Zaldibarko hondamendiaren arrazoiak, lurpetik argitara
Espainiako Gobernuko perituen txostena eskuratu du BERRIAk, eta argi zehazten da bertan zergatik hautsi eta amildu zen Zaldibarko zabortegia: zaborrei ez zieten mintz egokia jarri azpian, eta zakarren altuerak eragin zuen hautsi eta irristatzea.
Ikerketak agerian utzi du kontrol falta. Zaldibarko zabortegiak itxita behar zuela ondorioztatu dute perituek.
Proiektu teknikoetan mamitzen hasi zenetik amildu zen arte, akatsak, utzikeria eta kontrol egokiaren falta pilatu ziren Zaldibarko zabortegian. Espainiako Gobernuko Herri Lanetako Ministerioaren esperimentazio zentroak, Cedexek, epailearen aginduz egindako peritucloseAditu. txostenak agerian utzi du akatsak izan zirela Verter Recycling 2002 SMk kudeatu zuen zabortegiaren ibilbide osoan.
BERRIAk eskuratu du epailearen esku dagoen dokumentu mardul hori, eta xeheki azaltzen du zergatik amildu zen zabortegia duela bi urte, 2020ko otsailaren 6an. Isurtegiaren azpian jarritako geomintza ez zen proiektu teknikoan zehaztutako bera, eta horrek nabarmen gutxitu zuen hondakinen euste ahalmena, hondakinak altuera jakin batetik behera amiltzea eragiteraino. Zabortegia atalka zigilatu ez izanak ere ur emari gehiegizkoa biltzea ekarri zuen, eta horrek eragin handia eduki zuen instalazioaren egonkortasun faltan.