Sanferminetako talde bortxaketatik hamar urte: mugarri baten kontakizuna

  • 841 hitz

2016ko uztailaren 7ko erasoak agerian utzi zituen indarkeria matxistaren alderdi sozial, instituzional eta kulturalak. Bortxaketa hark sekula ikusi gabeko erreakzioa eragin zuen gizartean.

Ez zen salbuespenezkoa izan, baina bai paradigmatikoacloseeredu edo oinarri gisa har daitekeen adibidea2016ko sanferminetako lehen gauean, bost gizonek emakume gazte bat bortxatu zuten atari batean. Bortxaketa grabatu egin zuten, eta, horren ondoren, biktimaren telefonoa lapurtu. Handik gutxira atxilotu zituzten. Erasoak haserrea eragin zuen, eta haserre hura amorru bilakatu zen epaileek bortxaketa zena abusutzat jo zutenean, ez erasotzat. Gero etorri zen elkartasun olatuak mugarri bat ezarri zuen. Nik sinesten dizut leloa kalez kale zabaldu zen.

Gertatutakoaren inguruko liburu bat idatzi zuen Samara Velte BERRIAko kazetari ohi eta EHUko irakasleak. Azaldu duenez, hainbat elementuk bat egin zuten orduan gertatutakoak hainbesteko oihartzuna izateko. Velteren arabera, orduko erreakzio soziala ez zen izan «bat-bateko» zerbait, kontrara: Iruñean, mugimendu feministak, jaietako eragileek eta instituzioek urteak zeramatzaten sexu erasoak arazo sozial gisa ikusarazteko lanean, eta horren ondorio izan zen erreakzioa.

Protestek erakutsi zuten gizartearen parte handi batek ez zuela kasu bakan gisa ikusten gertatutakoa. Velteren hitzetan, erantzun horren atzean bazegoen aurretik pilatutako memoria kolektibo oso bat ere: «Bazegoen aurreko eraso matxista askoren memoria, baita eraso horiek izan duten inpunitatearenclosezigorgabetasuna pertzepzioa ere. Jende askok sentitzen zuen hori behingoz gelditu beharra zegoela».

Beste fase bat

Bide beretik mintzatu da Iratxe Alvarez Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Nafarroako Plataformako bozeramailea. «Guretzat eraso hura ez zen salbuespen bat izan», zehaztu du. «Aurretik ere gertatu izan ziren talde erasoak sanferminetan; beraz, horrek esan nahi du ez zela kasu bakarra». Kontua da ordurako bazegoela elkarlanean egindako protokolo bat, eta eraso hura gertatu zenean aurrez landutako elementu guztiek bat egin eta «funtzionatu» egin zutela. Erantzuna «bestelakoa» izan zen: «Mugimendu feminista oso ongi antolatuta zegoen, arreta eta laguntza sareak oso protokolizatuta zeuden, eta emakumea oso azkar eta modu egokian artatu zuten».

«Bazegoen aurreko eraso matxista askoren memoria, baita eraso horiek izan duten inpunitatearen pertzepzioa ere. Jende askok sentitzen zuen hori behingoz gelditu beharra zegoela».

Samara Velte EHUko irakaslea

Mugarri hitza askotan erabiltzen da sanferminetako bortxaketaren ondorioez hitz egiterakoan, batez ere gizartearen erantzunari erreparatuta. Garai hartan indar bereziz hedatu zen Nik sinesten dizut leloa, pankartetan, sare sozialetan, mobilizazioetan... Veltek iritzi dio lelo hura elkartasun adierazpen hutsa baino zerbait gehiago izan zela, beste fase bat abiarazi zuela: «Biktima askok topatzen duten lehen oztopoa izan ohi da sinesgarritasunarena. Askok ez dute salatzen uste dutelako ez dietela sinetsiko. Funtsezko urratsa izan zen kolektiboki erabaki izana fase hori gainditu eta sistematikoki sinestea».

Alvarezek ere argi du mobilizazioak beste zerbaiten erakusgarri izan zirela: gizarteak ulertu zuen sexu indarkeria ez dela soilik emakumeen arazoa, gizarte osoarena baizik. «Eta hori izan da urte hauetako lorpenik handienetako bat».

Sinesgarritasuna zalantzan

2017ko azaroan epaitu zituzten bost bortxatzaileak, eta epaiketak bistaratu zuen auzi hura ez zegokiola arlo juridikoari bakarrik. Komunikabide askok auzitan jarri zituzten biktimaren bizimodua, ohiturak, harremanak eta erasoaren ondorengo jokabidea ere. Defentsaren estrategiaren parte izan zen haren sinesgarritasuna zalantzan jartzea. Horren adibiderik ezagunena izan zen bi detektibek closeEspioi lana egiten duten pertsonak.hilabetez zelatatu izana emakumea, eta haren eguneroko bizitza grabatu izana. Helburua zen «bizimodu normala» egiten zuela erakustea, eta, horren bidez, erasoaren ondorio psikologikoak zalantzan jartzea. Velteren esanetan, mekanismo hori ez zen berria: «Biktimaren sinesgarritasuna kolokan jartzea tresna klasikoa da; arreta erasotzaileengandik biktimarengana eramaten da».

«Guk urteak generamatzan hori salatzen, baina, lehen aldiz, jende askok zuzenean ikusi zuen nolakoak diren sexu indarkeriaren inguruko epaiketak»

Iratxe Alvarez Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Nafarroako Plataformako bozeramailea

Alvarezek gogorarazi du mugimendu feministarentzat epaia ez zela ustekabekoa izan, baina gizartearen parte handi batentzat bai. «Guk urteak generamatzan hori salatzen, baina, lehen aldiz, jende askok zuzenean ikusi zuen nolakoak diren sexu indarkeriaren inguruko epaiketak, nolakoak diren emakumeek jasan behar dituzten galderak, nolakoak diren defentsen estrategiak eta zer gogorra den prozesua bera».

Epaia eta legea 

2018ko apirilaren 26an iritsi zen lehen epaia. Nafarroako Auzitegiak sexu abusutzat jo zuen gertatutakoa, eta ez sexu erasotzat. Bederatzina urteko kartzela zigorra ezarri zien bost gizonei. Epaiak amorrazioa sorrarazi zuen kalean, eta milaka lagun atera ziren Ez da abusua, bortxaketa da leloa oihukatzera.

Velteren arabera, ordu horretan jende askok lehen aldiz ulertu zuen Espainiako Zigor Kodeak bereizketa egiten zuela sexu abusuen eta sexu erasoen artean. Haserrea areagotu egin zuen Ricardo Gonzalez magistratuaren boto partikularrak. Epaileak absoluzioa eskatu zuen akusatuentzat, eta gertatutakoa sexu harremanekin lotu. «Eztabaida ez zen bakarrik zer gertatu zen», dio Veltek, baizik eta «zer den indarkeria, zer den bortxaketa eta nola ulertzen ditugun botere harremanak». Haren esanetan, horixe zegoen «jokoan».

Alvarezen iritziz, auziak lagungarria izan zen bortxaketaren inguruan oraindik indarrean zeuden irudi estereotipatuak hausteko: «Indarkeria sexuala oso mitifikatuta daukagu. Askotan irudikatzen dugu kale ilun batean labana batekin agertzen den ezezagun baten eraso gisa. Eta horrek kanpoan uzten du errealitatearen parte handi bat».

2019an heldu zen mugarri juridiko nagusia. Espainiako Auzitegi Gorenak, aurreko epaia zuzendu, eta ebatzi zuen gertatutakoa sexu erasoa izan zela (bortxaketa). Hamabosna urteko kartzela zigorra ezarri zien bost zigortuei. Epai hark argi utzi zuen ez dela beharrezkoa biktimak erresistentzia fisiko aktiboa erakustea intimidazioa izan dela ondorioztatzeko. 

Sanferminetako talde bortxaketaren auzia ardatz nagusietako bat izan zen gerora, 2022an, Espainiako Kongresuak onartutako soilik baietz da baietz legean, onespenaren kontzeptua erdigunean jarri baitzuen. «Lehen aldiz, argi esan zen baimenak aktiboa izan behar duela. Ez dela nahikoa ezezkorik ez egotea; baiezkoa identifikatu behar dela», azaldu du Veltek.

Jatorrizko artikuluak