Neurriak gogortzeko joera betean, eta are itxialdiaren mehatxua gero eta gertuago dagoen honetan, kulturak aurrera jarraitzen du. Larunbatean, azaroak 7, hasiko da FANT Bilboko zinemaldi fantastikoaren 26. edizioa, eta 12an bukatuko da. Alabaina, jaialdia inauguratu aurreko egunean ere egongo da zer ikusi. Izan ere, Euskal Herriko zuzendarien 10 film labur emango dituzte ostiralean, 19:00etan, Azkuna zentroko auditoriumean.
Mehatxuak mehatxu, egitaraua mantentzeko «intentzioa» adierazi du Gonzalo Olabarria Bilboko kultur zinegotziak, nahiz eta aitortu duen «beste egoera batzuk» ere kontuan hartzen ari direla. Horiek horrela, aurten Internet bidez ere ikusi ahal izango dira jaialdiko ekoizpen batzuk, www.fantbilbaoonline.eus webgunean. Bestalde, ordutegiaren murrizketari egokitzeko, film labur ugari izango ditu aurtengo edizioak, hasierako 10 horietatik harago.