ARGENTINA

Jendetza bildu da Kirchnerren hil kaperan sartzeko, eta hainbat herrialdetako agintariak hasi dira iristen

Milaka eta milaka pertsonak gaubeila egin dute Gobernuaren egoitzaren aurrean, eta doluminak mundu guztitik ari dira iristen.

2010eko urriaren 28a
15:52
Entzun
Nestor Kirchner Argentinako presidente ohiaren hilotza Buenos Airesen dago jada, eta eguerdian jarri dute Gobernuaren egoitzan, Etxe Arrosan, hil kapera. Atzo Calafaten hil zen, bihotzeko baten ondorioz, eta gauean milaka eta milaka pertsona bildu dira Etxe Arrosaren atarian hil kapera noiz jarriko zain; Kirchnerren argazkiak, loreak eta kandela jarri dituzte hura oroitzeko. Hil kapera Latinamerikako abertzaleen aretoan jarriko dute.

Hil kapera eguerdian zabaldu dute, eta Latinamerikako agintariak hasi dira bertatik igarotzen. "Egin diezaiokegun omenaldirik handiena berak amestu zuen Latinamerika aberri handia eraikitzeko gure konpromisoa berrestea da, bera horren alde borrokatu zelako. Zuretzat, Nestor: hasta la victoria, siempre", esan zuen Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak ateratzean, Ernesto Che Guevara gogoratuz.



Correarekin batera, Evo Morales Boliviako presidentea egon da, eta iristekoak dira, besteak beste, Txile, Kolonbia eta Uruguaiko presidenteak ere. Doluminak munduko leku guztietatik ari dira iristen Argentinara, tartean, Txinako Gobernuarenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak