Jorge Rafael Videla (Mercedes,1925) Argentinako diktadoreari eta beste 29 akusaturi bizi arteko kartzela zigorra ezarri die Cordobako Auzitegi Federalak. 31 lagunen hilketa egozten diete.
Era berean, diktadura garaiko hainbatzapaltzaileren aurkako beste bi epaiketa amaitu dira egunotan. Prozesuetako batean, akusatuetako hamabiri bizi arteko kartzela zigorra ezarri die epaileak. Beste lauk, aldiz, 25 urtetako kartzela zigorra jaso dute, eta azken bat absolbitu egin dute epaileak. Diktadura garaian, legez kanpo atxilotutako 1.500 lagunen aurka eginiko 181 krimen ikertu dituzte epaiketan. Beste prozesuan, hiru militar ohiri bizi arteko kartzela zigorra ezarri die Mar de Platako auzitegi federal batek, gizateriaren aurkako krimenak egotzita.
Uztailaren 2an eman zioten hasiera epaiketari Videlaren aurkako epaiketari. Akusatuen aulkian eseri ditu prozesuak diktadura garaiko 29 goi kargu.Akusatuen artean Luciano Benjamin Menendez jenerala dago. Bere lehen epaiketa da honakoa, 1985eko junta militarren aurkako prozesutik.
Kartzeletako lekualdatzeetan presoen ihesaldien simulazioak egiten zituzten eta horietan tiroz hil zituzten hainbat eta hainbat lagun. Horixe ikertu dute prozesu honetan.
Atzokoan jendetza bildu zen Cordobako auzitegien kanpoaldean, epailearen erabakiaren zain. Hiru pantaila erraldoi jarri zituzten epai gelan gertatzen zena zuzenean jarraitu ahal izateko.
1985ean, lehen epaiketa
1976ko estatu kolpearen ondoren hartu zuen Videlak presidentetza. 1981ean, Roberto Eduardo Violak hartu zuen bere tokia, Junta Militarrak aurrez erabakitako bost urteko epea bete ostean. 1985ean prozesatu zuten lehen aldiz Videla. Pertsonen Desagertzeak Ikertzeko Batzorde Nazionalaren emaitzetan oinarrituz, milaka pertsonen heriotzaren erantzukizuna zuela ondorioztatu zuen epaileak, eta bizi arteko kartzela zigorra ezarri zioten. Bahiketak, torturak eta ehunka lagun legez kanpo preso edukitzea ere egotzi zioten orduko hartan.
Dena den, bost urte besterik ez zituen egin kartzelan, izan ere, 1990ean Carlos Menem orduko presidenteak barkamena eman zion diktadoreari. 1998an, baina, aurreko hamarkadan epaitu ez zuten ustezko delituengatik etxean atxilotzeko agindua eman zuten. Presoen haur jaioberriak bahitu eta militarrei eta haien senideei ematea leporatu zioten orduan, besteak beste. Menemen barkamenak ez zuen haren atxilo aldia ekidin, gizateriaren aurkako krimena izanik indarrean jarraitzen baitzuen. 2006an, barkamena baliogabetu zuen epaile batek eta 2008an, giza eskubideen aldeko taldeen eskaerari men eginez, epaileak kartzelara bidali zuen Videla.
Azken alegatuan egotzitakoak onartu zituen diktadoreak, baina ez zuen inolako damurik agertu. Are gehiago, 1976ko estatu kolpea justifikatu zuen, «indarkeria klima jasangaitza» eta «justiziaren eraginkortasun eza» zela eta. Hori horrela, diktadura «terrorismoaren aurkako gerra justua» izan zela azaldu zuen.
Historiako gertakizunen bertsio propioa ere azaldu zion epaileari, diktaduraren erantzule eta protagonista nagusia Argentinako gizartea bera izan zela azalduz. «Gizarteak dei egin zion bere beso armatuari bere defentsan etor zedin», esan zuen Videlak astearteko saioan.
Inoiz baino epaiketa gehiago
2005ean Puntu eta Amaierako Legeak eta Zor den Obedientziaren Legeak deuseztatu zituztenetik, diktadura garaiko kargu ohi gehien epaitu dituzten urtea izan da aurtengoa.
80ko hamarkadaren erdialdean onartu zituen Raul Alfonsin, diktadura osteko lehen presidenteak barkamenaren legeak bezala ezagutzen direnak. Horien ondorioz, bertan behera geratu ziren diktadura garaian eginiko krimenak ikertzeko martxan ziren prozesuak eta gehiegikeriak egiteaz akusatutako ehunka militar zigorgabe gelditu ziren. hemeretzi urteren ostean berriz ekin ahal izan zioten errudunak epaitzeari.
Azken bost urte hauetan, hain zuzen ere, azken egunetako zigortuez gain, 151 militar ohi zigortu dituztegizateriaren aurkako krimenak egiteagatik.
30.000 pertsonatik gora desagertu ziren 1976tik 1983a bitartean iraun zuen diktadura militarrean.
Bizi guztiko kartzela zigorra ezarri diete Videlari eta beste 29 laguni Argentinan
Gizateriaren aurkako krimenak egotzita, beste hamabost militar ohiri zigor bera ezarri diete beste bi epaiketatan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu