Taiwan «era baketsuan» berrizeskuratu nahi duela dio Txinak

Uharteko gobernuak «probokazioa» iritzi dio independentzia eragozteko Pekinek onartu duen legeari

2005eko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Txinako Asanblea Nazional Herrikoiak (Legebiltzarra) urteroko saioa bukatu zuen atzo, diputatuek aurkeztutako proposamen guztiak onartuta. Horien artean oihartzun eta zalaparta handien eragin duen proposamena lege bihurtua Taiwan uhartearen bereizketaren aurkakoa da. Lege horrek aldeko 2.896 boto, kontrakorik ez eta bi abstentzio jaso zituen. Legeak hainbat artikulu ditu eta uhartea Txinaren «batasun eta lurralde osotasunean modu baketsuan eta negoziatuan» sartzea du helburu nagusi. Alabaina, bide baketsuak huts eginez gero «bide ez baketsuak» erabiliko dituela ohartarazten du. Taiwango Gobernuak «probokazioa» iritzi zion Txinako Legebiltzarraren erabakiari.

Bereizketaren Aurkako Legea izan zen kontrako botorik jaso ez zuen proposamen bakarra. 10 egunean eginiko saioan proposamen ugari bozkatu zituzten diputatu txinatarrek, eta guztiakonartu. Lehenik Gobernuak 2004an egindako lanaren eta 2005erako dituen helburuen gaineko txostena onartu zuten, Wen Jiabao lehen ministroak aurkeztuta. Aurreikusita zegoen txosten eta proposamen guztiak onartzea eta hala gertatu zen, baina Herri Auzitegi Gorenaren eta Estatuko Fiskaltza Nagusiaren jardunaz ondutako txostenek jasotako kontrako botoen kopuruak (461 eta 365, hurrenez hurren) harridura eragin zuen diputatu zenbaiten artean. Gobernuaren eta Txinako Alderdi Komunistaren baitan ustelkeriaren aurka egiten ari den lana nabarmentzen zuten bi txostenek.Txinako Legebiltzarrean botoa sekretua da duela hainbat urtetik, baina diputatu gehienak Alderdi Komunistakoak direnez, ez da ustekabe handirik izaten. Legebiltzarrak Jiang Zeminen dimisioa berretsi zuenez, honek boterean zuen azken kargua, Batzorde Militar Nagusiko buruarena, utzi eta Txinako presidente eta Alderdi Komunistako idazkari nagusi Hu Jintaok hartuko du aurrerantzean haren lekua.Diputatuek onartutako Bereizketaren Aurkako Legeaz mintzo, Legebiltzarreko presidente Wu Bangguok esan zuen erakusten duela «herrialde osoaren subiranotasuna eta lurralde osotasuna mantentzeko tenorean herri txinatar osoak duen desio komun eta erabaki sendoa». Legean ageri diren borondate oneko eta bake hitzak, ordea, ez datoz bat Hu presidenteak igandeko saioan Txinako Armadari eskatutakoarekin «gerrarako prest» egoteko eta diputatuek 2005erako defentsarako aurrekontua %12,6 igotzea onartzeko erabakiarekin. Nolanahi ere, zera nabarmendu zuen Jiabao lehen ministroak: «Ez da gerra legea, ezta Taiwango herriaren kontrakoa ere. Baina ez dugu atzerritik inork eskua sartzerik nahi».

Taipeiren erantzuna

Taiwango Gobernuak ez zuen auzia berdin ikusi. Lege berria gogor gaitzetsi eta Pekini ohartarazi zion hark «statu quo-a aldatu eta eskualdeko bakea eta egonkortasuna mehatxatzen» dituela. Taipein agintean den Alderdi Demokrata Aurrerakoiak protestak antolatzeko asmoa iragarri zuen eta Taiwanen independentzia nahi duen Taiwango Elkartasun Batasunak Txinako banderak erre zituen. Oposizioak, aldiz, legea ez dela beharrezkoa eta «Taiwango herritarren sentimenduaren aurkakoa» dela esan zuen. Txinako Auzietarako Kontseilua «Txinako Errepublikaren» (Taiwanen izen ofiziala) defentsan atera zen.

Moskurentzat, legeak tentsioa areagotuko du, baina uhartea Txinako zati dela gogorarazi zuen. Washingtonek, berriz, Taiwan aliatua defendatu eta legeari aurka egingo diola esan zuen.

-

Legearen atal nagusiak





Helburua: Taiwanen independentziaren izenean uhartea Txinatik bereizi nahi dutenei aurre egitea, nazioa «modu baketsuan» berriz bateratzea, Taiwango itsasartean bakea eta egonkortasuna mantentzea, eta Txinaren subiranotasuna eta lurralde osotasuna zaintzea.

Txina bakarra: «Txina bakarra dago munduan. Txina kontinentala eta Taiwan Txina bakarrari dagozkio. Txinaren subiranotasuna eta lurralde osotasuna zaintzea txinatar guztien betebeharra da, baita Taiwango herritarrena ere. Taiwan Txinaren zatia da. Estatuak ez du inoiz ahalbidetuko Taiwan Txinatik ezein izenpean nahiz modutan bereiztea».


Taiwango auzia: «1940ko hamarkadako Txinako gerra zibiletik konpondu gabe geratu da Taiwango auzia. Txinaren barne arazoa da hura konpontzea eta ez dio atzerriko ezein indarri eskua sartzen utziko».


Bateratzea eta autonomia: «Herrialdea modu baketsuan bateratu ondoren, Taiwanek Txina kontinentalarekiko ezberdinak izan daitezkeen sistemak aukeratu eta autonomia maila handia izan ahalko ditu».


Harremanak: Itsasarteko bi ertzek elkar hobeto ezagutzeko eta konfiantza eraikitzeko neurriak bultzatuko ditu Estatuak, baita harreman ekonomikoen ingurukoak zein hezkuntza, zientzia, kultura, tradizio... eta beste hainbat arlotakoak ere.


Negoziazioak: «Bateratze baketsua lortzeko bi aldeen arteko negoziazioak egingo dira, parekotasunean oinarrituta». Besteak beste, bi aldeen arteko erasokortasun egoera ofizialki amaitu nahi du Pekinek, baita bi aldeen arteko harremanen garapena zehaztu ere.


Indarraren erabilera: Taiwango independentistak, «zeinahi izenpean edo modutan», Txinatik bereizten saiatuz gero eta bake bidea itxita egonez gero, Pekinek «baketsuak ez diren moduak» erabiliko ditu «lurralde osotasuna bermatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu