Txernobylgo hondamendi nuklearra: urtemuga erradioaktiboa

  • 591 hitz

Apirilaren 26an berrogei urte bete dira Txernobylgo hondamendi nuklearra gertatu zenetik. Inoizko istripu nuklearrik larriena izan zen: 31 lagun hil ziren unean bertan, baina beste asko erradioaktibitatearen eraginpean geratu ziren.

Txernobyl Ukraina iparraldean dago. Txernobylgo zentral nuklearra, berriz, hiritik hemezortzi kilometro ipar-mendebaldera. 1986ko apirilaren 26an zentralean zegoen langile taldeak proba bat egitea erabaki zuen erreaktorearen segurtasuna hobetzeko. Zentral nuklearreko laugarren erreaktoreak bat-bateko potentzia igoera bat izan zuen, horrek nukleoa gehiegi berotzea eragin zuen, eta bere barnean bildutako hidrogenoa lehertu egin zen. Hodei erradioaktiboa milaka kilometrora zabaldu zen. Askatu zen material erradioaktiboa Hiroshiman 1945ean jaurtitako bonba atomikoak askatutakoa baino 500 bat aldiz handiagoa izan zela uste dute.

BERRIAko Mantangorri gehigarrian galdera-erantzunen bidez azaldu dute gertutakoa.

1. Zer gertatu zen?

1986ko apirilaren 26an, Txernobylgo (Ukraina) zentral nuklearreko laugarren erreaktorea lehertu egin zen, akats baten ondorioz. Milaka lagun aritu ziren erreaktoreko sutea itzaltzeko lanetan. 31 lagun hil ziren istripua gertatu zen unean bertan, baina beste asko erradioaktibitatearen eraginpean geratu ziren. Hori dela eta, milaka pertsona hil dira ondorengo urteetan, besteak beste minbiziak jota. Apirilaren 26an berrogei urte bete dira inoizko hondamendi nuklearrik larriena gertatu zenetik.

2. Zerk eragin zuen istripua?

Segurtasunarekin lotutako proba batek eragin zuen zentral nuklearreko laugarren erreaktorearen leherketa. Erreaktorea gelditu egin behar zuten konponketa lan batzuk egiteko, eta ingeniariek une hori aprobetxatu zuten proba bat egiteko. Zehazki, ikusi nahi zuten ea kanpoko argindar sorgailuak huts eginez gero erreaktorearen turbinak gai ote ziren behar adina energia sortzeko eta segurtasun sistemak piztuta mantentzeko. Prozesua azkarregi egin zuten, ordea, eta gelditzeko agindu zutenerako berandu zen. Leherketaren osteko suteak hamar egun iraun zuen.

3. Zer da zentral nuklear bat?

Argindarra sortzeko energia nuklearra erabiltzen duen eraikin bat da. Horretarako, zentral nuklearrak erreaktore bat edo gehiago izaten ditu. Energia sortzeko gai diren arren, osasunarentzat eta ingurumenarentzat arriskutsuak diren hondakin nuklearrak sortzen dituzte —erradioaktibitatea, adibidez—, eta horiek ehunka urte behar izaten dituzte desagertzeko. Gainera, hondamendi nuklearren ondorioz, eremu oso zabalak suntsitzeko arriskua dago.

4. Zer ondorio utzi zituen istripuak?


Istripua gertatu eta berehala hustu zuten zentral nuklearraren ingurunea. Zehazki, zentralaren inguruan 30 kilometroko gunea hustu zuten, eta han bizi ziren 130.000 lagun atera zituzten etxetik hamar egunean. Denera, 300.000 pertsonak ihes egin behar izan zuten etxetik. Suntsitutako erreaktorea hormigoizko sarkofago batekin estali zuten, kalteak murrizteko. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 4.000 hildako eragin zituen; beste estimazio batzuen arabera, dozenaka mila izan ziren hildakoak.

5. Bada halakorik Euskal Herrian?

1970eko hamarkadan, Lemoizen (Bizkaia) zentral nuklear bat eraiki zuten, baina ez dute sekula martxan jarri. Proiektu nuklear handiago baten parte zen, eta Ispasterren (Bizkaia), Deban (Gipuzkoa) eta Tuteran (Nafarroa) ere beste hiru eraiki asmo zituzten. Lemoizkoari dagokionez, kontrako protesta ugari izan ziren egitasmoaren aurka, ETAren atentatuak ere bai tartean, eta azkenean asmo hori bertan behera utzi zuten. Garoñako zentral nuklearrak ere zeresana eman izan du Euskal Herrian. Burgosen (Espainia) zegoen hura, baina, Euskal Herritik gertu zegoenez, haren aurkako protesta asko izan ziren. Espainiako Gobernuak 2017an eman zuen hura ixteko agindua.

6. Izan al dira istripu nuklear gehiago?

Bai. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak eskala baten arabera neurtzen ditu istripu nuklearrak, batetik zazpira. Txernobylgo istripuari maila gorena ezarri zion, zazpikoa, alegia. Fukushiman (Japonia) 2011n gertatutako hondamendiak ere maila bera izan zuen. Tsunami batek eragin zuen istripu hura. Historia zehar izan dira beste istripu larri batzuk ere. 1979an Estatu Batuetan Three Mile Island zentralean izan zen istripua, bosteko mailakoa. 1999an Japoniako Tokaimuran izandako hondamendiak lauko maila izan zuen eskalan. 1957an Erresuma Batuko Windscale Pilesen izandako istripua ere historian izandako larrienen artean dago. Bosteko maila izan zuen.

7. Zenbat erreaktore nuklear daude munduan?

Gaur egun 438 erreaktore nuklear daude mundu osoan, eta beste 79 eraikitzen ari dira. Txernobylgo ezbeharra gertatu aurretik 374 erreaktore zeuden martxan, eta 157 ari ziren eraikitzen. Azken bi hamarkadetan hainbat herrialdek zentral nuklearrak ixtea erabaki badute ere, berriz ere indarra hartzen ari dira energia nuklearraren aldeko politikak. Egun munduan ekoizten den elektrizitatearen %9 nuklearren bidez sortzen da.

Jatorrizko artikuluak