Txernobylgo hodeia ezkutatzen ari da

Berrogei urte bete dira gaur Txernobylgo hondamendi nuklearretik. Azken bi hamarkadetan hainbat herrialdek zentral nuklearrak ixtea erabaki badute ere, berriz ere indarra hartzen ari dira energia nuklearraren aldeko politikak.

Txernobylgo laugarren erreaktorea estaltzen duen sarkofagoa, artxiboko irudi batean. SERGEY DOLZHENKO / EFE
Txernobylgo laugarren erreaktorea estaltzen duen sarkofagoa, artxiboko irudi batean. SERGEY DOLZHENKO / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Historiako istripu nuklearrik larriena gertatu zenetik berrogei urte bete dira gaur. 1986ko apirilaren 26an, segurtasun proba batek huts egin ostean, Txernobylgo (Ukraina) zentral nuklearreko laugarren erreaktoreak eztanda egin zuen. Hodei erradioaktiboa milaka kilometrotara zabaldu zen, eta ia Europako herrialde guztietan sumatu zen ezohiko erradioaktibitatea. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 4.000 hildako eragin zituen; beste estimazio batzuen arabera, berriz, erradiazioak eragindako gaixotasunengatik hildakoak dozenaka mila izan daitezke. Gertakari horrek gizartean kezka eragin bazuen ere, 2000ko hamarkadara arte, energia nuklearra gero eta garrantzi handiagoa hartuz joan zen. 2011n, Fukushimako (Japonia) istripua gertatu ostean, hainbat estatuk atzera egin zuten, baina, berriz ere, nuklearren aldeko joera indarra hartzen ari da.

Txernobylgo ezbeharra gertatu aurreko urtean, 1985ean, munduan 374 erreaktore nuklear zeuden martxan, eta 157 gehiago ari ziren eraikitzen. Gaur egun, munduan 438 erreaktore daude, eta beste 79 ari dira eraikitzen; halere, elektrizitatearen ekoizpenean, 1985ean baino pisu txikiagoa du energia nuklearrak. Urte hartan munduan ekoizten zen elektrizitatearen %15 nuklearren bidez sortzen zen; orain, %9.

Energia nuklearraren ekoizpenak 2000ko hamarkadaren erdialdean jo zuen goia, eta beherakada handia izan zuen 2011n, Fukushimako ezbeharrarengatik. Lurrikara batek eta hark eragindako tsunamiak eragin zuten istripu hura, eta are eta gehiago zabaldu zen energia nuklearraren inguruko mesfidantza. Azken urteetan, ordea, berriz ere gora egin du energia nuklearraren ekoizpenak. Berriztagarriak oraindik ez dira gai elektrizitate kontsumoaren parterik handiena asetzeko, eta, erregai fosilen dependentziari aurre egiteko, gero eta gehiago dira energia nuklearraren aldeko neurriak hartzen diren herrialdeak.

Japonia da joera horren erakusgarri. Fukushimako ezbeharraren aurretik, herrialdean kontsumitzen zen elektrizitatearen herena sortzen zuten energia nuklearraren bidez. Istripuaren ostean, itxi egin zituzten herrialdeko 54 erreaktoreak, baina azken urteetan berriz ere martxan jarri dituzte horietako batzuk. Hain justu aurten, istripu horretatik hamabost urte bete diren honetan, berriz ireki dute munduko zentral nuklearrik handiena, Kashiwazaki-Kariwakoa.

Orain, Japonian kontsumitzen den energiaren %10 inguru lortzen dute zentral nuklearretatik. Gobernuaren asmoa da 2040rako portzentaje hori bikoiztea. Izan ere, Tokiok inportatu egiten ditu erregai fosil gehienak —munduan gas natural gehien inportatzen duen herrialdea da, eta laugarrena da petrolioari dagokionez—; eta horien bidez sortzen du kontsumitzen duen elektrizitatearen bi heren baino gehiago. Dependentzia hori murrizteko asmoz ari dira berriz ere nuklearren alde egiten.

Lurrikara batek Kashiwazaki-Kariwa zentral nuklearraren alboan eragindako arrakalak, 2007an. FRANCK ROBICHON / EFE
Lurrikara batek Kashiwazaki-Kariwako zentral nuklearraren alboan eragindako arrakalak, 2007an. FRANCK ROBICHON / EFE

AEBak dira, alde handiz, munduan energia nuklear gehien ekoizten duen herrialdea. Haren atzetik dago Txina, zeinak azken urteetan asko areagotu duen energia nuklearraren ekoizpena. Halere, Washingtonek nuklearren bidez sortzen duen energiaren erdia ekoizten du Pekinek. Egun, 94 erreaktore dituzten martxan AEBek; eta 60, Txinak.

Azken horrek azken urteetan hartu dio aurrea Frantziari —57 erreaktore ditu—; urte luzez hura izan baita, AEBen atzetik, energia nuklear gehien ekoitzi duen herrialdea. Eta gaur egun ere Frantzia da zentral nuklearrekiko dependentziarik handiena duen estatua; kontsumitzen duen elektrizitatearen bi heren sortzen du energia nuklearraren bidez. EB Europako Batasunean, bere kontura jardun du Parisek energia ekoizpenari dagokionez. Azken hamarkadetan Bruselan berriztagarrien aldeko joera nagusitu baita.

EBren jarrera aldaketa

EB ere hasi da energia nuklearraren alderantz mugitzen. Martxoaren hasieran, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Parisen antolatutako goi bileran, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak egindako adierazpenak dira hauek: «Europak huts egin zuen emisio gutxiko energia iturri fidagarri eta eskuragarri batetik aldentzea erabaki zuenean». Eta jakinarazi zuen Batzordeak 200 milioi euro jarriko dituela energia nuklearra sustatzeko. Goi bilera berean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ohartarazi zuen hidrokarburoak «presio eta ezegonkortze erreminta» moduan erabili daitezkeela —Ekialde Hurbileko gatazkari keinu eginez—. Kontrara, energia nuklearrak «subiranotasun energetikoa eta deskarbonizazioa» sustatzen dituela adierazi zuen.

Macronek nuklearra energia «berde» moduan aurkeztu badu ere, energia nuklearraren ekoizpenean hondakin erradioaktiboak sortzen dira. Horiek biltegiratzeak sortzen dituen arazoak eta istripu nuklearren beldurrak zenbait herrialde bultzatu ditu zentral nuklearrak ixtera.

(ID_15879712) FRANCE IAEA SUMMIT
Macron, Von der Leyen eta Grossi, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak antolatutako goi bileran, martxoaren 10ean, Parisen. ABDUL SABOOR / EFE

Alemaniaren kasua da aipagarriena. Fukushimako ezbeharren ostean, Angela Merkel kantzilerraren gobernuak (2005-2021), pixkanaka, Alemaniako zentral nuklear guztiak ixtea erabaki zuen. 2023an itxi zituzten azken erreaktoreak. Oraingo kantziler Friedrich Merzek, aldiz, ez du begi onez ikusten orduko gobernuak hartutako erabakia —kontserbadoreak biak, alderdi berekoak—, eta berriz ere energia nuklearra sortzeko asmoa agertu du.

Espainian zazpi erreaktore geratzen dira martxan, baina Madrilek 2035erako guztiak ixteko plan bat du abian. EBko 27 estatu kideetatik, gaur egun, hamabostek ez dute energia nuklearrik sortzen. Baina Bruselak nuklearren alde egitea erabaki duenetik, bada asmo hori agertu duen herrialderik: esaterako, Polonia lehen aldiz zentral nuklear bat eraikitzen hastekoa da, eta Greziak iragarri du aztertzen ari dela energia nuklearra ekoizten hastea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA