Nafarroan orain arte aurkitutako giza aztarnarik zaharrenak topatu dituzte kobazulo batean

Orain dela 44.000 eta 49.000 urte arteko neandertal baten hezurrak aurkitu dituzte Abaunzko kobazuloan. Ikerlarien hitzetan, aurkikuntza hori erreferentzia izango da mundu zabalean.

Inoiz Nafarroan aurkitu diren giza aztarnarik zaharrenak topatu dituzte Abaunzko kobazuloan, Arraitz-Orkinen, Ultzaman. Karbono- 14 azterketaren arabera, orain 44.000 eta 49.000 urte bitarteko gizonezko neandertal heldu baten aztarnak dira aurkitutakoak. Hiru metakarpocloseeskuko hezurra, karpoa eta hatzen artekoa, eskuin eskuko hatz hezur bat eta proteina analisiaren bidez identifikatutako bi zati aurkitu dituzte. Ikerketaz arduratu den taldeak adierazi du aurkikuntza hori «erreferentzia» izango dela neandertalen garapenaz eta desagertze prozesuaz gehiago jakiteko. 

Abaunzko aurkikuntza horrek neandertalen inguruko ikerketan lagunduko du; zehazki, orain 40.000 urte Homo sapiens espeziea Europan barrena nola hedatu zen ikusten. Ikerlariek azaldu dute aurkikuntzak Nafarroako neandertalen aztarnen miaketen «hutsunea» betetzeko balio izan duela, eta, horrekin batera, bidea ireki duela talde horien «presentzia» eta «biztanleria dinamika» ezagutzeko. Orain arte egindako ikerketen arabera, lortutako aztarnetan «bikain» kontserbatu da DNA, eta ikerketa aurrera doan honetan aukera emango du neandertalen desagertze prozesuan gehiago sakontzeko.

2022an hasi ziren indusketak, bi helburu nagusirekin: neandertalak nola bizi ziren jakitea, eta Mendebaldeko Pirinioek neandertalen desagertze prozesuan izan zuten eragina hobeto ulertzea.

Lezetxiko giza aztarnak

Euskal Herrian aurkitu diren giza aztarnarik zaharrenak Arrasateko Lezetxiki kobazuloan (Arrasate, Gipuzkoa) aurkitutako hezurrak dira. Jose Migel Barandiaranek eta Jesus Altunak, 1964an, giza humero bat aurkitu zuten bertan. Uranioaren serieen bidez egindako datazioaren arabera, 164.000 urte (+/-9.000 urte) ditu besahezurrak gutxienik; ziurrenik emakumezkoa zen 35 urte inguruko neandertal aurreko gizaki batena da.

Azken aurkikuntza ere garrantzitsua izan zen. Karrantzako (Bizkaia) Polvorin kobazuloan hemezortzi hezur aurkitu zituzten 2021 eta 2023 bitartean, eta hezur guztiak Andere izena jarri zioten emakume batenak dira. Datazio zehatza egiteko zailtasunak eduki zituzten; izan ere, gutxienez 150.000 urte badituztela uste badute ere, baliteke «zaharragoak» ere izatea. Jose Migel Barandiaranek berak egin zituen lehen indusketak kobazulo horretan. 2020an berriz hasi ziren bertan lanean. Hasieran, kobazuloan bildutako faunaren fosilak aztertzeko asmoz ekin zioten lanari, baina giza aztarnak aurkitu zituzten, «ezustean». Hori dela eta, berriro ekin zieten indusketei.


Erantzun galderei:

  1. Ultzaman aurkitutakoak Nafarroan orain arte topatutako giza aztarnarik zaharrenak dira. Euskal Herrian topatutako aztarnarik zaharrenak ere badira?
  2. Ikerketaz arduratu den taldearen ustez, garrantzi handia dauka aurkikuntzak, eta erreferentzia izango da. Zergatik?
  3. Bi helburu nagusirekin abiatu zituzten indusketak 2022an. Zeintzuk ziren helburu horiek?
  4. Orain arte Euskal Herrian topatutako giza aztarnarik zaharrenak nongoak dira?
  5. Jose Migel Barandiaranek eta Jesus Altunak egin zituzten Lezetxikiko indusketak. Barandiaranek zerikusirik izan al zuen Karrantzako Polvorin kobazuloan egindako indusketekin?
  6. Noiz zabaltzen hasi ziren Homo sapiens-ak Europan?


Solas egin gaiari buruz. 

  • Zer dakizu neandertal espezieko gizakiei buruz? Neandertalek eta Homo sapiens-ek izan zuten harremanik elkarrekin? Gaur egungo gizakiak espezie horietako batetik datoz. Ba al dakizu zein den espezie hori? Entzun al zenuen inoiz Jose Migel Barandiaranen izena? Zergatik izan zen garrantzitsua haren lana? Gustuko al dituzu historiaurreko kontuak? Bisitarik egin al duzu inoiz margolanik edo bestelako giza aztarnarik duen kobazuloren batera? Iruditzen zaizu Euskal Herrian badela halakorik? Esango al zenuke bakarren baten izenik?


Jatorrizko artikuluak