak eta giza irizpideak dira.
«Ereduaren erabilera ikusita, gainera, erabiltzaileen behar berriak identifika ditzakegu», Naiara Perezen esanetan. Eta produktu eta zerbitzu berriak garatu. Hitz ikerketa zentroko ikertzailea eta EHUren Informatika fakultateko irakaslea da.
Latxa 3 erabiltzeko eskatu dute Hitz zentroko arduradunek. Euskal Herrian garatutako teknologia da, urrats bat teknologia burujabetzan. «Irekia da, eta ona», nabarmendu du Perezek. «Eredu gara hizkuntza gutxituetan adimen artifiziala garatzen, eta aurrerantzean ere eredu izan nahi badugu, Latxaren moduko tresnak egiten jarraitu behar dugu». Herritarren laguntzarekin: «Gizartearen babesa behar dugu. Erabiliz gero, eredua hobetu eta osatu egin daiteke». Sainzek herritarrei eskatu die Latxa probatzeko: «Merezi du, bertsio hau oso ondo dabil. Jende gehienak adimen artifizialeko ereduak zertarako erabiltzen dituen ikusita, Latxak balio die».
Latxa 3 erabili nahi izanez gero, sartu hemen: latxa.hitz.eus.
ARDIA ETA LLAMA IKUR
Elkarri lotutako ardi latx bat (Ovis aries) eta llama bat (Lama glama) dira Latxaren irudia. Ardi latxa, Euskal Herriko sinboloa; llama, berriz, Metaren Llama adimen artifizialeko eredu irekietan oinarrituta sortu zutelako Latxa.
Â