XXI. mendeko sorginkeria

  • Albistea entzun

Kongoko Errepublika Demokratikoko Hego Kivu eskualdeko 28 emakume hil zituzten iaz sorgin izateaz akusatuta. BERRIAko kazetari Maddi Ane Txoperena Iribarrenek han bertan jaso ditu hainbat testigantza.

«Espazio politikoa dinamizatzen duten emakumeak eliminatzeko estrategia berri bat da. Sorginak direla asmatzen dute». Ziurtasunez mintzo da Julienne Basseke Afem Hego Kivuko Emakume Kazetarien Elkarteko koordinatzailea. 

Kongoko Errepublika Demokratikoko Hego Kivu eskualdean egiten du lan Afemek, eta soilik eurek 300 sorginkeria akusazioren berri jaso zuten iaz, eskualdeetan barreiatuak dituzten kazetari komunitarioen entzute-klub taldeei esker. Bassekek gehiago xehatu ditu datuak: «Horietatik 28 emakume izan ziren iaz hilak, heriotzara arte joak. Leku batzuetan jendaurrean erre dituzte, harrikatuak izan dira jendearen aitzineancloseAurrean.. Bertze batzuk noraezean ibiliz zendu dira, euren komunitateek arbuiatucloseBaztertu. baitituzte, eta horrela hil dira. Goiz batez haien gorpuak atzeman dituzte».

«28 emakume izan ziren iaz hilak, heriotzara arte joak. Leku batzuetan jendaurrean erre dituzte, harrikatuak izan dira jendearen aitzinean».

Julienne Basseke (Afem elkartea)

Kazetariak zehaztu du legeak ez dituela «aitortzen» sorginkeria akusazio horiek: «Herri justizia moduko bat da». Eta, horren parean, zigorgabetasuna: «Egileak ez dituzte zigortzen, eta fenomenoak segitzen du». 

Sorginkeria akusazioen gibeleancloseAtzean. askotariko arrazoiak metatzen dituzte horiek egiten dituztenek: izan daitezke iturri jakinik ez duten gaixoaldiak, ala bertzerik gabe enplegu falta. «Gobernuari bota beharrean, emakumeei botatzen diete arazo sozialen errua», azaldu du Bassekek. 

Testigantzak:
«Etxea erre zidaten auzokideek, sorgintzat nindutelako»

LWAMBO CHIZA MAHI / AFEM

Ezer kontatzen hasi aitzin, bere aurpegiera azaldu nahi du Mogolik —izena asmatua da—: «Oso haserre nago. Horregatik nago horrela, triste». Besoak gurutzatuta, serioski baina apal mintzo da duela bederatzi hilabete pasarazi ziotenaz. «Soroan lan egitetik nentorren, eta etxera sartu nintzenean auzokideak nire seme-alabak joak zituen». Eztabaida izan zuen emakume harekin, orduan: «Hark zioen nire seme-alabek bereak probokatu zituztela. Eztabaidan hasi ginen, elkarri irainka». Auzokidea haurdun zegoen orduan, eta abortu bat izan zuen hortik aste batzuetara: «Umea hila jaio zen».

Gizarte Zibilaren erakundearen aitzinean salatu zuen orduan auzokideak. Argudiatu zuen bere ume hilaren erantzulea Mogoli bera zela; eztabaida horren ondorio izan zela abortua. «Agintariek arrazoia eman zioten, eta auzokideek etxea erre zidaten, sorgintzat nindutelako». Gizonak ere baztertu egin zuen, eta bortz seme-alaba zaharrenak harekin hartu zituen, gainera: 20, 19, 15, 12 eta 9 urtekoak. «Bi urteko ume bat ere badut, eta, oraindik bularra ematen diodanez, nirekin atxiki ahal izan dut». 

Kartzelan ere sartu zuten bitarte horretan, herriko buruzagiak aginduta. Hilabetez egon zen han: «Entzute-klub nukleoetako emakumeek Poliziari eskatu zioten ni zaintzeko, herri justiziari ihes egiteko, jendeak eskatzen baitzuen bizirik erre nintzatela». Espetxean ere baldintza txarretan egon zen: «Malaria harrapatu nuen, eta beheitikoa izan nuen. Medikuarengana eraman ninduten orduan, baina gero berriro kartzelara».

«Poliziari eskatu zioten ni zaintzeko, herri justiziari ihes egiteko, jendeak eskatzen baitzuen bizirik erre nintzatela».

Mogoli (sorginkeriaz akusatua)

Gurasoen lurretan eraiki duen etxe txiki batean bizi da orain: «Haiek ongi hartu ninduten, ez dute sorginkeria ezagutzen. Baina mina ematen dit umeak kendu izanak. Ez dut zorionik». Gizona duela hiru hilabete ezkondu da bertze emakume batekin. Seme-alabak, berriz, bisitan joaten zaizkio, gordeka: «Haiek ere ez daude seguru, ez ditut ongi ikusten, zerbait falta zaie». Azaldu du, erraterako, 20 urteko alaba zaharrenak arazoak izanen dituela ezkontzeko: «Mutilei erraten diete: 'Zer eginen duzu sorgin baten alabarekin? Bere amak ume bat hil du!'». Bertze komunitate batera lekutzea du desirarik handiena: «Nire auzoan ez nago seguru, hatz erakuslea nigana zuzendua dute». Baina ez dauka mugitzeko baliabiderik: «Eskatzen diet gobernuari, gobernuz kanpoko erakundeei, lagun nazatela».

LWAMBO CHIZA MAHI / AFEM

«Jendeak bozkatu zuen sorgina nintzen ala ez»

Gerrialdean jarria duen zapi koloretsu batekin xukatzen ditu begiak Bintuk —izena asmatua da—. «Ez dut negar egiten negar egitearen plazeragatik. Lana nuen, soroak nituen, eta gizonak dena saldu zuen sorginkeriaz akusatua izateagatik utzi ninduenean». Bularraldea handizki hanpatuclosePuztu. eta husten zaio arnasa hartzerakoan, eta negar malkoak kontatu berri duena berriro bizi izatearen emaitza direla dio, Hego Kivuko havu hizkuntzan. Sorginkerian sinesten ez duen bertze emakume batek utzi dion lur batean eraiki du lastozko etxola bat, eta hor bizi da, bere 17, 15, 13, 11 eta 9 urteko bortz seme-alabekin batera. «Baldintzak oso txarrak dira. Seme-alabek ez dute oherik, eta lurrean egin behar dute lo».

Bintuk 53 urte ditu, eta duela urtebete utzi zuen senarrak, bizilagunak eginiko sorginkeria akusazioaren ondorioz. «Egun batez komunera joateko ernatu nintzen. Hainbat familiak komun bera erabiltzen dugu». Oihal bat ezarri zuen soinean, gorputza bularretaraino soilik estaltzen ziona —ez sorbaldetaraino—. «Hemen debekatua dago horrela soilik estalita ateratzea, ohitura bat da». Komunera bidean, bizilagunaren alabak ikusi zuen haren ate paretik pasatzen. Amari erran zion, eta hark herriko agintariari: «Buruzagiak deitu ninduen, eta mehatxu egin zidan, urkatuko edo bizirik erreko ninduela. Jendea bozkatzen hasi zen orduan, ni sorgina ote nintzen ala ez». 

 «Umeak ez dira eskolara joaten, ni sorgintzat nautelako, eta bertzeren soroak lantzen ditut».

Bintu (sorginkeriaz akusatua)

Afemek martxan jarritako entzute-klub nukleoetako emakume batek hartu zuen etxean: «Salbatu egin ninduen». Baina amesgaiztoa ez zaio bukatu: «Umeak ez dira eskolara joaten, ni sorgintzat nautelako, eta bertzeren soroak lantzen ditut». Dolar bat ematen diote bizirik irauteko. Segurtasun falta ere erabatekoa du: «Beti beldurrez nago. Ezin dut bakarrik ibili. Komertzio txikian ere ezin naiz hasi, inork ez baitit deus erosten, jendeak beldurra didalako. Ez dator inor nire etxera». 

Kontsolamendu bat du: ez dela bakarra, eta halako bertze hainbat emakume ezagutzen dituela: «Nire etxera etortzen dira hitz egitera, eta indarra ematen diogu elkarri».

Jatorrizko artikuluak