Esperanza Aguirre PPkoak 29 urte eta erdiko politikari jarduna uztea erabaki du. Madrilgo autonomia erkidegoko presidente kargua utziko duela iragarri du Aguirrek prentsaurreko batean. Horrez gain, Madrilgo parlamentari izateari ere utziko dio: «Politikari batentzat ezinbestekoa da erretiroaren momentua aukeratzea, eta hauxe da une egokia». «Lehen lerrotik» urrunduko delaesan du. Hala ere, adierazi du politika ez duela «erabat» utziko. Aguirrek ez ditu aipatu PPren alderdiaren barruan azkenaldian izan dituzten tirabirak politika uzteko arrazoien artean. Madrilgo oposizioko alderdiek eta sindikatuek maiz salatu izan dute haren jarrera autoritarioa. Madrilgo gobernuaren kontra manifestazio jendetsuak egin dira aurten, murrizketen harira.
Aguirreren esanetan, bi izan dira erabakia hartzeko arrazoi nagusiak. Batetik, uste du PPren erkidegoko proiektua «sendotuta» dagoela eta politikari gazteei lekua uzteko garaia dela. Bestetik, adierazi du familiakoekin denbora gehiago igaro nahi duela.
Agirreren arabera, ez daude kargua uzteko arrazoien artean Mariano Raxoi buru duen Espainiako Gobernuarekin izandako azken eztabaidak. Azaldu duenez, gainera, «inori baino lehenago» Raxoiri eman dio hartutako erabakiaren berri, eta hark ulertzen diola adierazi dio. Ohar batean Aguirreren ibilbidea goraipatu du Raxoik, eta garai berrirako «zorterik onena» opa dio. PPko idazkariorde Carlos Florianok, berriz, gezurtatu egin du Josu Uribetxebarriaren kasuaren harira alderdiaren barruan sortutako eztabaidek erabakian zerikusirik dutela.
Espainiako Gobernuaren eta Aguirreren arteko desadostasunak behin baino gehiagotan gelditu dira agerian. Haien arteko azken eztabaida Uribetxebarriaren auziaren harira gertatu da. Izan ere, euskal presoari hirugarren gradua ematearen aurka agertu da Aguirre. Haren arabera, hartutako erabakia legearen barruan dagoen arren, legeak beste zirrikitu batzuk ere uzten ditu presoa ez askatzeko, eta, haren iritzian, horiek baliatu behar zituen gobernuak kasu horretan. Batez ere, Jaime Mayor Oreja Barne ministro ohia eta Aguirre izan dira Jorge Fernandez Diaz egungo Barne ministroaren jarduna kritikatu dutenak.
Azken hilabeteetan bestelako hainbat eztabaida ere sortu dira PPren barruan. Esaterako, Aguirrek berriro jarri du mahai gainean tabakoaren aurkako legearen gaia. Hain zuzen ere, Sheldon Adelson AEBetako magnateak Madrilen Eurovegas jokoen gunea eraikitzeko asmoa zuela jakinarazi ondoren sortu zen eztabaida. Egungo legediak debekatu egiten du aisialdi guneetan erretzea, eta, Aguirreren ustez, aldatu egin behar da lege hori. Gobernua, ordea, horren aurka dago.
Gonzalezek lekukoa
Madrilgo erkidegoko presidente kargua Ignacio Gonzalez oraingo presidenteordeak hartuko du. Aguirrek iazko urte amaieran eman zion kargu hori, ordura arteko presidenteorde Francisco Granados kargutik kendu ondoren. Orduan, Raxoiren aldekoek haren aurkako desafiotzat hartu zuten erabakia. Izan ere, Gonzalez Aguirreren hurbilekoa da, eta Raxoiren aurkako jarrera agertu izan du jendaurrean.
2008an PPk hauteskundeak galdu ondoren, zalantzan jarri zuen Raxoiren lidergoa; PP sozialisten «bigarren marka» bilakatzen aritzea egotzi zion. Hori dela eta, zuzendaritzatik baztertu zuten Gonzalez. Horrez gain, Espainiako presidenteak betoa jarri zion 2009an Gonzalez CajaMadrideko presidente izateko aukerari, eta Rodrigo Rato ezarri zuen postu horretan.
Esperanza Aguirrek Madrilgo erkidegoko presidente kargua utzi du
Aguirrek ez ditu aipatu PP alderdiaren barruan izandako eztabaidak politika uzteko arrazoien artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu