Ismael Manterola
Artea. Begiz

Grecoren ihesa

2013ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Orain dela gutxi arte nire herrian zegoen. Uztailaren 3an, LondreskoSotheby's enkante etxeak 4,4 milioi euroan saldu zuen. Grecok XVI. mendearen bukaeran pintatutako Kristo Gurutzean izeneko koadroa da. Zumaiako Zuloaga museoan 92 urte egon ondoren, betirako galdu dugun ondarea da.

Ignazio Zuloaga pintoreak Zumaiako Santiago Etxea erosi ondoren, pintatzeko lekua eta bildutako koadroentzat museo txiki bat zabaltzea erabaki zuen, garai batean Santiago ermita egondako hondartzan. 1921ean zabaldu zuen urteetan erositako eta bildutako artelanak aterpetzeko museo txikia. Txikia, baina duina, artistaren ingurua, inspirazio iturriak eta gustu pertsonalak islatuko zuen museoa.

Urte asko iraun du Zuloagaren proiektuak, aurreko urtean familiakoek aitonaren ametsa desegitea erabaki arte. Bitartean Zumaiarrok, eta arte zale askok, inpotentzia handiz ikusi dugu gure artean zegoen ondareak ihes nola egin duen. Azken urratsa, museoan zegoen harribitxia Londresen saldu dela jakitea.

Badirudi dena legezkoa dela, jabeek Espainiako Kultura Ministerioaren (zein da kultura ministro, Wert?) onespena zuten artelana estatutik ateratzeko. Zumaiak, Gipuzkoak edo Euskal Herriak kultura ministeriorik ez duenez, ezin izan dugu ezertxo ere esan gure ondarea espoliatzen ari ziren bitartean. Ez da lehenbiziko aldia Zuloaga museoarekin eta Grecorekin. 1956. urtean Zuloagaren ondorengoek El Grecok pintatutako Apokalipsiaren ikuspena izeneko koadroa saldu zuten; gaur egun New Yorkeko Metropolitan Museoan ikus daiteke. Zuloagak marraztuta laga zuen bere lagunen koadro ezagunaren hondoan azaltzea da artelan horren berezitasuna. Beraz, Grecoren bi lan handi galdu ditugu zumaiarrok.

Badakit ez zela herriarena, jabego pribatua ukiezina dela, baina gogoratzen dut azken urtean Lekeitioko triptiko flandestar baten jabeek ezin izan zutela behar bezala saldu, atzerrira ateratzeko baimenik jaso ez zutelako. Horrelako erabakiek, modu batera edo bestera, ondarea defendatzen dute; horregatik Espainiak badaki zer komeni zaion, eta ez dio baimenik ematen zenbait artelani. Euskal Herrian gauza bera egingo bagenu, nazionalistak garela esango lukete.

Ez dakit zer deritzoten Euskal Herriko politika kulturalaren sustatzaileek honelako gertakizunei, baina iruditzen zait beharrezkoa dela kultur ondarea zaintzeko lege egitasmoren bat. Hala ere, badakit zein den erantzuna: ez dugu halako eskumenik. Betiko koskarekin topo egiten dugu.

Demagogia egiteko beldur handirik izan gabe, beti pentsatuko dut kultur ondareak ez duela jabe pribaturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak