Norbera, norberarekin: zu zeu. Begiratu leihotik. Kristalaren bestaldean ikusten duzun paisaia hori zeurea da, eta kristalak bueltatzen dizun isla ere bai. Ez duzu zertan une oro besteena bizi beharrik, klikatu eta atsegin duzula eman beharrik. Ezta une oro zeure burua epaituen plazan jarri beharrik ere. Hartu denbora zeuretzat, zeure buruarekin topo egiteko. Besterik ezean, garraio publikoan bidaian zoazenean. Utzi gailu digitalak eta bestelakoak albo batera. Deskonektatu, konektatzeko. Egin ihes jakinarazpenen diktadurari, eta eguneratzeen ordularitxo birakari gogaikarriari. Egin galderak, egin planak, edo ez egin ezer, eta begietsi barruan duzunaren ederra. Horixe da, funtsean, barebacking-a.
Z belaunaldiaren aje handientzat sortutako konponbide txiki bat: hiperkonektibitateari pausa eta arnasa emateko beharra; bai, behintzat, garraio publikoan bidaiatzen denean. Eten bat, belaunaldi horrek berak eskatutakoa. «Parentesi bat da. Oso onuragarria geure buruari mugak jartzeko. Izan ere, behin gurpil horretan sartuta zaudela, oso zaila da hamsterra izateari uztea. Oso zaila bada guretzat, helduontzat, pentsa zer den nerabeentzat. Haien nortasunaren sorreran eragiten du bete-betean», azaldu du Orainprebentzioa elkarteko gizarte hezitzaile Mikel Cerezok. Nerabeen deskonexio beharrei buruz ari da. Sakelakoari eta, batez ere, sare sozialei buruz —«ez baitut inor ezagutzen sakelakoaren kalkulagailurekiko mendekotasuna duenik»—. Eta arazoa «oso larria» dela dio: «Osasun mentaleko arazoak, suizidioen gorakada, autolesioen gorakada... Hortik datoz. Eta barebacking-a oasi txiki bat da basamortu erraldoi horretan. Ez dakit moda bat den, edo zer den, baina positiboa dena da jendeak kontzientzia hartu duela, eta esan: ‘Behintzat, eguneko momentu honetan, moztu egingo dut’. Ordu erdi edo ordubete horretan sakelakoari begira egon beharrean, sare sozialak eguneratzen aritu beharrean, leihotik begira aritzea sekulako garaipena da».
Mugarri bat
Iritzi berekoa da Maitane Ormazabal psikologoa eta ZEOS programako kidea —Zentzuzko Erabilera eta Osasuna Saretzen programa—. «Barebacking-a joera bat bada, gaur egungo gizartearen isla ere bada: hiperkonektatua, hiperbetea, hiperfrenetikoa... Horren guztiaren sintoma bat da. Eta hori berri ona izatea berri txarra ere bada». Eta arazoa, eta batez ere erantzukizuna, ez da gazte belaunaldi horrena bakarrik: «Esan dezakegu: ‘Ze ona. Ikusten da gazteek gogoa dutela dinamika horretatik irteteko. Eta prest daudela esfortzu hori egiteko’. Baina horretarako, gizarte osoaren bultzada behar dute, ez dadin izan joera bat bakarrik».
Izan ere, Ormazabalek «inflexio puntu batean» ikusten du gizartea: «Ikusi behar dugu eldarnio digital honek nora eraman gaituen, eta nora joan nahi dugun. Izan ere, betekada garai batera iritsi gara: informazio gehiegi, estimulazio handiegia... Erabat nekatuta gaude psikologikoki». Byung-Chul Han filosofo korearrak esandakoak ekarri ditu gogora: «Hark dio diziplinaren gizartetik errendimenduaren gizartera igaro garela. Eta errendimenduaren gizarte horretan, aro digitalak behartu gaitu une oro konektatuta egotera: denbora guztian informatuta egon, eta guztiari helbururen bat bilatu. Etekina atera behar diegu une guztiei, eta ez gara ohartzen hori ez dela etekina ateratzea. Hiperproduktibo bihurtu gara, eta horrek ondorioak ditu gure osasun mentalean eta emozionalean». Cerezok eman dio errematea: «Gaur egungo nerabeek denbora galtze gisa ikusten dute egiteko ezer ere ez edukitzea».
«Barebacking-a joera bat bada, gaur egungo gizartearen isla ere bada: hiperkonektatua, hiperbetea, hiperfrenetikoa... Horren guztiaren sintoma bat da. Eta hori berri on bat izatea berri txar bat ere bada»
MAITANE ORMAZABALPsikologoa
Eta sare sozialak jarri dituzte biek jomugan. Ormazabalena da hausnarketa: «Uste dugu sare sozialak-eta informatzeko sortuta daudela, baina entretenitzeko sortuta daude. Mundu digital horretan dauden produktu asko ez daude eginda erabiltzaileek garapen bat izateko, baizik eta mendekotasun bat sortzeko. Isiluneak eta gatazkak tapatzeko modu bat izan da zarata hori guztia jartzea. Zarata kentzen duzunean, gauza asko atera daitezke, eta ez dakit prestatuta gauden ateratzen den soinu hori entzuteko». Eta Cerezorena da irudia: «Sare sozialek erakusten dutena bizitza horien guztien azala da; lehen orria. Horixe da Instagram: azal bat. Baina azal horren barruan dagoena inork ez du begiratzen».
Barebacking-a lehengora bueltatzea ote den, edo gazte horien artean deskonexiorako beharra atzematen ote duten galdetuta, Ormazabalek dio ikusten duela halako joera bat: «Badago detox digitalerako joera bat. Ari gara ikusten gazteen artean, gurasoen artean, hezitzaileen artean... Teknologia gehiegi sartu dugulako gizakiaren lekua hartzeko. Horregatik ari gara berriro ere planteatzen teknologiaren erabilera: bai, baina noiz, nola, norentzat... Askatasunaren izenean, sarbide libre hori guztia eman diegu, baina ez gara konturatu horrek askatasuna kendu diela: diren hori izateko askatasuna eta autonomia».
«Ordu erdi edo ordubete horretan sakelakoari begira egon beharrean, sare sozialak eguneratzen aritu beharrean, leihotik begira aritzea sekulako garaipena da»
MIKEL CEREZOOrainprebentzioa elkarteko gizarte hezitzailea
Kontzeptu gogor bat aipatu du Ormazabalek: «Biolentzia digitala sufritu dugu, eta ez gara konturatu. Biolentzia isila: mezu elektronikoak, Whatsapp taldeak... Erantzun behar hori. Autobusean zoaz, eta denak erantzuten hasi behar duzu. Konturatu gabe, 50 juntatu zaizkizu. Une oro daukagu produktiboak izan beharra. Eta bidaiak horretarako aprobetxatzen ditugu. Ez geure buruarekin egoteko, eta pentsatzeko. Zeren guk uste dugu asko pentsatzen dugula, baina guk pentsamendu errepikakorrak errepikatzen ditugu. Gure pentsamenduei buruz ez dugu pentsatzen; oso gutxi. Gure pentsamenduak emozio bihurtu behar ditugu, eta gure emozioak pentsatu».
Eta zer diote gazteek?
Zarauzko (Gipuzkoa) Txipristin astialdi taldeko hezitzaileak dira Amaia Estibariz Urbitarte eta Oier Arruti Irigoien. Ongi dakite zer den deskonexio digitala, eta ezagutzen dituzte haren onurak ere. Estibarizek azaldu du zein den haien filosofia: «Haur gisa jaso genuen hura begirale gisa nahi dugu transmititu. Taldearen balioekin eta helburuekin jarraitu. Gure irteeretan deskonexio hori lortzea da helburua: Zarautzen dagoena Zarautzen utzi, eta burbuila horretan sartzea. Eta burbuila horretan ez dago teknologia horien eta pantaila horien beharrik. Harremanak hutsetik sortzen ditugu. Horretarako ez dago gailuen beharrik; eta goazen uneaz disfrutatzera: carpe diem».
«Arazo handiena da geroz eta gutxiago dakigula geure buruarekin egoten, eta hori ekiditeko jotzen dugula sare sozialetara. Hori da errazena: besteen bizitzei erreparatzea, eta ez norberarenari»
OIER ARRUTITxipristin astialdi taldeko hezitzailea
Burbuila batetik bestera jauzi egitea dirudi, baina Txipristineko kideek onurak baino ez dizkiote ikusten jardun horri: «Askotan, sare sozialetan edo modan dagoen gairen bat planteatzen diegu, eta horren inguruan sortzen dituzte harremanak. Ez daukatenez gailu bat elkarri erakusteko, sortzen diren harremanak askoz ere naturalagoak dira, kontaktu fisikoa ere gehiago bilatzen dute, eta memoriari ere gehiago eragiten diote», azaldu du Estibarizek. Eta «oso positiboa» den beste zerbait nabarmendu: «Ispiluan kasik begiratu ere ez dira egiten, ez dutelako kezkatu beharrik zer-nolako itxurarekin doazen, aurrean dagoenak bere itxura bera edo okerragoa duelako; desastre bat eginda dagoelako. Gizarteak eta sare sozialek ezartzen dizkieten kanon edo estereotipo horietatik aldentzen laguntzen die deskonexio horrek, eta oso modu naturalean eta politean, gainera». Arrutik umore ukitu bat eman dio gaiari: «Arlo material horretatik irten egiten dira. Goizean, aerobik egiten dugu. Eta denak jaisten dira pijama soinean eta sekulako piurarekin. Eta inori ez dio lotsarik ematen. Albo batera uzten dute lotsa. Sortzen da halako komunitate sentsazio bat. Gainera, itxurarik okerrena begiraleok izaten dugu. Gure piura ikusteak konfiantza ematen die eurei ere: nahi duzun moduan joan zaitezke».
«Askotan, zu bakarrik zarenean zeure buruaren parte, beldurra ematen du. Zenbateraino ezagutzen ote duzun zeure burua, edo zer galdera egin behar dizkiozun zeure buruari»
AMAIA ESTIBARIZTxipristin astialdi taldeko hezitzailea
Estibarizek eta Arrutik ezagutzen dute barebacking kontzeptua. Hogeina urte dituzte. Eta deskonexio horren beharraz, arrazoiez eta arriskuez hausnartu dute. Arrutik garbi dauka: «Arazo handiena da geroz eta gutxiago dakigula geure buruarekin egoten, eta hori ekiditeko jotzen dugula sare sozialetara. Hori da errazena: besteen bizitzei erreparatzea, eta ez norberarenari». Azken batean, barebacking-ak dakarren eten horrek norbere buruarekin topo egitea dakar, eta askok ez dute horretarako ohitura handirik. Estibarizek eman du beldur horren berri: «Askotan, zu bakarrik zarenean zeure buruaren parte, beldurra ematen du. Zenbateraino ezagutzen ote duzun zeure burua, edo zer galdera egin behar dizkiozun zeure buruari. Ni egunero joaten naiz Zarauztik Gasteizera autobusez. Eta gustatzen zait inguruari eta ingurukoei begiratzea, baina beti izaten dut sakelakoa hor, musika jartzeko. Autokritika egin beharko nuke, beraz: barebacking-a egitasmo polita iruditzen zaidala, baina sakelakoa oso presente dagoenez nire bizitzan, ez dudala guztiz tarte hori hartzen neure buruarekin bakarrik egoteko».