Pantailatik baino, hobe leihotik begiratzea

  • 910 hitz

Nerabeen artean hedatzen ari den joera bat da ‘barebacking’-a. Garraio publikoan sakelakoari begiratu beharrean, leihotik paisaiari begiratzean datza. Joera bat da, eta, adituen hitzetan, oso osasungarria.

Hartu denbora zeuretzat, zeure buruarekin topo egiteko. Besterik ezean, garraio publikoan bidaian zoazenean. Utzi gailu digitalak albo batera. Deskonektatu, konektatzeko. Egin galderak, egin planak, edo ez egin ezer, eta begietsi closebegiratu, kontenplatubarruan duzunaren ederra. Horixe da, funtsean, barebacking-a.

Hiperkonektibitatearenclosenonahi eta etengabe sarean loturik egoteko fenomenoa garaian, joera berriak sortzen ari dira. Z belaunaldiarentzat behar bat ere bada. Autobusean edo trenean zoazenean leihotik begiratzea eten bat egitea da, arnasa hartzea. «Parentesi bat da. Oso onuragarria geure buruari mugak jartzeko. Izan ere, behin gurpil horretan sartuta zaudela, oso zaila da hamsterra izateari uztea. Oso zaila bada guretzat, helduontzat, pentsa zer den nerabeentzat. Haien nortasunaren sorreran eragiten du bete-betean». Orainprebentzioa elkarteko gizarte hezitzaile Mikel Cerezoren hitzak dira. Arazoa «oso larria» dela dio: «Osasun mentaleko arazoak, suizidioen gorakada, autolesioen gorakada... Hortik datoz. Eta barebacking-a oasi txiki bat da basamortu erraldoi horretan. Ez dakit moda bat den, edo zer den, baina positiboa dena da jendeak kontzientzia hartu duela, eta esan: ‘Behintzat, eguneko momentu honetan, moztu egingo dut’. Ordu erdi edo ordubete horretan sare sozialak eguneratzen aritu beharrean, leihotik begira aritzea sekulako garaipena da».

«Ordu erdi edo ordubete horretan sare sozialak eguneratzen aritu beharrean, leihotik begira aritzea sekulako garaipena da»

Mikel Cerezo

Iritzi berekoa da Maitane Ormazabal psikologoa eta ZEOS programako kidea —Zentzuzko Erabilera eta Osasuna Saretzen programa—. «Barebacking-a joera bat bada, gaur egungo gizartearen isla ere bada: hiperkonektatua, hiperbetea, hiperfrenetikoa... Horren guztiaren sintoma bat da. Eta hori berri ona izatea berri txarra ere bada». Bere ustez erantzukizuna ez da gazte belaunaldi horrena bakarrik: «Esan dezakegu: ‘Ze ona. Ikusten da gazteek gogoa dutela dinamika horretatik irteteko. Eta prest daudela esfortzu hori egiteko’. Baina horretarako, gizarte osoaren bultzada behar dute, ez dadin izan joera bat bakarrik».

Mugarriclosegertaera garrantzitsua edo gogoangarria bat

Ormazabalek «inflexio puntu batean» ikusten du gizartea: «Ikusi behar dugu eldarnioclosezentzugabekeria digital honek nora eraman gaituen, eta nora joan nahi dugun. Izan ere, betekada garai batera iritsi gara: informazio gehiegi, estimulazio handiegia... Erabat nekatuta gaude psikologikoki».

Byung-Chul Han filosofo korearrak esandakoak ekarri ditu gogora: «Hark dio diziplinaren gizartetik errendimenduaren gizartera igaro garela. Eta errendimenduaren gizarte horretan, aro digitalak behartu gaitu une oro konektatuta egotera: denbora guztian informatuta egon, eta guztiari helbururen bat bilatu. Etekina atera behar diegu une guztiei, eta ez gara ohartzen hori ez dela etekina ateratzea. Hiperproduktibo bihurtu gara, eta horrek ondorioak ditu gure osasun mentalean eta emozionalean». 

Cerezok eman dio errematea: «Gaur egungo nerabeek denbora galtze gisa ikusten dute egiteko ezer ere ez edukitzea». Sare sozialak jarri dituzte biek jomugan. Ormazabalek hausnarketa bat egin du: «Uste dugu sare sozialak-eta informatzeko sortuta daudela, baina entretenitzeko sortuta daude, eta mendekotasun bat sortzeko. Isiluneak eta gatazkak tapatzeko modu bat izan da zarata hori guztia jartzea. Zarata kentzen duzunean, gauza asko atera daitezke, eta ez dakit prestatuta gauden ateratzen den soinu hori entzuteko». Cerezoren hitzetan sare sozialek erakusten dutena bizitza horien guztien azala da; lehen orria: «Horixe da Instagram: azal bat. Baina azal horren barruan dagoena inork ez du begiratzen».

«Hiperkonektatua, hiperbetea, hiperfrenetikoa... Horren guztiaren sintoma bat da barebacking-a. Eta hori berri ona izatea berri txarra ere bada»

Maitane Ormazabal

Kontzeptu gogor bat aipatu du Ormazabalek: «Biolentzia digitala sufritu dugu, eta ez gara konturatu. Biolentzia isila: mezu elektronikoak, Whatsapp taldeak... Erantzun behar hori. Konturatu gabe, 50 juntatu zaizkizu. Une oro daukagu produktiboak izan beharra. Eta bidaiak horretarako aprobetxatzen ditugu. Ez geure buruarekin egoteko, eta pentsatzeko. Zeren guk uste dugu asko pentsatzen dugula, baina guk pentsamendu errepikakorrak errepikatzen ditugu. Gure pentsamenduei buruz ez dugu pentsatzen; oso gutxi».

Eta zer diote gazteek?

Zarauzko (Gipuzkoa) Txipristin astialdi taldeko hezitzaileak dira Amaia Estibariz Urbitarte eta Oier Arruti Irigoien. Ongi dakite zer den deskonexio digitala, eta ezagutzen dituzte haren onurak ere. Estibarizek azaldu du zein den haien filosofia: «Gure irteeretan deskonexio hori lortzea da helburua: burbuila horretan sartzea. Eta burbuila horretan ez dago teknologia horien eta pantaila horien beharrik. Harremanak hutsetik sortzen ditugu. Horretarako ez dago gailuen beharrik; eta goazen uneaz disfrutatzera: carpe diemcloseEgunean egunekoa bizitzera bultzatzen duen latinezko esaldia».

Txipristineko kideek onurak baino ez dizkiote ikusten jardun horri: «Harremanak askoz ere naturalagoak dira, kontaktu fisikoa ere gehiago bilatzen dute, eta memoriari ere gehiago eragiten diote», azaldu du Estibarizek. Eta «oso positiboa» den beste zerbait nabarmendu: «Ispiluan kasik begiratu ere ez dira egiten, ez dutelako kezkatu beharrik zer-nolako itxurarekin doazen. Gizarteak eta sare sozialek ezartzen dizkieten kanon edo estereotipo horietatik aldentzen laguntzen die deskonexio horrek, eta oso modu naturalean eta politean, gainera».

Arrutik umore ukitu bat eman dio gaiari: «Arlo material horretatik irten egiten dira. Goizean, aerobik egiten dugu. Eta denak jaisten dira pijama soinean eta sekulako piurarekincloseitxura. Eta inori ez dio lotsarik ematen. Albo batera uzten dute lotsa. Sortzen da halako komunitate sentsazio bat. Gainera, itxurarik okerrena begiraleok izaten dugu. Gure piura ikusteak konfiantza ematen die eurei ere: nahi duzun moduan joan zaitezke».

«Arazo handiena da geroz eta gutxiago dakigula geure buruarekin egoten, eta hori ekiditeko jotzen dugula sare sozialetara»

Oier Arruti

Estibarizek eta Arrutik ezagutzen dute barebacking kontzeptua. Hogeina urte dituzte. Eta deskonexio horren beharraz, arrazoiez eta arriskuez hausnartu dute. Arrutik garbi dauka: «Arazo handiena da geroz eta gutxiago dakigula geure buruarekin egoten, eta hori ekiditeko jotzen dugula sare sozialetara. Hori da errazena: besteen bizitzei erreparatzea, eta ez norberarenari». Azken batean, barebacking-ak dakarren eten horrek norbere buruarekin topo egitea dakar, eta askok ez dute horretarako ohitura handirik. Estibarizek eman du beldur horren berri: «Askotan, zu bakarrik zarenean zeure buruaren parte, beldurra ematen du. Zenbateraino ezagutzen ote duzun zeure burua, edo zer galdera egin behar dizkiozun zeure buruari».

«Askotan, zu bakarrik zarenean zeure buruaren parte, beldurra ematen du. Zenbateraino ezagutzen ote duzun zeure burua»

Amaia Estibariz

Jatorrizko artikuluak