Bintu. Sorginkeriaz akusaturiko emakumea

«Jendeak bozkatu zuen sorgina nintzen ala ez»

LWAMBO CHIZA MAHI / AFEM.
maddi ane txoperena iribarren
Kalehe
2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Gerrialdean jarria duen zapi koloretsu batekin xukatzen ditu begiak Bintuk —izena asmatua da—. «Ez dut negar egiten negar egitearen plazeragatik. Lana nuen, soroak nituen, eta gizonak dena saldu zuen sorginkeriaz akusatua izateagatik utzi ninduenean». Bularraldea handizki hanpatu eta husten zaio arnasa hartzerakoan, eta negar malkoak kontatu berri duena berriro bizi izatearen emaitza direla dio, Hego Kivuko havu hizkuntzan. «Ez balitz entzute-klub nukleoetako emakumeei esker, kalean nengoke». Ez da anitzez egoera hobean bizi, ordea. Sorginkerian sinesten ez duen bertze emakume batek utzi dion lur batean eraiki du lastozko etxola bat, eta hor bizi da, bere 17, 15, 13, 11 eta 9 urteko bortz seme-alabekin batera. «Baldintzak oso txarrak dira. Seme-alabek ez dute oherik, eta lurrean egin behar dute lo».

Bintuk 53 urte ditu, eta duela urte bete utzi zuen senarrak, bizilagunak eginiko sorginkeria akusazioaren ondorioz. «Egun batez komunera joateko ernatu nintzen. Hainbat familiak komun bera erabiltzen dugu». Oihal bat ezarri zuen soinean, gorputza bularretaraino soilik estaltzen ziona —ez sorbaldetaraino—. «Hemen debekatua dago horrela soilik estalita ateratzea, ohitura bat da». Komunera bidean, bizilagunaren alabak ikusi zuen haren ate paretik pasatzen. Amari erran zion, eta hark herriko agintariari: «Buruzagiak deitu ninduen, eta mehatxu egin zidan, urkatuko edo bizirik erreko ninduela. Jendea bozkatzen hasi zen orduan, ni sorgina ote nintzen ala ez».

Afemek martxan jarritako entzute-klub nukleoetako emakume batek hartu zuen etxean: «Salbatu ninduen». Baina amesgaiztoa ez zaio bukatu: «Umeak ez dira eskolara joaten, ni sorgintzat nautelako, eta bertzeren soroak lantzen ditut». Dolar bat ematen diote bizirauteko. Segurtasun falta ere erabatekoa du: «Beti beldurrez nago. Ezin dut bakarrik ibili. Komertzio txikian ere ezin naiz hasi, inork ez baitit deus erosten, jendeak beldurra didalako. Ez dator inor nire etxera».

Kontsolamendu bat du: ez dela bakarra, eta halako bertze hainbat emakume ezagutzen dituela: «Nire etxera etortzen dira hitz egitera, eta indarra ematen diogu elkarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.