Munduaren amaierako izotzetarako bidaia

  • 941 hitz
  • Albistea entzun

Darwin mendikatean, Suaren Lurraldean (Txile hegoaldean), hilabetez aritu da 'Into the Ice' (Izotzerantz) euskal espedizioa. Lehenengoa izan da Amerikako hego muturrean dagoen izotz eremuan ikerketa zientifiko zabala egiten. Gainera, aurrez inork zapaldu gabeko bi gailurretara igotzea lortu dute.

Umea nintzela, igaraba ehizan ibili ginen behin, Yendagaia inguruan. Han badira izoztegiak; eta bada itsasora jausten den bat, Aniowaea-taun izenekoa. Horren aurretik txalupan pasatzeko, aurpegia beltzez margotzen ziguten, aurpegia belztu gabe ez baitago izoztegiari begiratzerik. Aurpegia margotua nuenez begiratu niezaiokeela esaten zidaten, baina nik ez nion begiratu nahi izaten: izua eragiten zidan». Joandako mundu baten lekukotza da. Cristina Calderonek jagan hizkuntza eta kultura baino ez zituen ezagutu 9 urte izan arte. Bera zen azken jagan hiztuna.

Azken hamarkadetan izena eta izana mudatu zaie Amerikako hego muturreko glaziarrei. Inork ez darabil, oso aspaldian, Aniowaea-taun; Italia izenez ageri da mapetan glaziar hori. Itsasora iristen da oraindik, ikusgarria da oraindik, baina uzkurtucloseBildu, txikitu.
egin da. Calderon haurra zelarik, glaziarraren aurrealdea Beagle kanalean barneratzen zen; kanal ertzetik gibelera erretiratu da ordutik, eta kilometro bateko badia bat sortu da. Glaziar horrexen goi ordokian, 1.400 metroko garaieran, egin ditu lanak Into The Ice espedizioak.

«Bi metro pasatxoko elur zuloa egin genuen han, laginak hartzeko. Gauerako 1,80 metroko hormak eraiki behar izan genituen kanpalekuaren jiran, elur blokeak erabiliz, haizetik babesteko», azaldu du Eñaut Izagirre glaziologoak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1990). «BisutscloseHaizea eta elurra edo euria dakartzan ekaitza.
a eta laino itxia izan genituen, baldintza gogor samarrak. Pozik jaitsi ginen egin beharrekoak eginda».

Darwin mendikatea Beagle kanaletik. Ezkerretik eskuinera gailurrik nabarmenak: Frances, Bove eta Roncagli. ANDREW OPILA

‘Kotik’ itsasontzia kanpaleku

Hemezortzi metro luze eta ia berrogei tonako belaontzi bat, Kotik izenekoa, baliatu du espedizioak Darwin mendilerroan barneratzen diren fiordoetan nabigatzeko. «Logistikoki, ontzia izan da kanpaleku nagusia guretzat. Menditik iritsi, ganoraz jan, atseden hartu eta biharamunean berriz abiatzeko prest egotea egundokoa izan da», azpimarratu du Izagirrek. Zehaztu duenez, «zientzia esplorazioa» egin dute: «Lehen espedizio zientifikoa izan gara izotz eremuaren barnera sartu, izotzetan garaiera handira igo, eta laginakcloseAztergaiak.
hartu dituena hainbat gunetan. Eta ez da lantegi erraza izan». Darwin mendigunea inguru basatia da erabat, eta, noski, ez dago biderik. Mendiguneko behealdea izugarri hezea da; zohikaztegiakcloseLur zingiratsuak.
, kastore gainpopulazioak eragindako zingirak eta goroldioak estalitako basatza dira gehienean. Bada oztopo gaiztoagorik, ordea. «Baso izugarri trinkoetan orduak eman ditugu, katiuskak jantzita eta matxetea eskuan, adar artean eta sasitzan aurrera egin ezinda ia».

«Lehen espedizio zientifikoa izan gara izotz eremuaren barnera sartu, izotzetan garaiera handira igo, eta laginak hartu dituena hainbat gunetan. Eta ez da lantegi erraza izan».

Eñaut Izagirre (glaziologoa)

Hego Amerikako hirugarren izotz eremu handiena da Darwin mendikatekoa, eta sistema glaziar horren egoera aztertzen ari da Eñaut Izagirre bere doktore tesian. 2018ko apirilean mendigunean jarritako hainbat gailu berreskuratzea zuten zereginetako bat. «Zazpi termometro, estazio meteorologiko bat, bi argazki kamera eta beste bi sentsore jarrita geneuzkan Roncagli glaziarraren behe eremuan». Kameratako batek erakutsitakoa esanguratsua da. «Jarri nuenean, enkoadraketaren ezkerraldean zegoen Roncagli glaziarraren aurrealdea; orain, beste ertzean dago, ia kilometro bat atzerago, eta azken urtebetean laurehun metro galdu ditu. Kamerak egunero argazki bat egin duenez, izotzaren uzkurtzea dokumentatu dugu, irudi segida batean».

«Kamerak egunero argazki bat egin duenez, izotzaren uzkurtzea dokumentatu dugu, irudi segida batean».

Eñaut Izagirre (glaziologoa)

Satelite eta droneak lagun

Bost gunetan hartu dituzte elur laginak. Italia, Roncagli eta Holanda glaziarretako pilaketa eremuetan elur zuloak egin dituzte. «Hobi sakonak egin, eta, hogei zentimetrotik behin, laginak hartu genituen metalezko ziri batez. Horri esker jakingo dugu, batetik, prezipitazioak nondik heltzen diren, eta, bestetik, giza jarduerek eragindako kutsadura arrastorik iritsi ote den hura bezain eremu bakartu batetara».

Eñaut Izagirre elur laginak hartzen Italia glaziarraren pilaketa eremuan, bisutsaren erdian. ANDREW OPILA

Droneak erabili dituzte bai mapa zientifikoak osatzeko, bai mendian aurrera nola egin goitik ikusteko ere. Satelite irudiak ere funtsezkoak izan dira, Ibai Rico glaziologoak arrazoitu duenez (Gasteiz, 1980): «Irudi horiei esker, geografia sakon aztertu eta GPS gailuetan erreferentziazko bideak diseinatu ditugu, arrakala gunerik arriskutsuenak saihestuz».

«Satelite irudiei esker, geografia sakon aztertu eta GPS gailuetan erreferentziazko bideak diseinatu ditugu, arrakala gunerik arriskutsuenak saihestuz».

Ibai Rico (glaziologoa)

Roncagli, uste zen baino garaiagoa

Inork zapaldu gabeko azken gailur handia zen Roncagli mendikoa. Eta huraxe zen espedizioaren «helburu alpinistiko nagusia», Ricoren hitzetan. 1971tik lau espediziok egin dituzte saiakerak. Talde horien testigantzak leitu, eta azkeneko bi ahaleginak egin zituen Simon Yates mendizale entzutetsuari idatzi zion Ricok. «Goi mailako alpinista da Yates, baina ezin izan zuen. Lehen ekinaldian galdu egin ziren. Bigarrengoan, guk begiz jotako alderditik ahalegindu zen, eta, esan digunez, arrakala handi bat gainditu ezinda etsi zuen».

Roncagliren gailurrak izotzezko zela bat irudikatzen du, hegoaldetik begiratuz gero. Martxoaren 23an lortu zuten zelaren aurreko konkorrera igotzea Ricok berak eta Jon Inorizak (Gasteiz, 1999). «Goizean goizetik kilometro mordoxka bat eginda eta Yatesek-eta aurkitu zuten arrakalak sortutako inkognita horrekin gindoazen. Guk, ordea, ez genuen halako trabarik aurkitu, zorionez. Gailurrera iristea hunkigarria izan zen. Gure amaz gogoratu nintzen». Garaiera zehaztasun handiz kalkulatzeko gailu bat eraman zuten mendizaleek tontorrera, eta 2.251 metro neurtu zituzten; mapetan aldaketa eragingo dute, 2.226 metro baitzituen Roncaglik orain arte.

Garaiera zehaztasun handiz kalkulatzeko gailu bat eraman zuten mendizaleek tontorrera, eta 2.251 metro neurtu zituzten; mapetan aldaketa eragingo dute, 2.226 metro baitzituen Roncaglik orain arte.


Sara mendira igotzen ere lehendabizikoak izan dira Rico eta Inoriza, 36 orduko ekinaldi azkar batean. «Hego-mendebaldeko ertzetik, arroka eta izotz eskalada mistoan, sei luze egin genituen, horietako pare bat nahiko konplikatuak. Baldintza eskoziarrak izan genituen, gainera: eguraldi petrala eta izotz geruza meheegia; gozatu egin genuen!», laburbildu du Inorizak.

Andrew Opila argazkilari eta bideogilea aritu da (New York, AEB, 1991), nekagaitz, espedizioan gertatutakoa dokumentatzen. Grabatutakoarekin dokumentala muntatzen hasiko da aurki. Argi dauka zein den proiektuaren indargunea, eta zeinek izan behar duen helburua: «Gu egon garen leku batzuetan ez da aurrez inor izan. Behin baino gehiagotan pentsatzen nuen: 'Leku hau erretratatzen duen lehen pertsona naiz'. Estreinakoa izatea berez ez zait piperrik axola, ez da ego kontua. Baina leku honek merezi duen neurriko lana egin nahi dut, eta guk hemen sentitu dugunaren poxi bat sentiarazi filma ikusten dutenei».

«Gu egon garen leku batzuetan ez da aurrez inor izan».

Andrew Opila (argazkilaria eta  bideogilea)

Jatorrizko artikuluak