Nafarroan orain arte aurkitutako giza aztarnarik zaharrenak topatu dituzte Abaunzko kobazuloan

Orain dela 44.000 eta 49.000 urte arteko gizonezko neandertal heldu baten aztarnak dira. Ikerketaz arduratu den taldearen esanetan, aurkikuntza hori «erreferente» izango da munduan.

Aurkikuntza egin duen taldeko zenbait kide, Abaunzko kobazuloan. UNAI BEROIZ / NAFARROAKO GOBERNUA
Aurkikuntza egin duen taldeko zenbait kide, Abaunzko kobazuloan. UNAI BEROIZ / NAFARROAKO GOBERNUA
Ekain Tolaretxipi
2026ko urriaren 19a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inoiz Nafarroan aurkitu diren giza aztarna zaharrenak topatu dituzte Abaunzko kobazuloan, Arraitz-Orkinen, Ultzaman. Karbono-14 probaren arabera, orain 44.000 eta 49.000 urte bitarteko gizonezko neandertal heldu baten aztarnak dira aurkitutakoak. Hiru metakarpo, eskuin eskuko hatz hezur bat eta proteina analisiaren bidez identifikatutako bi zati aurkitu dituzte. Ikerketaz arduratu den taldeak adierazi du aurkikuntza hori «erreferente» izango dela neandertalen garapenaz eta desagertze prozesuaz gehiago jakiteko. 

Abaunzko aurkikuntza horrek neandertalen inguruko ikerketan lagunduko du. Zehazki, orain 40.000 urte Homo sapiens espeziea Europan barrena nola hedatu zen ikusten. Ikertzaileek azaldu dute Nafarroako neandertalen aztarnen miaketen «hutsunea» betetzeko balio izan duela aurkikuntzak, eta, horrekin batera, bidea ireki duela talde horien «presentzia» eta «biztanleria dinamika» ezagutzeko. Orain arte egindako ikerketen arabera, lortutako aztarnetan «bikain» kontserbatu da DNA, eta, ikertzen segitzen dutenez, aukera izango dute neandertalen desagertze prozesuan gehiago sakontzeko.

2022an hasi ziren indusketak, bi helburu nagusirekin: neandertalak nola bizi ziren jakitea, eta Mendebaldeko Pirinioek neandertalen desagertze prozesuan izan zuten eragina hobeto ulertzea.

'Andere'-ren aztarnak Karrantzan

Orain bi urte Karrantzako (Bizkaia) El Polvorin kobazuloan aurkitutako giza aztarnak aurkeztu zituzten. Guztira, hemezortzi hezur aurkitu zituzten 2021 eta 2023 bitartean, eta hezur guztiak Andere izena jarri zioten emakume batenak dira. Datazio zehatza egiteko zailtasunak eduki zituzten; izan ere, gutxienez 150.000 urte badituztela uste badute ere, baliteke «zaharragoak» ere izatea. Haitzulo hartan Jose Migel Barandiaranek egin zituen lehen indusketak, eta, 2020an, Asier Gomez Olivencia ikerlariak gidatutako taldea hasi zen bertan lanean. Hasieran, kobazuloan bildutako faunaren fosilak aztertzeko asmoz ekin zioten lanari, baina giza aztarnak aurkitu zituzten, «ezustean». Hori dela eta, hurrengo urtean berriro ekin zieten indusketei.

 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA