Orain 31.500 urte bizi izan zen haitzuloetako lehoi gazte baten eskeleto osoa aurkeztu dute
Hezurdura Mendaroko Ormola Bide Ondoko leizean topatu zuten, 2023an. Iberiar penintsulan aurkitutako ale heldugabe baten eskeleto oso bakarra da.
Arno bi edo hiru urte baino ez zituela hil zen; arra zen, eta lehoi erraldoi bat izateko bidean zihoan —180 kilo zeuzkan—, erraldoiak baitziren duela 31.500 urteko haitzuloetako lehoiak (Panthera spelaea). Arno mendiguneko barrunbeclosezulo, hutsune batean aurkitu dute, Ormola Bide Ondoko leizean, eta horregatik jarri diote Arno izena. Iberiar penintsulan aurkitutako ale heldugabe baten eskeleto oso bakarra da, eta Gipuzkoan aurkitu duten bigarrena. 1966an topatu zuten lehoi heldu baten beste hezurdura bat, Arrikrutzen (Oñati). Hark 1-1,2 metroko altuera eta 250 kiloko pisua izango zuela kalkulatu izan dute. Lehoi handiago baten —330 kilo pisatuko zuen hark— izterrezurra ere aurkitu zen. Hibernaziorako koban sarturiko hamaika hartzen hezurrak ere aurkitu zituzten bertan.
Burumendi espeleologia taldeko kideek aurkitu zuten Arno, 2023an. EHUko ikerlariek eta Aranzadi zientzia elkartekoek ikertu dute geroztik. Ondorio nagusia hau da: duela 31.500 urte ingurukoa dela, eta, aurkikuntzari esker, duela 14.000 eta 12.000 urte artean desagertutako espezie bati buruzko jakintza handitu ahal izango dutela, bereziki haren hazkundearekin eta garapenarekin zerikusia duten ataletan.
Goi Pleistozenoko espeziea
Orain arte egindako analisiei esker, gorpuzkiak Panthera spelaea spelaea azpiespeziearenak direla identifikatu dute; Goi Pleistozenoko berezko espezie batenak. Eskeletoa ia osorik topatu izanari eta alearen adinari eman diote garrantzia. Haitzuloetako lehoiak Eurasiako eremu zabaletan bizi izan ziren ia milioi bat urtez, eta leku nabarmena zuten historiaurreko ekosistemetako harrapariclosebeste animalia batzuk janez bizi den animalia mota handien artean. Lehen gizakien pintura eta grabatuetan ere islatu da haien presentzia. Baina aztarna fosilak oso urriak dira, eta horregatik du Arnok halako interes zientifikoa.
Gordailuan egin dituzte aztarna fosilen kontserbazio eta leheneratze lanak. Alvar Manjon ikerlariak Mendebaldeko Pirinioetako Pleistozenoko felido handiei buruz egin du doktore tesia, eta tesiaren parte izan da Arnori buruzko ikerlana. «Hezurren egoera ez zen uniformea. Batzuk osorik eta egoera onean zeuden; beste batzuek, berriz, hausturak, deformazioak eta milaka urtez metatutako konkrezio mineralak zituzten», azaldu du.
Manjonek azaldu du letaginei esker jakin dutela Arno arra dela, eta haren humero hezurra neurtuz jakin dutela 180 kilo zituela. Eta haitzuloetako lehoiak izaki euritermoak zirela —tenperatura aldaketa handiak eta muga zabalak jasateko gai ziren—, eta gaur egungo lehoiek baino harrapakin handiagoak ehizatzen zituztela: oreinak, bisonteak eta adarzabalak, besteak beste. Gaur egungo lehoirik handienek 230 kilo pisatzen dute; Arnoren modukoek, berriz, 500 kilo ere izan zitzaketen. Zergatik desagertu ote ziren galdetuta, ekosistemen galeragatik, harrapakinak desagertzeagatik, beste haragijale batzuen konpetentziarengatik eta gizakiaren presioarengatik izan zela nabarmendu du Manjonek.
Jatorrizko artikuluak
-
Bazen behin lehoi gazte bat Mendaron
Enekoitz Telleria Sarriegi |
|