Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Esperimentua

2013ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Zazpi emakumeri eskatu diete kontatzeko ikusten ez dituen erretratu-egileari nolakoak diren. Filmetako horietakoa da erretratu-egilea, gaiztoak harrapatzeko lekukoen hitzetan oinarrituta irudia osatzen duten horietakoa. Bakoitzak nahierara, nahi adina detaile emanez, nahi dituen ezaugarriak nabarmenduz lagundu behar dio. Entzundakoarekin egin du. «Amak esaten zidan kokotz handikoa naizela, edo nire aurpegia potoloa da, borobila, edo esango nuke oso kopeta handia dudala». Emakumeen hitzetako batzuk.

Zazpi emakumeak ezezagunekin elkartu dituzte gero. Horiei eskatu diete ezagutu berri duten emakumearen ezaugarriak deskribatzeko. Pelikuletan bezala, baina ez delituren bat egin dutelako. Erretratu-egileak marraztu ditu berriz ere emakumeak, ezezagunen deskripzioen arabera.

Emaitzak esanguratsuak dira. Emakumeak norberaz egindako hitzezko argazkian dezentez itsusiagoak dira ezezagunek egindakoetan baino.

«Uste duzun baino ederragoa zara» dio iragarkiak. Ze, esperimentu hori iragarki baterako egin dute. Urtetan emakumeoi kokotzaren neurriak, aurpegiaren formak edo kopetaren luze-zabalak perfektua izateko nolakoa behar duen erakutsi diguten iragarki horietako baterako.

Ezin jakin emakume horiek nolakoa ikusiko zuten beren burua etengabe nolakoa behar lukeen erakutsi ez baliete. Iragarki asko behar izan dira geure burua beti-egi ikusteko. Bakarrak ez du mundua aldatuko. Baina lortzen badu gure begi txikiegiak ezezagunarentzat oso urdinak direla jabetzea, bejondeiola.

Ez dira horrekin asko poztuko saltzaileak, noski; eta gutxiago, konturatzen badira gehiago ez erosteko lehendabiziko urratsa izan litekeela uste dugun baino ederragoak garela sinisten hastea. Hala gara. Iragarkiak iragarki.

Esperimentu berak, zazpi gizonekin egin ezkero, izango litu... Ez du balio. Krema hau emakumeentzat bakarrik saltzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak