Bi edo hiru urte baino ez zituen hil zenean. Harra zen, bere letaginek erakusten dutenez. Eta lehoi erraldoi bat izateko bidean zihoan —180 kilo zeuzkan—, erraldoiak baitziren duela 31.500 urteko haitzuloetako lehoiak (Panthera spelaea). Mendaroko (Gipuzkoa) familia batekoa zen, baina ez dakite taldean bizi ote zen hango basoetan.
Arno mendiguneko barrunbe batean aurkitu dute, Ormola Bide Ondoko leizean, eta horregatik jarri diote Arno izena. Ez dakite nolatan amaitu zuen zulo hartan. Nahigabe erori ote zen barrenera. Edo hiena saldo batek eraman zuen bertara arrastaka. Edo goseak jota sartu ote zen haitzuloetako hartz baten kumeak ehizatzera, eta hartz amarekin egin ote zuen topo, ezustean. Dakitena da Iberiar penintsulan aurkitutako ale heldugabe baten eskeleto oso bakarra dela, eta Gipuzkoan aurkitu duten bigarrena —1966an topatu zuten lehoi heldu baten beste hezurdura bat Arrikrutzen (Oñati)—.
Burumendi espeleologia taldeko kideek egin zuten aurkikuntza, 2023an. EHUko ikerlariek eta Aranzadi zientzia elkartekoak ikertu dute geroztik. Ondorio nagusia honakoa da: duela 31.500 urte ingurukoa dela, eta, aurkikuntzari esker, duela 14.000 eta 12.000 urte artean desagertutako espezie bati buruzko ezagutza handitu ahal izango dutela, bereziki, haren hazkundearekin eta garapenarekin zerikusia duten ataletan.
Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan aurkeztu dute. Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Goizane Alvarez Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatua, Enetz Ezenarro Mendaroko alkatea, Xabier Kerexeta Gipuzkoako Aldundiko Bilduma eta Musoen arduraduna, Burumendi espeleologia taldeko kideak, eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari Asier Gomez Olivencia eta Alvar Manjon.
Aurkikuntzaren balio zientifikoa eta ondare balioa nabarmendu dituzte. «Honi esker, hobeto ezagutuko dugu nolakoa zen gure lurraldea duela milaka urte, eta ulertuko dugu zen aberatsa den maiz oinpean ezkutatuta daukagun ondarea», nabarmendu du Alvarez diputatuak. Ezenarro alkateak Mendaroko eta Mutrikuko udalen izenean hartu du hitza, eta Burumendi taldeko kideen «borondatezko lana» azpimarratu du. Xabier Kerexeta Gordailuko arduradunak, berriz, «elkarlanaren» garrantzia: «Espeleologoek aurkitu zuten, baina bere horretan utzi zuten, eta aurkikuntzaren berri eman zieten ikertzaileei. Aurkikuntzari eta ondorengo lanari esker, aurkikuntzaz gozatzeko aukera dugu».
Espeleologoen aldarria
Roberto Soto, Nerea Arrizabalaga eta Joseba Aramaio izan dira aurkezpenean Burumendi espeleologia taldearen izenean. Lehoia aurkitu eta atera zuten uneko bideo bat jarri dute hizketan ari ziren bitarean. «Aurkikuntza honek aukera ematen digu espeleologiak zientziarekin duen lotura aldarrikatzeko», aldarrikatu du Aramaiok: «Gu ez gara zuloetara kaloriak erretzera sartzen. Hau ez dugu kirol gisa egiten. Lotura gehiago du geologiarekin, biologiarekin, paleontologiarekin... Beti ari gara zientziaren zerbitzura». Eta eman ditu aurkikuntzari buruzko beste xehetasun batzuk: «Hemezortzi lagun aritu ginen lanean, eta hogei aldiz sartu ginen haitzulora. Horrek zerbait esan nahi du, ez genuen-eta istripurik txikiena ere izan. Prestatu egiten gara, simulakroak egiten ditugu...». Kontatu du, lehoiaren aztarnak aurkitu bezain pronto, Jesus Tapia Aranzadiko arkeologoarekin jarri zirela harremanetan, Gipuzkoako Aldundiarekin, Mendaroko eta Mutrikuko udalekin, EHUko ikerlariekin... Eta haitzulora jaitsi behar ziren ikerlariei lana erraztea izan zela euren beste egitekoa: «Hara jaistea ez baita batere erraza, eta zetozenak trebatu egin behar ziren».
Izan ere, lehen balorazio zientifikoa egin ondoren, fosilak dokumentatzeko, induskatzeko eta berreskuratzeko prozesua jarri zuten martxan. Erauzketa lanak 2023ko abendutik 2024ko martxora bitartean egin zituzten, Asier Gomez Olivencia paleontologoaren zuzendaritzapean. Ez zen batere lan erraza izan. Ormola Bide Ondoko leizearen ezaugarriak direla eta, hezurdura berreskuratzeko zailtasun tekniko handiak egon ziren: eskeletoa 2x1 metro pasatxoko azalera irregular batean sakabanatuta zegoen, galeria estu eta malkartsu baten barruan. «Horren ondorioz, erabilitako indusketa metodoak ere ez ziren ohikoak izan. Fotogrametria teknika erabili genuen, hiru dimentsioetako plano bat lortu ahal izateko», azaldu du Olivenciak. Eta aurkikuntzaren balio nabarmendu: «Haitzuloetako lehoia piramide trofikoaren goiko aldean dagoen animalia bat da. Oso ale gutxi daude halakoak ekosistemetan, eta are gutxiago fosilizatzen direnak».
Orain arte egindako analisiei esker, gorpuzkiak Panthera spelaea spelaea azpiespeziearenak direla identifikatu dute; Goi Pleistozenoko berezko espezie batenak. Eskeletoa ia osorik topatu izanari eta alearen adinari eman diote garrantzia. Haitzuloetako lehoiak Eurasiako eremu zabaletan bizi izan ziren ia milioi bat urtez, eta leku nabarmena zuten historiaurreko ekosistemetako harrapari handien artean. Lehen gizakien pintura eta grabatuetan ere islatu da haien presentzia. Baina aztarna fosilak oso urriak dira, eta horregatik du Arnok halako interes zientifikoa.
Gordailuan egin dituzte aztarna fosilen kontserbazio eta leheneratze lanak. Alvar Manjon ikerlariak Mendebaldeko Pirinioetako Pleistozenoko felido handiei buruz egin du doktore tesia, eta tesiaren parte izan da Arnori buruzko ikerlana. «Hezurren egoera ez zen uniformea. Batzuk osorik eta egoera onean zeuden; beste batzuk, berriz, hausturak, deformazioak eta milaka urtez metatutako konkrezio mineralak zituzten», azaldu du.
Manjonek azaldu du letaginei esker jakin dutela Arno harra dela, eta haren humero hezurra neurtuz jakin dutela 180 kilo zituela. Eta haitzuloetako lehoiak izaki euritermoak zirela —tenperatura aldaketa handiak eta muga zabalak jasateko gai dena—, eta gaur egungo lehoiek baino harrapakin handiagoak ehizatzen zituztela: oreinak, bisonteak eta adarzabalak, besteak beste. Eta gaur egungo lehoi handienek 230 kilo pisatzen badituzte, Arnoren modukoek 500 kilo ere izan zitzaketela. Zergatik desagertu ote ziren galdetuta: ekosistemen galeragatik, harrapakinak desagertzeagatik, beste haragijale batzuen konpetentziarengatik, eta gizakiaren presioarengatik izan zela nabarmendu du Manjonek.
Ikerketa lanek martxan jarraitzen dute. Lortzen dituzten datuak Europako beste erregistro fosil batzuekin alderatuko dituzte, haitzuloetako lehoien hazkundearen ezagutzan sakontzeko. Era berean, Vienako Unibertsitateko talde batekin lankidetzan, DNA analisiak egiteko laginak ere hartuko dituzte. Arno Mendaroko familia batekoa zen, eta Ormola Bide Ondoko leizekoa.