Iazko garailea entzungai Escudero sarien banaketan

Ander Telleriak eta Aitor Ukarrek interpretatuko dute Aurelio Edler-Copesen lana, gaur, Zarautzen

Aurelio Edler-Copes, iazko lehiaketako garailea. GARI GARAIALDE / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Nazioarteko IV. Francisco Escudero Konposizio Lehiaketa azkenera iritsi da, eta gaur egingo dute sari banaketa, Zarauzko Antoniano aretoan (Gipuzkoa), 20:00etan hasita. Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak antolatzen du sariketa, eta aurten lan ugari aurkeztu dituzte Europako hainbat herritako konpositoreek. Esku soinurako piezen sorkuntza sustatzea da lehiaketako helburu nagusia. Obrak esku soinurako zein ganbera musikarako eginak izan daitezke, estreinatu gabeak, eta hamar minutuz azpikoak. Joan den larunbatean amaitu zen aurkezteko epea. Eta gaur jakinaraziko dute lan sarituak zeintzuk diren, epaimahaiak astebetez aztertu ondoren.

Aurrez, baina, egitarau mamitsuarekin gozatu ahal izango dute Antoniano aretora biltzen direnek. Pascal Gaigneren Dialogues pour la Nuit interpretatuko dute Nikola Kerkez soinu jotzaileak eta Erik Lenormans saxofonistak.

Zuriñe Fernandez Gerenabarrenaren Omfavner Stjernene obra emango dute ondoren Ander Telleria soinu jotzaileak eta Aitor Ukar gitarristak. Eta Marko Sevarlicek Joao Pedro Oliveiraren L'Accordion du Diable joko du soinuarekin.

Horren ostean, iazko sariketa irabazitakoak hartuko du hitza, Aurelio Edler-Copesek, eta haren obra irabazlea entzuteko aukera izango da ondoren, Ander Telleriak eta Aitor Ukarrek eskainiko baitute, soinuarekin eta gitarrarekin. Eta amaitzean, orduan bai, orduan jakinaraziko dute aurtengo sariketa irabazitako lanak zein diren.

Irabazleek 1.500 euro jasoko dituzte, eta obraren edizioa ere finantzatuko diete. Aitor Furundarena Hauspoz elkarte antolatzaileko lehendakariaren berbaldiarekin amaituko da ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak